Blanka Gomez de Segura

Zubibarri bidearekin ametsetan

Mirian Biteri 2021ko abu. 8a, 14:00

N-240 errepidearen berritzearen obrekin agertu da Zubibarri zubia, Ollerieta auzoan.

Ollerietako Euskal Buztingintza Museoa, agertu berri den Zubibarri zubia eta Keturako gotorlekuak batzen dituen bidea aukeratu du Blanka Gomez de Segura buztingileak.

Araban artisautzaren berpizkunderako apustu irmoa egin duen emakumea da Blanka Gomez de Segura Pierola. 1952. urtean Zeanuriko Zubizabal baso-etxean jaio bazen ere, Markina-Xemeinen eman zuen haurtzaroa eta baita gaztaroa ere. Ikasketa tekniko administratiboak eta delineazioa egin arren, 1978. urtean, bere prestakuntza profesionala zeramikara bideratzea erabaki zuen, lehenengo Madrilen eta ondoren Ondarroako Kresala eskolan.

Urtebete beranduago, Markinako Arte-Eskolaren sorreran parte hartu zuen, eta han eskolak eman zituen 1982tik 1987ra bitartean. Garai hartan, Elosuko (Legutio) Ollerieta auzoan geratzen zen azken buztingilea ezagutu zuen, Jose Ortiz de Zarate Garmendia; berak bere ondarea eta ogibidea transmititu zion. Gomez de Segurak Ollerietan jarraitzea erabaki zuen: Ortiz de Zarateren buztinola eta labe tradizionala zaharberritu zituen, 1711. urteko Euskal Herrian kontserbatzen den bakarra, eta Euskal Buztingintza Museoa jarri zuen martxan 1993. urtean. Handik, antzinako eltzegile arabarren eta zeramistetako belaunaldi berrien arteko zubi lana egiten jarraitzen du gaur egun ere. 

Zubibarri zubia

Eta hain justu ere, etxetik gertu duen zubi batekin dago lotuta bere toki kuttunetako bat: Zubibarri zubia. Undabe erreka Zigoitia eta Legutioko udalerriak fisikoki banatzen ditu eta bi aldeak elkartzeko Zubibarri zubia eraiki zuten 1843 eta 1845 urteen artean. Zehazki, Gasteiz eta Bilbo arteko N-240 errepidea eraikitzearekin batera egin zuten Martin Saracibar arkitektuak proiektatutako zubia. Santa Engrazia urtegia egin zenean, baina, errepidearen trazadura berria etorri zen, eta Zubibarri zubia lur azpian geratu zen. Azken hilabeteotan Ollerieta inguruan N-240 errepidea berritzeko egindako lanekin argia ikusi du berriro ere zubiak: "200 urtetik gora dituen zubia azaleratu da, baina obrek iraun duten bitartean, basakeriak egin dituzte eta oso egoera txarrean utzi dute zubia; ez du inongo babesik", arbuiatu du Gomez de Segurak.  

Ibilbide zirkularra

Zubia agertzea aitzakia izan da ingurunetik ibilaldi berri bat egin ahal izateko: "Ibilbide zirkular hori gaur egun, oraindik ere, amets bat da, ziurrenik denborarekin errealitate bihurtuko dena. Zubibarri zubia bitartez, Ollerietako museoa, Espainiako gerra garaian errepublikarrek erabilitako Keturako gotorlekuak, Etxaguen, Gorostiza auzoa, Elosu eta berriro ere Ollerieta elkartzen ditu; denera, bospasei bat kilometroko luzera izango du", azaldu du Gomez de Segurak.  
Gogorarazi du N-240 errepidearen konponketak Ollerieta bitan moztu duela, bertatik pasatzen diren ibilgailuak abiadura bizian doazelako eta ezinezkoa delako alde batetik bestera joatea. "Egoera honen aurrean, inguru honetatik oinez ibiltzen garenontzat polita izango litzateke horrelako bide bat izatea", azpimarratu du.  

Gomez de Segurak gertukoa ezagutzearen alde egin du: "Guk buztingintza museoa zabaldu genuenean ez genuen ireki kanpoko jendearentzako. Turistak badatoz, baina gure ume eta gazteentzat dago bereziki zuzenduta. Jakin behar dugu zer dugun eta inguruan zer gertatu den gureaz jabetzeko eta defendatzeko. Eta Zubibarri zubia lotura-puntua da, oinezkoentzako pasabidea, ondare-elkargunea eta elkargune historikoa izan daitekeena".  

Kolapsatzeko arriskua

Ametsa errealitate bilakatzeko lanean ari dira dagoeneko. Euskal Buztingintza museoko arduradunak nabarmendu du eragile ezberdinekin elkartu direla, hala nola, Josu Santamarina arkeologo eta ikerlariarekin, ibilbideen gaineko tesi doktorala egiten ari den Francesc Diez Sant' Ana arkeologoarekin edo Zigoitiko Abadelaueta elkarte etnografikoarekin. Legutioko eta Zigoitiko Udalekin zein Jaurlaritzarekin ere harremanetan jarri dira: "Lehenik eta behin, Zubibarri zubia babestu behar da, ura sartzen delako eta ondorioz, kolapsatu daitekeelako. Premiazkoa da neurriak hartzea jausi ez dadin; kontserbazio proiektu txiki bat egin behar da, arkuaren goiko aldea iragazgaiztea ezinbestekoa da. Auzolanean egin daitezke lan horiek", amaitu du esaten. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago