Erakusketa berria inauguratu dute egunotan Gasteizko Artium museoko Iparraldeko aretoan; zehazki, Santos Iñurrieta artista gasteiztarraren margolan koloretsuak egongo dira ikusgai urtarrilaren 7ra bitartean. Denera, formatu handiko 60 artelanek eta 16 marrazkik osatzen dute Ondo ibili lelopean zabaldutako erakusketa.
Protagonista ugari biltzen dira haren lanean. Artista gehienen kasuan kronologia kontuan hartzea beti lagungarria bada ere, kasu honetan bereziki funtsezkoa da artistaren ibilbidea egutegian ondo kokatzea. Modu horretan artistak erakutsi nahi izan duena hobeto ulertu ahal izango da: artistaren ekoizpenak aurrera joan ahala, gero eta elementu gehiago biltzen dira margolanetan. Hierarkiarik gabeko konposizioak dira gehienetan, adituek diotenez.
Gasteiztarra da Iñurrieta, baina Mallorcan bizi da. Datu hori jakinda, berehala ulertzen da kolore bizi horien jatorria. Mediterraneoko argia erabat sustraituta geratu da Iñurrietaren margolanetan. Kromatismoa bere puntu gorenera eramana, finean. Artiumeko zuzendari Daniel Castillejoren hitzetan, "arterik ludikoena ikusi nahi duenarentzat benetako pagotxa da hau". Margolanei darien "hedonismoa" azpimarratu du Castillejok.
Dali, Picasso, Hopper edota Saint Phalle bezalako erreferentziak aipatu dituzte Artiumeko adituek erakusketa honen atzean dauden erreferentziak irudikatzeko. Komikiaren munduaren islak ere aurki omen daitezke erakusketan, komikian bezala, kolore biziez adierazita.
Orain taldea
Gasteizko Orain arte taldean ibilitakoa, bere ibilbidearen hasieran abstrakzioa eta figurazioa baliatu zituen Iñurrietak curriculum artistikoa osatzeko. Artium museoaren funtsetan lehen garai horretan margotutako bi lan ere baziren, eta orain harro txertatzen dira erakusketa berrian.