Euskaltzaindiaren Mintzola bekari esker, ahozko komunikazioan euskara eta gaztelania nahasten direlako fenomenoaren ikerketan sakondu du Mikel Perez Gonzalez (Barakaldo, 1995) euskal hizkuntzalariak. EHUko Elebilab ikerketa taldean aritu ostean, orain Emun kooperatiban euskara aholkularia da, baina ikerketaren mundura lotuta jarraitzen du.
Has gaitezen hasieratik. Zer da kode alternantzia?
Diskurtso berean bi hizkuntza edo gehiago konbinatzeari deitzen zaio kode alternantzia. Alegia, jendartean euskañol edo spanglish deitzen zaion hori modu akademiko batean izendatzeko erabiltzen dugun modua da. Fenomeno konplexua da, eta praktikara eramateko, modu bat baino gehiago dago. Izan daiteke, adibidez, esaldi artekoa —esaldi bat euskaraz eta beste bat gazteleraz— edo esaldi barrukoa —kontzeptu bakar batzuk beste hizkuntzan sartuta—.
Hitzordu hau lotu dugunean aurreratu dizut elkarrizketa egingo genuela sobre la marcha. Halakoei buruz ari zara?
Bai. Azken finean gakoa da nagusiki hizkuntza batean ari zaren bitartean beste hizkuntza bat txertatu duzula. Baina, esan bezala, ez dago modu bakarra hori egiteko. Ikerketek erakutsi dute ez dela modu arbitrarioan egiten: murriztapen gramatikal batzuk badira, adibidez. Ez da ausaz egiten den zerbait, fenomeno konplexu baten ondorioa baizik. Gerta daiteke ere gaztelaniaz nagusiki egiten ibiltzea, eta euskaraz txertatu izana: tengo que hacer los etxekolanas.
"EUSKARA MAILA ALTUAGOA AITORTZEN DUTENEK GAZTELANIA GUTXIAGO TXERTATZEN DUTELA DIOTE"
Hau diglosia egoeratan baino ez da emango, ezta?
Ez, denetarik dagoela ikusten da. Ematen du oinarrizko patroia dela gutxienez komunitatea elebiduna izatea; alegia, hizkuntza bat beste batekin bederen kontaktuan egotea. Behin baldintza hori ematen dela, ikerketek diote oso ohikoa dela bi hizkuntzaren edo gehiagoren artean txandakatzea. Zuk planteatzen duzun puntu hori eztabaidagai dago. Diglosia egoeretan batek pentsatu dezake euskaraz egin bitartean gaztelania txertatzen dugula, baina gazteleraz egin bitartean euskara ere txertatzen da. Ez nintzateke ausartuko esaten diglosiari bakarrik esleitu dakioken fenomeno bat denik. Egia da kontuan hartu beharreko faktorea dela, baina hiztun batek hizkuntza bat baino gehiago daukan momentutik aurrera, pentsatu behar dugu bigarren baliabide bat baduela, solaskideak bi hizkuntza horiek menperatzen baldin baditu, txandakatze hori eman daiteke, diglosia egon gabe. Kontua da euskara hizkuntza gutxitua denez, zaila egiten zaigula egoera hori irudikatzea. Gerta daiteke, adibidez, gaiaren arabera hizkuntza bat edo beste erabiltzea. Beste gizarte batzuetan aurkitu daiteke hau. Beraz, diglosia faktore bat da, baina ez bakarra.
Ez gara hitz egiten ari maileguez, ezta? Aizu, bro eta halakoak esaten dituztenean...
Ez. Hor ere eztabaida terminologikoa dago, baina nik eta nire inguruko ikertzaileok egin dugun hautua izan da horiek mailegutzat hartzea. Hor beti egongo da trantsizio bat, eta zaila izango da identifikatzea ea mailegutza ala kode alternantzia dagoen. Baina diskurtso mailan nahiko identifikagarria da. Egia da kode alternantzia mota bat etiketa bidezkoa dela. Hor modu sistematikoagoan makuluak sartzen ditugu gure diskurtsoan, etengabean.
Eta horiek denborarekin benetako mailegu bilakatu daitezke? Haserre gaudenean joder asko sartzen baditugu, hiru urte barru Euskaltzaindiak hori onartzea?
Bai, noski. Batzuetan akademiak hartzen ditu eguneroko hizkeran sartutakoak. Adibidez, segun, erregistro informalean, zuzena da, eta asko erabiltzen da.
"KALEAN ETA JAI GIROAN EGITEN DA KODE ALTERNANTZIA GEHIEN; GUTXIENA, AURKEZPENETAN"
Nola daramazu Mintzola beka? Zer ondorio atera dituzu?
Lan monografiko bat egiteko diru laguntza da Mintzola, eta hainbat lan bultzatzen ari dira. Izan ere, Euskaltzaindiaren jomuga edo kezka-gaia ahozko jarduna da. Nire kasuan, 2024ko otsailean argitaratuko da Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan ikerketa, baina aurretik ere landu dut kontua, master amaierako lanean. Berez, euskara-gaztelania elebidunen kode alternantzia ikertzen dut, baina fenomeno horretan hizkuntza gaitasunak zer nolako eragina duen ezagutzeak pisu handia du oraingo ikerketan. Bereziki hizkuntza gaitasunak ba ote duen eraginik. Online galdetegi batean 305 lagunek emandako erantzunetan oinarritzen da ikerketa. Datu aitortuak dira. Ikusi dudana da euskara gaitasun handiagoa dutela diotenek nagusiki euskaraz egin bitartean kode alternantzia gutxiago erabiltzen dutela, besteekin alderatuta. Alegia, euskara gaitasun altuagoa dutenek gutxiago sartzen dute gaztelania. Kontrara, euskara gaitasuna zenbat eta baxuagoa dutela esan, orduan eta gaztelania gehiago txertatzen dute euskaraz ari diren bitartean. Horrek ez du esan nahi euskara maila altuagoa aitortzen dutenek kode alternantzia erabiltzen ez dutenik. Hau inportantea da, askotan pentsatzen dugulako kode alternantzia euskara gaitasun baxua dutenek baino ez dutela erabiltzen.
Ikerketa honetan, nola neurtu duzu gaitasuna?
Galdetegian parte hartzaileei galdetzen zaie 1etik 5era zer gaitasun duten euskaraz. Baina beste modu batean ere galdetu zaie: ea kapazak diren euskaraz edo gaztelania hutsean egiteko. Modu honetan galdetuta ikusten da nagusiki euskaraz egin bitartean kode alternantzia gehien erabiltzen dutela euskara hutsean asko kostata egiten dutenek eta euskara hutsean gai ez direnek. Estatistikoki berresten da, beraz, intuizioak esaten diguna. Beraien euskarazko diskurtsoan gaztelera gehiago txertatzen dute euskara hutsean asko kostata egiten dutenek eta euskara hutsean ezgai direnek.
Erabilera tokiaren eta unearen arabera ere aldatuko da, ezta? Irratian egongo banintz, ez nizuke modu berean galdetuko...
Bai, egoera komunikatiboaren arabera aldeak daude, eta hori ere ikertu izan dut. Ikusi dudanagatik, kalean eta jai giroan ematen da kode alternantziaren erabilera aitorturik handiena, eta txikiena klaseko ahozko aurkezpenetan. Bi muturrak dira, nolabait esateko. Modu oso esanguratsuan, askoz gaztelera gutxiago txertatzen da klaseko ahozko aurkezpen batean. Kaleko jai giroa da, esan bezala, egoera komunikatiborik idealena hiztunek kode alternantzia erabiltzeko. Nagusiki gazteleraz zein euskaraz ari diren bitartean; bietan. Baina egia da euskaraz egin bitartean gehiago txertatzen dela gaztelania, kontrakoan baino. Eta hau lotuta doa hasieran egin duzun diglosiari buruzko zure galderarekin. Alegia: konparatzen baldin baditugu bi alternantzia motak, estatistikoki esanguratsua da hiztunek gehiago txertatzen dutela gaztelania euskaraz nagusiki erabili bitartean.
Intuizioarekin bat dator.
Bai. Baina, dena dela, eta gazteleraz ari denean euskara txertatzen duen jende gutxiago egon arren, biak erabiltzen dira. Zenbakietara eramanda, nagusiki euskaraz egin bitartean gaztelania txertatzen dute %65,9k. Nagusiki gazteleraz egin bitartean euskara txertatzen dute %55,1ek. Alegia, hori ere erditik gora dago. Baina estatistikoki alde esanguratsua dago. Nik batez ere gaitasunean jarri dut fokua, baina abanikoa konplikatzen da gehiago, adibidez, erregistroak sartzen baldin baditugu. Euskara batua bakarrik darabilzu, ala euskalkiren bat ba al duzu? Hori ere aztertzen ari naiz, eta intuizioak esaten diguna berretsi dute datuek. Euskaraz batuaz hitz egiten denean txertatzen da gaztelania gehiago.
Eta solaskideak zerbait ulertuko ez duela uste duzunean? Adibidez, adituen ebaluazioa esaten dudanean, peer review gehitzen dut beti, lehenarekin agian ulertuko ez zaidalakoan...
Noski, horrelakoak ere izaten dira. Dena den, eta halako erabilerak ere dituen arren, kode alternantzia fenomeno estigmatizatua da; batzuen artean behintzat, gaizki ikusita dago. Eta hor beste galdera interesgarri bat dago. Super mega euskalduna baldin bazara, euskalkiduna, eta ez baldin bazara, zu eta biok bezala, de la periferia, igual inkesta batean esaten duzu ez duzula erabiltzen. Baina, norberak aitortutako erantzunak direnez, erabiltzen ez dutela diotenek benetan ez dute erabiltzen? Gero ikusten da, adibidez, jarrera hobea izaten dutela testuinguru erdaldunetakoek, eta jarrera okerragoa testuinguru euskaldunetakoek. Eta okerrago ikusten dute ere etxetik euskaldun direnek etxetik erdaldun direnek baino.
Hizkuntzarekiko purismoa ere tartean egongo da, ezta?
Hori da. Hor ere ikusi beharko genuke purismoak eragiten duen ala ez. Ikusten duzunez, galdera pila sortzen dira, eta argi dago hau gehiago aztertu behar dela.
Etorkizunari begira, maila pertsonalean, zer asmo dituzu?
Gauzak iritsi ahala erabakiak hartzen noa. Euskaltzaindiak kode alternantziarekiko interes bat duela argi dago: ikusi dute honen azterketa interesgarria dela jakiteko zer gertatzen ari den. Arabako Foru Aldundiarekin ere lanean ari naiz. Edozelan ere, gaiari lotura jarraitzen dut, eta EHUrekin kontaktuan nago. Euskara aholkulari gisa lanean ari naizen arren, ikertzaile sena ez zait kentzen. Kode alternantzia non, Mikel han!