Maika del Rio gasteiztarra hil da, minbiziak jota, 50 urterekin. Sare sozialetan igotako bideo bati esker ezagun egin zen berea kasua. Kimioterapia tratamendua amaituta, bularreko minbiziari aurre egiteko beste botika batzuk probatzeko eskaria egin zuen, eta laster jaso zuten hedabideek haren mezua. Tratamendua "amaitutzat" eman ziotenean, botika berri bat probatzeko eskaera egin zuen. Bide luzearen ostean, "erabilera errukiorra"-ren bidetik onartu zioten azkenik Talazoparib botika hartzea.
"Askok minbizia borrokatu behar dela esaten dute, eta ez dut uste hala denik. Gaixotasunarekin bizitzen ikasi behar dugu, ez bere aurka egoten, hor jarraituko duelako. Benetako borroka hau izan da nire kasuan, medikamentua lortzea", esan zuen 2022ko martxoan Alean eginiko elkarrizketan.