Balkanetako historia genetikoa argitu du Iñigo Olaldek

Juanma Gallego 2023ko abe. 7a, 17:00

Olalde genetikaz baliatzen da datu historiko eta arkeologikoak osatzeko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Erromatar Inperioaren parte izanda ere, anatoliar jatorria nagusi zen eremuan, Olaldek gidatutako ikerketa baten arabera. Inperioa erori ondorengo eslaviarren etorrera ere berretsi du genetista arabarrak.

Lehen milurtekoan Balkanetako penintsulan bizi izan ziren 146 lagunen antzinako DNAren analisiak lurralde gorabeheratsu horren historia genetikoa azaleratu du. Besteak beste, Erromatar Inperioaren garaian bertan bizi izan ziren lagunen artean anatoliar jatorria nagusi zela erakutsi du azterketa genetikoak, eta VI. eta VII. mendeetan eslaviar herrien ekarpena ere dokumentatu du.

Cell aldizkarian gaur argitaratu dute Iñigo Olalde genetista arabarrak gidatutako zientzia artikulua. Genealogia genetikoa aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu dute hainbat migrazio olatu egon zirela Balkanetako penintsulara, Anatolia mendebaldetik, erdi eta ipar Europatik zein estepa pontikotik.

"Lurralde hori oso garrantzitsua zen, iparraldeko herriekin kontaktuan zegoelako", azaldu dio ALEAri Olaldek. "Ezaguna da VI. eta VII. mendeen bueltan eslaviarrak Balkanetara iritsi zirela, baina ez zen ondo ulertzen aldaketa demografiko indartsua egon ote zen, ala gehienbat ekarpen kulturala izan zen".

Orain DNA mintzo da, eta berretsi du herrien mugimendu garrantzitsua egon zela. "Ekialdeko Europako lagunen etorrera handia dugu datuetan; DNAn ezin dugu jakin zer hizkuntzan hitz egiten zuten, noski, baina bi aldagaiak bat datoz", azaldu du EHUko Ikerbasque zientzialariak.

Bitxia bada ere, eta lurraldea Erromatar Inperioaren parte izan arren, genometan ez dute aurkitu Burdin Aroko Italiako genealogia genetikorik. "Aldiz, anatoliar penintsulan jatorria zuen jende asko aurkitu dugu". Dena dela, hau ez da izan erabateko ezustekoa, aurretik ere antzeko zerbait aurkitu zutelako inperioaren erdigunean bertan. "Aurretiko ikerketek erakutsi dute Erroman bazela anatoliar jatorrizko jende asko. Horregatik, seguruenera anatoliar jatorrizko pertsona horiek Erromatik joandakoak ziren Balkanetara. Baina baliteke ere zuzenean Anatoliatik Balkanetara emigrazioa egon izana. Genetikaren bitartez hori ezin dugu argitu. Baina argi dagoena da inperioarekin batera populazio berriak iritsi zirela Balkanetara".

Erromak presentzia handia izan zuen Balkanetan. Irudian, Pulako anfiteatroa, Kroazian. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Ohi bezala, bertaratutakoen artean ere jatorri bitxiagoak aurkitu dituzte, horien atzean dagoen istorio pertsonalak irudikatzea beste erremediorik ez badugu ere. "Afrika ekialdean —gaur egungo Sudan inguruan— jatorri nabarmena zuen 16-17 urteko gazte bat aurkitu dugu ehortzita. Lucerna edo olio lanpara batekin eta aquila batekin ehortzi zuten. Legionarioa izan zitekeen, baina garai horretan erromatar herritarrek baino ez zuten parte hartzen legioetan. Auskalo, agian soldadu laguntzailea izan zen. Dena dela, Jupiterren sinboloa da ere arranoa; beraz, ez da erraza jakitea. Baina argi dago Nubian jaio zela, isotopoen bitartez haurtzaroan bestelako elikadura izan zuela ikusi dugulako".

Jatorri eslaviar argia zuen emakume bat ere aurkitu dute beste hilobi batean, eta, alboan, haren semea, tokiko aurretiko populazioen genealogia genetikoa ere partekatzen zuena. "Halakoak ikustea oso polita da, jende honen bizitzetan nolabaiteko zoom bat egiteko parada daukagulako", poztu da Olalde. Norabide horretan beste istorio asko etorriko direla aurreratu du, Balkanetan ehortzitako lagun horien gaineko bigarren azterketa bat egiteko asmoa dutelako, bereizmen genetiko gehiagorekin. "Teknikak izugarri hobetu dira urte gutxian, eta askoz datu gehiago eskura izateko aukera ematen digute", azpimarratu du zientzialariak.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago