Gidabaimena azkenik euskaraz

Erredakzioa 2023ko abe. 3a, 10:00

Edozein autoeskolak eskaini ahalko du gidabaimena euskaraz. Argazkia: JG/ALEA

Gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala prestatu dute elkarlanean Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak. Guztia online jarri dute, edozein autoeskolak eskaini ahal izateko. 

Gaur egun ziklomotor eta kotxeetarako gidabaimenak euskaraz atera daitezke eta gainera autobus eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala laster egongo da prest. Horrela 15 urtetik gorako ikasleek gidabaimenak euskaraz eskuratzeko aukera izango dute. Materiala Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak prestatu du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Lankidetza horrekin gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortu nahi dute, batik bat gazteen artean eta horretarako "prozesu entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea" diseinatu dute. Lau eskuliburu prestatu dituzte, paperean eta online. Testak ere egongo dira, ordenagailuan, tabletan eta paperean egin ahal izateko. Halaber, material guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala.

Gainera, Jaurlaritzak zein Autoeskolen Federakuntzak nabarmendu dutenez, sortu duten materiala –argazkiak, eredu diren seinaleak, irudiak...– Euskal Herrian kokatuta dago, eta azterketa praktikoko terminologia euskaraz lantzeko tresnak ere eskainiko dituzte.

Lau helburu

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzaren lankidetzak lau helburu nagusi ditu: gidabaimena euskaraz ateratzeko aukerak bermatzea; bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea; euskaraz formakuntza eman ahal izateko, euskarazko material espezializatua profesionalen esku jartzea; eta proiektua bizirik mantentzea, eguneraketak eta berrikuntzak txertatuz.

Zabalkundearen lehen urrats bezala, Durangoko azokan Gidabaimenak Euskaraz postua jarriko du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak egitasmoaren berri eman eta materiala erakusteko, eta ahalik eta ikasle eta autoeskola gehien proiektura batzen hasteko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago