Aitortza Blanka Gomez de Segurari, "bizitza osoa artisautzari emateagatik"

Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 13:18

Blas Arratibel sariketan egin diote omenaldia Gomez de Segurari. Argazkia: AFA

30 urte bete ditu Ollerietako buztingintzaren museoak.

Aldundiak aitortza egin dio gaur Blanka Gomez de Segura zeramikariari, "artisautzari eskainitako bizitza osoagatik", Blas Arratibel artisautza lehiaketaren sariak emateko ekitaldiaren barruan. Gomez de Segurak lanbide, ikerketa eta maisutzako hogeita hamar urte bete ditu 2023an Legutioko Ollerietarako Euskal Buztingintza Museoko buru izaten.

Ordutik, bisitariei XVI. mendetik aurrerako pieza historikoen bilduma zabala, lantegiak eta labe zaharra erakutsi dizkie Gomez de Segurak. "Ondo merezitako aitorpen hau esker ona erakusteko ere bada, hogeita hamar urte hauetan buztingintza lanbidea bizirik edukitzeagatik eta, gainera, aldi honetan erakusketa espazio hau eta lantegiak bisitatu dituzten milaka eta milaka pertsonei zeramikarako grina eta ondo egindako lana transmititzeagatik", adierazi du Cristina Gonzalez diputatuak.

Blanka Gomez de Segurak, azken hogeita hamar urteotan, Euskal Buztingintza Museoa bere lantoki bihurtu du, partikular, enpresa eta jatetxe entzutetsuentzako piezak egin ditu, eta, era berean, Gernika, Handia edo Errementari bezalako filmen atrezzoan lagundu du. Horrez gain, ehunka pertsonari prestakuntza eman die zeramikaren artean, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean aritu da ikerketa lanetan.

Zeramikaren arteari buruzko ezagutza Sargadelos (Lugo), Madril edo Bartzelonako hainbat lantegi eskolatan izandako prestakuntza handitik dator, baina haren jakintza eta inspirazio iturri nagusia Jose Ortiz de Zarate maisu buztingilea izan zen, gaur egun museoak kokaleku duen baserriaren lehenengo jabea. Gomez de Segurak baserri eta antzinako buztinola den hori (1711koa) erosi zuen, eta osorik berreskuratu zuen, lanbidea bizirik mantentzeko asmoz.

Ekitaldi horretan bertan, Aldundiak urtero antolatzen duen Blas Arratibel lehiaketa irabazi duten artisauen izenak eman dira ezagutzera, aitortza egiteko artisautza lan onenei. Ignacio Unanuek eta Gerson San Vicentek jaso dute; saritutako lanak eta gainerako piezak Bibat museoan egongo dira ikusgai abenduaren 10era arte.

 

Erlazionatuak

Zubibarri bidearekin ametsetan

Mirian Biteri 2021 abu 08 Gorbeialdea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago