Milaka lagun, zaintza eredua iraultzen hasteko

Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 09:04

"Hau hasi baino ez da", iragarri du mugimendu feministak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokorraren amaieran. Gaurko egunak antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dituela uste dute.

Etxeko eta zaintzako langileak, nagusien egoitzetako langileak, senideak, pentsionistak, ikasleak... Euri zaparrada ez da oztopo izan, eta milaka lagun elkartu ditu Gasteizko arratsaldeko manifestazioak zaintza sistema publiko-komunitario baten alde. "Historikoa izaten ari da! Biba gu!", oihukatu dute jendez lepo bete den Andre Maria Zuriaren plazan.

Denbora igaro da zaintza krisiaren inguruko kezka mahai gainean jarri zutenetik, eta pandemiak are ageriago utzi zuen jada kolokan zegoen sistema, manifestazioan gogoratu dutenez. "Sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude. Eta nahikoa da! Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posible delako!".

Martxoaren 8an egindako greba feministekin zaintza lanak agenda politikoan kokatu zituzten, baina gaur aldarriak kalera ateratzea garrantzitsua izan dela nabarmendu dute, "zaintza erregimen bidegabe hau" babesten dutenei interpelatzeko: "Instituzioak eta alderdi politikoak, enpresa mutilnazionalak, eta baita eremu honetan inolako ardurarik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko".

Euskal Herriko zaintza-erregimena "familiakoa eta erabat asistentzialista" dela azpimarratu dute, zehazki, emakumeak dira zaintza lan horiek burutu behar dituztenak, eta oso murritzak dira, era berean, zaintza beharrak asetzeko eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzu publikoak, salatu dutenez. "Gainera, zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira. Zaintza negozioa bilakatu dute, azpikontratazioen bidez merkatu pribatuaren esku utzi dituzte eta zerbitzuen langileon lan baldintzak prekarizatu dituzte". 

Egungo sistema "kolapsatua" dago eta ezinbestean, berehala, egoera larriari buelta eman behar zaiela esan dute. "Eta ez hori bakarrik, epe luzera begiratu behar dugu eta kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitarioa amesteko eta egikaritzeko unea da".

Hala, prozesu honetan batu diren mugimendu feministako eragile sozial eta sindikatuetako kideek herri akordio bat osatu dutela azaldu dute. "Ardura eta konpromisoz, funtsezko erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain. Euskal gobernuei zuzentzen ari gara, argi eta garbi: borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan, ardura postu guztietan, zaintza sistema publikoaren bidean agenda markatu ezazue orain, bihar bertan. Ez egin entzungor gure eskaerei".

Aurretik, "bide luzea" dagoela gogoratu dute, baina gaurko egunak antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dituela uste dute. "Gure arteko aliantzak eraikitzen ere segituko dugu, Herri Akordioan jasotako eduki eta aldarrietan sakonduz. Bera! Euskal zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa dugu irabazteko!".

ARGAZKIAK

GASTEIZ

AGURAIN

AIARALDEA


Bideoa: Aiaraldea.eus

Jarraipen zabala izan du greba feminista orokorrak Aiaraldean. Tubacexeko pikete feministarekin hasi dute mobilizazio eguna, eskualdeko manifestazioarekin amaitzeko. Bi ekintzen artean, pikete, kalejira eta salaketa dinamikekin bete dute eguna ehunka grebalarik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago