Santos Iñurrieta artista gasteiztarra hil da

Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 19:00

Santos Iñurrieta, 2016ko argazki batean. Argazkia: S. Iñurrieta (Facebook)

73 urterekin zendu da Santos Iñurrieta margolaria, gaixotasun luze baten ondoren. Euskal artearen berrikuntzaren eta abangoardiaren ordezkari izan zen 70. hamarkadatik.

Arabako artea doluz dago. Izan ere, larunbatean zendu zen Santos Iñurrieta margolari arabarra (Gasteiz, 1950), 73 urterekin eta gaixotasun luze baten ostean.

Gaztetan, 1964tik 1967ra bitartean, marrazketa ikasi zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, eta 70. hamarkadan egin zituen bere lehenengo erakusketak; hasieran bere jaioterrian, eta ondoren Arabatik kanpo ere: Bilboko Mikeldi galerian, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxan, Madrilgo Velazquez Jauregian, Faustino Orbegozo Fundazioaren aretoetan...

Abangoardiari eta berrikuntzari lotuta, bakarkako zein taldekako ibilbide oparoa ondu zuen 70. eta 80. hamarkadetan zehar. Urte horietan, Euskal estiloa deituriko joera alde batera utziz figurazio berria, abstrakzioa eta informalismoa nagusitu ziren garaian, Iñurrietak ere iturri horietatik edan zuen. Marrazki sinpleak nagusi dira bere obran; eguneroko bizimodua islatzen dutenak, umorez, kritikotasunez eta ironiaz jositakoak. 

Besteak beste, Gasteizko Orain arte taldean aritu zen, eta bere ibilbidearen hasieran abstrakzioa eta figurazioa baliatu zituen bere curriculum artistikoa osatzeko. 1972an, Euskal Pintura Lehiaketako lehen saria irabazi zuen; 1978an, Faustino Orbegozo Fundazioak bi urteko beka eman zion; eta 1982an Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea lehiaketan lehen saria lortu zuen.

1992. urtean polemika piztu zuen Iñurrietak, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan Agustin Ibarrola artistaren eskultura bat lurrera botatzeagatik. Udaltzaingoak atxilotu egin zuen, eta epaileak hainbat egun espetxeratu zuen Langraizko kartzelan. Margolari gasteiztarrak azaldu zuen protesta ekintza bat baino ez zela, erakusketa horretan dirutza inbertitzen zuten baina gazteen jarduera artistikoa babesteko dirurik ez zuten erakundeen jokabidea salatzeko asmoz.

Azken urteak, Mallorcan

90. hamarkadaren erdialdean, Ibarrolaren lanarekin izandako polemikaren ostean, Balear Uharteetara joan zen bizitzera. Ordutik aurrera, kolore biziek ezaugarritu zuten bere estiloa. Azken hiru hamarkadetan Mallorcako estudio batean lan egin zuen, bere lanak Euskal Herriko erakusketa areto ugaritan aurkeztu zituen arren.

Bere garaian ALEAk jaso zuenez, akrilikoz zein gouachez margotutako 60 margolanez eta 16 marrazkiz osatutako formatu handiko bere azken erakusketa 2017ko irailetik 2018ko urtarrilera bitartean eskaini zuen, Artium Museoan, Ondo ibili (Ke usted lo pase bien) izenburupean. Orduan, Dali, Picasso, Hopper edota Saint Phalle bezalako erreferentziak aipatzen zituzten Artiumeko adituek Iñurrietaren lanaren atzean dauden erreferentziak irudikatzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago