Bizan sareko kide dira 65 urtetik gorako hamar lagunetik sei. Eta Gasteizko Udaleko adinekoentzako zentroen eragin eremuak hedatzen jarraitzen du. Hamasei zentro ditu egun, eta berriki Florida parkeko Bizan Info gunea gehitu zaie; adinekoei, senideei eta profesionalei arreta zuzena eta pertsonalizatua eskaintzeko helburua du azken horrek. Orotara 400 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu sareak urtero, horietako asko erabiltzaileek beraiek proposatuta edo sustatuta.
Gasteizek 250.100 herritar zituen urte hasieran. Horietatik 72.700 baino gehiago 60 urte baino gehiago dituzte: hamarretik hiru. Gizartearen zahartzeak bizitzaren garai horri heltzeko moduari eragin dio. Gasteizko Udalak bost lan ildo estrategiko markatu ditu, Pilar Valle Bizan sareko arduradunak azaldutakoaren arabera: zahartze aktiboa sustatzea, bakardadeari aurre egitea, belaunaldien arteko loturak jostea, adinkeria borrokatzea, eta adindunen gaineko estereotipoekin amaitzea. Azken ardatz horri heltzeak garrantzi handia hartu ditu azken urteetan. Adinekoek beraiek jarri dute arreta bertan. Izan ere, bertatik dator duela hiru urte gertatutako Bizan sarearen izen aldaketa.
Izenak izana dakarrela esan ohi da. Horretaz jabetuta, Nagusien Zentro Soziokulturalek izen berria bilatu zuten, duela hiru urte, adinekoen zentroen eta zahartzearen gaineko estereotipoak borrokatzeko. Bada, erabiltzaileek euskarazko bi hitzen lotura aukeratu zuten: bizi eta izan. Hor sortu zen Bizan sarearen izendapena. Hiru urte bete ditu izenak, eta nabarmen sustraitu da erabiltzaileen artean, zein hiri osoan.
"Lehen gizonak zeuden agintzen; orain emakumeak aktiboagoak dira"
Pilar Valle (Bizan sarea)
Izen aldaketarekin batera adinekoentzako zentroekiko lotura indartu dela antzeman du Pilar Vallek. "Sarri entzuten dugu ‘Bizan Zaramagakoa naiz’, adibidez; hala ere, sareko eskaintzan edonork parte har dezake: Zaramagakoak Aranan, Sansomendikoak San Martinen…". Horretarako baldintza bakarra dago: 60 urtetik gora izatea, eta Bizan sareko txartela izatea. Edonola ere, belaunaldien arteko loturak indartze aldera, hainbat jardueratan ez dago adin mugarik.
Funtzionamendu "horizontala"
Bide luzea egin dute Bizan zentroek, gaur egunera arte. Gizartearekin batera, eta zahartzaroa bizitzeko moduaren arabera, aldatuz joan dira. 1980ko hamarkadan Erretiratuen Klub bezala ezagunak ziren espazio horiek. 1995ean Adinekoentzako Zentro Soziokultural bihurtu ziren. Funtzionamendua, ordea, antzekoa zen: zentro horiek bazkide batzarren bitartez funtzionatzen zuten. Antolaketa hori nahiko hierarkikoa zela gogorarazi du Vallek. 2009tik, ordea, lan egiteko modua aldatu egin zen, gaur egun mantentzen dena ezarriz.
Funtzionamendu "horizontalagoa" bilatu izan da azken hamalau urteetan, Pilar Vallek azaldutakoaren arabera. Gasteizko Udalak kudeatzen ditu hiriko hamasei Bizan zentroak, baina bertako erabiltzaileek zuzenean parte hartze dute, nagusiki jarduerak proposatzerakoan. "Haiek dira ondoen dakitenak zer nahi duten", azaldu du Vallek. Zentro bakoitzean zortzi batzorde sortzeko aukera dago, eta bertan kudeatzen dira proposamenak. Batzordea sortzeko hiru kide izan behar dira, gutxienez, eta gehienez zortzi. Behin eratuta daudela, proposamenak egiten has daitezke. "Proposamen horiekin agenda osatzen dugu, hilero 200 eta 250 ekintza artean eskainiz".
Zentro bakoitzeko batzorde horiek erabiltzaileen askotariko errealitateak eta nahiak barnebiltzen dituzte. Honakoak dira zortzi batzordeen izenak: osasuna, hezkuntza, ikus-entzunezkoak, irakurketa, eszenikoa, soziala, txangoak eta jolasak. Zentro batzuetan erabaki organo guztiak daude martxan, eta, beste batzuetan, horietatik batzuk. Lan egiteko modu horrek beste eragin bat ekarri du, Vallek azaldutakoaren arabera. Bizan zentroen genero eraginari buruzko lehen txostena egin zuten iaz, eta, parte hartze eredu berriari esker, emakumezkoen presentzia "askoz handiagoa" dela azaldu du. "Garai batean gizonak zeuden aginte organoetan, baina gaur egun parte hartzen duten emakumeak %74 dira; askoz aktiboagoak dira, eta garai bateko aldaketek hori ahalbidetu dutela uste dugu".
Hamaika zerbitzu eta ekintza
Eskaintza zabala eskaintzen du Bizan sareak. Lantegi eta ikastaroak askotarikoak dira: jarduera fisikoetatik gaurkotasunezko gaien gaineko hausnarketa kritikora arte, adierazpen artistikoetatik pasatuta. Batzuk hainbat hilabetez luzatzen dira; beste batzuk egun bakarrekoak dira. Ordainpekoak edota zozketa bidez parte hartzekoak daude, baita doakoak edota zozketarik gabekoak ere.
Esan bezala, erabiltzaileek sustatzen dituzte jarduera asko; Bizan sareak hilero ateratzen duen agendan ikus daitezke guztiak. Hala ere, Gasteizko Udalak beste batzuk proposatzen ditu, programa sozio-motorra kasu. Bertan, besteak beste, erorikoak saihesteko tailerra dago. "Perfil ahulagoa duten 75-80 urtetik gorako pertsonentzat; orotzeak eragin handia izan dezake haien autonomian eta ongizatean", azaldu du Vallek. Horrez gain, Osasun parkeak izeneko jarduera ere badago. "Parkeetan ariketak egiteko makinak jarri genituen, eta astean behin dinamizatzaile bat joaten zen, baina ordutik asko hazi da". Gaur egun, espazio horiek monitore batek gidatutako ariketak egiteko gune bihurtu dira. "Astean behin egiten da, eta, leku batzuetan, 150 pertsona inguru biltzera heldu dira".
"Zahartze aktiboa sustatzea eta bizitza erraztea ditugu helburu"
Pilar Valle (Bizan sarea)
Jarduerez gain, zentroetan bertan hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: ile apaindegia; hemeroteka; irakurtzeko gunean; podologia, oinen oinarrizko zainketa egiteko, eta, arazorik balego, profesionalera bideratzeko… Jantokia ere badago zentro batzuetan. Zerbitzu hori "berezia" dela jakinarazi du Pilar Vallek: gizarte laguntzailearen balorazioa behar duen bakarra da. "Arlo ekonomikoa aintzat hartzeaz gain, bakardadea saihestea bilatzen da; alargun geratu diren gizon asko joan dira, edota kozinatzeko arazoak dituzten bikote oso nagusiak; bizitza erraztea du helburu jantokiak, baina erabiltzaileek autonomo izan behar dute haien kabuz bazkaltzeko".
Jarduera guztiak, baina, Vallek xehatutako lan ildo estrategikoekin zuzenean lotuta daude: zahartze aktiboa sustatzea, bakardadeari aurre egitea, adinkeria borrokatzea, adinekoen gaineko estereotipoekin amaitzea, eta belaunaldien arteko loturak jostea. Loturak sortzeko asmo horretan, Bizan zentroek inguru gertuko errealitatera irekita daudela nabarmendu du Bizan sareko koordinatzaileak. Auzo bakoitzeko eragileekin harremana bilatzen dutela azaldu du, eta elkarlanerako aukerak aztertzen dituztela. "San Martineko bizilagun elkarteak umeentzako ekintzetarako espazioak behar izan dituztenean, Bizan zentroko azpiegitura batzuk erabili ahal izan dituzte".
Erabiltzaileen ezagutzak, motor
Jarduerak proposatzeaz gain, Bizan zentroetako erabiltzaileek beraiek sustatutako ekintzak askotarikoak dira, eta urteetan pilatutako ezagutzetan oinarrituta daude. Tomas Orbea Zelaiak antolatzen dituen ikastaroak horren adibide dira. Bizan zentroetako erabiltzailea da Orbea; emaztearekin dantza klaseetara doa. Ordea, soldatapeko langile zenean, hirien garapen jasangarriarekin lotutako gaien inguruan aritu zen, nazioartean ere. Iaz, gasaren eta argindarraren prezioaren gorakada gertatzen ari zela, energia krisia larritu ahala, Sansomendiko Bizan zentroko zuzendariak bota zion: "Agian zuk hitzaldi bat eman zenezake gaiari buruz".
Hitzaldi batean pentsatzen hasi, eta hamar saioko ikastaro bat egituratu zuten. "Energia krisia garapen iraunkorrarekin lotutako gaia da, klima aldaketarekin, eta gure jarduera eta kontsumo ohiturekin", azaldu du Orbeak. Hamabost eta hogei pertsona artean eman zuten izena. Bada, parte hartzaileek haien ohituren gainean hausnartu zuten. Eraiken LHko ikastetxean eraikuntzarekin lotutako aukeretan sakondu zuten. Zaramagan zaharberritutako etxebizitza batzuk bertatik bertara ezagutu zituzten. Energiaren kudeaketari heldu zioten, Arabako lehen kooperatiba energetikoaren esperientzia ezagutuz. Mugikortasuna izan zuten hizpide. Kontsumoa. Hondakinen kudeaketa. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kideen hausnarketak jaso zituzten, baita Ihobe EAEko Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarenak ere. "Lehen egunetik amaierara arte, parte hartzaileek haien ohiturak aztertu, eta karbono aztarna %5 baino gehiago murriztu zuten".
Ikasturte honetan bi ikastaro prestatu ditu Orbeak. Lehena amaitzear da: Energia krisia, eta garapen jasangarrirako jarraibideak. Urtarrilean hasiko da bigarrena: Energia krisia, eta komunitate energetikoak. Izan ere, lehen lantegian parte hartu zutenek lan handia egin dute ildo horretan. "Parte hartu zutenek ekimen handia zuten, eta, besteak beste, Arabako Komunitate Energetikoen Sarea egiten lagundu dute; hamabi bat komunitate gaude bertan, bizi naizen tokikoa barne".
Etorkizunera begira, adinekoen garapen jasangarriarekin lotutako ohituren dekalogo batean martxan ari da, dantza klaseekin jarraitzen duen bitartean. "Erretiroa hartu nuenetik mundu zoragarria deskubritu nuen; Gasteizen, ezer egiten ez duenak nahi ez duelako da: Bizan zentroak, liburutegiak, gizarte etxeak…