Euskal kulturaren transmisioan etorkizunera begira izan daitezkeen kezka eta erronkei heldu diete GEU elkarteak antolatutako Kultur-Ola jardunaldietan. Besteak beste, hezkuntzaren esparrutik jorratu daitezkeenak mahai gainean jarri ditu Alaitz Amundarain irakasleak Nola sustatu euskarazko kultura eskolako bestelako ikasgaien bitartez izeneko hitzaldian. Aipatutakoen artean, euskal kultura, euskararekin batera, "txiki-txikitatik lantzeko bermeak" eskatu ditu.
Bermatzen al da gaur egun euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza eskoletan?
Argi dago ez dela nahikoa bermatzen. Hasteko, hizkuntza bera ez dugu behar bezala irakasten; inkestek argi erakusten dute Euskal Herriko ikasleek ez dutela euskara maila nahikorik, eta, beraz, bestelako edukirik jasotzea oso zaila da, baita kultura edukiak ere. Azken urteetan euskara ikasgaiak Euskara eta literatura izena izan duen arren, hizkuntza bera lantzeko bakarrik erabili da, eta beste guztia alde batera utzi izan da.
Ez dut esan nahi euskal kulturaren inguruko jarduerak egiten ez direnik edo saiatzen ez garenik, baina egunerokotasunak, edukia emateak, curriculumaren inguruan aritzeak hori ekarri du. Azkeneko urteetan euskara ikasgaiari utzi zaio lan hori, euskal kulturaren transmisio lan hori egitearena, eta, aldiz, uste dut irakasle guztiok transmititu behar dugula euskal kulturzaletasuna. Ezin du irakaslearen araberakoa izan; euskal curriculumean oinarritutako lanketa egin beharko genuke gure ikastetxeetan, eta hori ziurtatuta izan. Bigarren Hezkuntza amaitutakoan, ordea, zenbaterainoko maila eduki beharko lukete? Zer jakin beharko lukete gure ikasleek euskal kulturaren inguruan? Ez dakigu, ez dago adostuta, eta ongi legoke hori denon artean erabakitzea eta horren arabera lantzea.
"Zer jakin beharko lukete ikasleek euskal kulturaren inguruan? Adostu beharko genuke"
Aurreko belaunaldien aldean, eten bat izan da?
Garrantzitsua da euskara eta kultura bateratuta transmititzea, aipatu moduan, baina argi dago ez dela eskolaren eginkizuna bakarrik, hezkuntza komunitate osoaren lana baizik. Duela urte batzuk familiek aukera zuten belaunaldiz belaunaldiko transmisioan eragiteko, baina familia mota desberdinak ditugu gaur egun Euskal Herrian, hori aldatu egin da, hori ez da posible, ez da bermatzen, eta hezkuntza arautuak garrantzi handia jarri beharko lioke euskal transmisio horri.
Ariketa arin bat egingo bagenu ikasleen artean... Nor da Mikel Laboa? Nork ikusi du 'Irati' pelikula? Ezagutzen duzue Maialen Lujanbio?
Emaitza segur aski nahiko eskasa izango litzateke. Egia da EAEko ikastetxeetan bertsolaritza dexente lantzen dela, Bertsozale elkartearekin ikastetxe askok akordioa dutelako eta bertso mundua lantzen dutelako, baina, halere, beharbada Lujanbio nor den oso gutxik erantzungo luke. Baina, galderari buelta emanez, hasteko jakin beharko genuke ia irakasleok ere ikusi ote dugun Irati pelikula edo Mikel Laboa eta Maialen Lujanbio ezagutzen ditugun; espero dut irakasleok artista horiek ezagutzea, baina beharbada ez ditugu ezagutzen momentu honetan euskal kulturan dauden artista desberdinak, hasi musikarietatik eta arte eszenikoetara. Gure kasuan, zenbateraino ezagutzen ditugu Gasteizko artista desberdinak, orain gauza berriak egiten ari direnak? Kontziente izan behar dugu, lehenik eta behin, zein den egoera euskal kulturaren transmisio horretan. Gu izan behar gara ikasleen artean kultur zaletasuna sustatuko dugunak, eta, era horretara, kulturzale bihurtuta, joango dira pixkanaka-pixkanaka euskal kulturara ere hurbiltzen. Eta gure gazteei zer transmitu beharko geniekeen adostea garrantzitsua litzateke, hezkuntza eta kulturgintza aldetik adostea.
Nola txertatu daitezke euskal kulturaren edukiak hezkuntzako jardunean?
Curriculumak berak zehaztuta izan beharko luke kultur transmisio hori, hezkuntza komunitate guztira hel dadin, ikastetxe guztietara, irakasle guztiek jakin dezaten zer eman behar duten. Eta hori ez dago adostuta eta ez dago idatzita, eta askotan irakaslearen araberako horretan uzten da. Euskal curriculumean txertatuta egon beharko lukeela argi dago, eta orain gainera ikusten ari gara behar hori; nahiz eta hiru urtez aritu diren Hezkuntza Legea lantzen, segur aski ez zaio hainbesteko garrantziarik emango euskal kulturari, edo ez da zehaztuta egongo, eta beharko luke. Baina, bestalde, Kultur-Ola jardunaldietan aipatu dugu ezin dugula zain egon; monentu honetan, adibidez, marko berria lantzen ari garen honetan ikastetxe guztietan, aukerak egon badaude ikas-egoerak prestatzerako garaian edo proiektu komunitarioak lantzerako garaian, euskal kulturaren transmisioa hor ere zehar lerro bezala lantzeko; hau da, ez uztea kultura euskara ikasgaian bakarrik lantzeko edo dantzak heziketa fisikoan lantzeko, baizik eta ikas-egoerak antolatzerako garaian, izan matematika, teknologia edota euskara gaietan ere, euskal kulturaren ikuspuntutik egin daitezkeen ikas-egoerak osatzea. Era honetara irakasle guztiak bihurtuko gara kultur eragile. Proiektu komunitarioetan ere, bakoitzak bere herriarekin eta han dauden elkarteekin egitasmoak egin ditzake; Gasteizen, esaterako, aukera handia daukagu euskal kulturaren inguruan lanean ari diren erakunde eta taldeekin zerbait lantzeko.
"Hasteko, jakin beharko genuke irakasleok euskal artistak ezagutzen ote ditugun"
Zer baliabide behar da horretarako? Bada baliabiderik irakasleak kulturan trebatzeko?
Egia esan, Iralen R600 ikastaroa dago irakasleentzat, baina hori eskatzeko plaza finko bat izan behar duzu eta tokatu egin behar zaizu. Beste alde batetik, badaude elkarte desberdinak, Hik Hasi edo UEU modukoak, ikastaroak antolatzen dituztenak, baina horiek ere irakaslearen esku geratzen dira; euskal kulturaren inguruko kezka baldin badute, parte hartuko dute, baina argi dagoena da irakasleari baliabideak sistematikoki eskaini behar litzaizkiokeela, eta ez bere borondatearen arabera. Esango nuke ez dagoela baliabide nahikorik; euskal gobernutik landutako materiala eskaini beharko liekete ikastetxeei. Eta ez utzi beraien nahiaren edo kezkaren arabera, edo kezkarik ez badute lantzeko aukerarik eman gabe. Halere, berriz diot, adostu beharko genuke ikasleak euskal kulturaren inguruan zer jakinda atera behar duen; txiki-txikitatik landu beharrekoa da euskal kultura euskararekin batera, ezin dira banatuta ulertu.