Lehen sektoreak eta herrietako lurzoruen jabeek eguzki-plakak instalatzeko beren finkak saltzeko eta alokatzeko jasotzen ari diren "presioei" erantzuteko mobilizaziora jotzea deliberatu du UAGAk. Duela aste batzuk jakinarazi zuen nekazarien eta abeltzainen Arabako sindikatuak hainbat salaketa jaso dituela nekazarien aldetik, enpresa energetikoen ordezkariak egiten ari diren "etengabeko jazarpenari" buruz, eta finkak saltzeko edo alokatzeko asmoz, "gezurrak ere zabaltzen ari direla" jabeen artean.
Hala, abenduaren 14an, 12:30ean, Miñaoko parke teknologikoan Solariak duen egoitzaren aurrean, kontzentrazioa deitu du UAGAk "makroenpresa energetikoek erakutsi dutelako euren asmoak lortzeko arma guztiak erabiltzeko prest daudela". Araba Bizirik plataformak babesa adierazi dio UAGAren mobilizazioari.