UAGAk "jazarpena" salatu du enpresa fotovoltaikoen aldetik

Erredakzioa 2023ko aza. 17a, 15:50
Nekazarien kexak jaso ditu UAGAk energia enpresen "jazarpenagatik". ALEA

Komertzialek nekazariak "hertsatu" dituztela esan du sindikatuak, lursailak saltzeko edo alokatzeko.

UAGAk nekazarien egonezinaren berri eman du, herrialdean zabaltzen ari diren proiektu fotovoltaikoen harira. Sindikatuak azaldu duenez, azken egunotan  kezka ugari jaso dituzte afiliatuen partetik, enpresa fotovoltaikoen komertzialak egiten ari diren "etengabeko jazarpenagatik". Azpimarratu dutenez, enpresa horietako komertzialek nekazariak "hertsatu dituzte" beren proiektuetarako lursailak saltzeko edo alokatzeko.

Nekazarien sindikatuaren arabera, komertzialak nekazarien etxeetara joaten dira, "baita gauez ere", eta eguzki-plakak jartzeko lursailak saltzeko edo alokatzeko "presionatzen" dituzte. "Gezurrak ere erabiltzen dituzte, beste bizilagun batzuk kontratuak sinatu dituztela kasu", esan du UAGAk.

Sektorea jasaten ari den "jazarpen politika komertziala" salatu du UAGAk, eta zenbait energia enpresak beren interesak lortzeko "eskrupulurik gabe" eta "harrapakari bezala" jardutea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide