Arabako Foru Aldundiak jakin nahi du ganaduaren kontra egiten diren erasoen atzean otsoak, basotutako txakurrak ala bestelako kanidoak ote dauden. Horretarako, gertakari horien inguruetan hartutako kanidoen arrastoei analisi genetikoak egingo dizkiete, PCR proben bitartez.
Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak hilaren hasiera argitaratu du lan horiek egiteko lizitazioa, 30.129 euroan. Agirian zehazten denez, azterketa horiek otsoak egon ohi diren tokietan dauden kanidoen gorotzen laginketan oinarrituko dira, bai eta ileenean ere. Modu honetan argitu nahi dute "benetan espezie honetakoak ote diren, ala txakurrenak edota bestelako haragijale basatienak diren".
Azterketetan laginetako DNA mitokondriala aztertuko dute. Modu horretan, espezieaz gain, argitu nahi dute ere ale bakoitzaren sexua zein den. "Sexua identifikatzea informazio osagarria da, eta aukera emango du osaketa demografikoa ('sex ratio') zein den jakiteko, ar eta emeen arteko portaeraren berri izateko edota ahaidetza harremanak argitzeko", zehaztu dute foru teknikariek.
Lan horretan arituko den enpresari hilabete bateko kontratua egingo diote, eta aurreratu dute jasotako emaitzak aldundiaren webgunean argitaratzerakoan "informazio sentikorra ezabatuko" dutela.
Azken oharpena ez da hutsala. Izan ere, otsoari buruzko informazio publikorako sarbidea ez da erraza, hedabide honek lehen eskutik egiaztatu ahal izan duenez. Kasurako, gainerako gehien-gehienek ez bezala, aldundiak argitaratutako lizitazioak ez du deskribapenik agertzen aldundiaren atarian (*). Hortaz, ezinezkoa da testu bidezko bilaketetan informazio hori aise eskuratzea. Aldiz, lizitazio hori soilik aurkitu daiteke gainerako guztiak arakatzen.
Beste horrenbeste esan daiteke Jaurlaritzari buruz. Hala, gaiaren bueltan idatzitako Diagnóstico invernal del Lobo ('Canis lupus') en el País Vasco 2023 izeneko txostena ez dago publikoki argitaratuta, aurtengo maiatzean inprimatu zen arren. Bitxia bada ere, txostena Creative Commons lizentziapekoa da, karatulan jarritako ikonoaren arabera. Gaiaren bueltan publikoki eskuragarri dagoen azken agiria, berriz, 2015. urtekoa da.
Filtrazioa, urrian
Ana Isabel Salazar PPko batzarkideak eskatu zuen urriaren 4an otsoaren gaineko informazioa, eta urriaren 6an Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren izenean agiria bidali zioten batzarkide popularrari. Antza, aldundiko teknikariek agiri hori paperean baino ez zuten, Canon fotokopiagailu batekin eskaneatutako kolorezko agiria bidali baitzioten. PPk agiria eskuratu eta astebetera, Vocento taldeko egunkari ezagun batean eman zuten txostenaren berri.
VALDEREJO-BÓVEDA ETA BADAIA-ARRATO INGURUETAN EZ DUTE OTSORIK ATZEMAN AZKEN BILAKETETAN
Iturri irekietan oinarrituta, ALEAk txosten horretarako sarbidea lortu du orain. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 9-11 otso daudela ondorioztatu dute teknikariek. Haietatik sei edo zazpiri argazkiak atera dizkiete. Arabari dagokionez, elurraren gainean utzitako oinatzen arrastoen azterketaren bidez eta fototranpen bidez baieztatu ahal izan dute Arkamu-Gibillon 4-5 otso daudela, Gorobel-Urduñan 2-3 eta Gorbeian, bat. Arrastoengatik, Gibillokoa gutxienez hiru otsok osatutako taldea dela uste dute, eta beste 1-2 otso bakarka ari direla ondorioztatu dute, zehaztu ezin izan badute ere taldetik kanpo bakarka aritu izan diren taldekideak ote diren. Hori ziurtatzeko moduan ez badira ere, onartu dute litekeena dela Gorobel-Urduñan atzemandakoak ere Gibilloko taldekoak izatea, jarraikortasun geografikoa egon badagoelako. Egileek diote behaketak baieztatu diren eremuetan abereen kontrako kalteen berri eman dela.
Valderejo-Bóveda eta Badaia-Arrato inguruetan, berriz, ez dute otsorik atzeman, eta horrekin bat dator, egileen esanetan, "azken garaietan ganaduari egindako kalteen" berri eman ez dela.
Txostenean bertan teknikariek azpimarratu dute errolda osatuagoa egiteko beharra, tartean, abuztuan eta irailean otsokumeak detektatu ahal izateko.
* OHARRA: Azaroaren 23an aldatu dute titulua kontratatzailearen profilean, epea ixtean, honako hau adierazita: Otso/txakurren lagin ez-inbaditzaileen analisi genetikoak.