Amnistia. Etxera. Kalera. Konstituzioa... Gizarte mugimenduek Trantsizioan erabilitako kontsignen bilduma osatu du Nerea Lekuona (Gasteiz, 1976) artistak Artiumen paratu duen Consignas horma irudi erraldoian, memoria astindu eta gogoeta plazaratzeko asmoz. Idealak erakusketaren barruan, hiru hilabetez museoan bertan egindako egonaldiaren emaitza da instalazioa, abenduaren 10era arte ikus daitekeena.
Horma irudiarekin batera, zenbait jarduera osagarri izan dira irailetik. Nolako esperientzia izan da?
Ederra izan da erantzuna. Eskerrak emateko ere deitu didate, negarrez, urte haiek bizi izan zituzten zenbaitek; oso gaizki pasa zuten, eta garai hartan egindako borroka horien aitorpena eskertu didate. Besteak beste, kontsignen tailer bat egin genuen Sejo Carrascosa eta Juan Ibarrondorekin, Kontsigna, arte ederretako bat izeneko solasaldia; bakoitza bere ikuspegitik mezuen inguruan aritu ginen, eta oihuka amaitu genuen, parte hartu zuen jendearen kontsignak megafonotik garrasika. Inoiz ez zaitut museoan ikusten moduko leloak edo oliba-olioari buruzkoak atera ziren, egungo eta etorkizuneko kontsigna posibleak proposatu genituen. Oso dibertigarria izan zen. Erantzun polita izan du lanak.
Halako obra bat aurkezten duzunean, zer da bilatzen duzuna?
Jendeari erakusketak une batez klik egiten badio, eta segundo batez pentsaraztea lortzen badut, oso pozik geratzen naiz.
"Interesgarria litzateke artistak elkartu eta lanerako espazio bat izatea"
Gai sozial eta politikoak dira nagusi zure lanetan?
Memoria interesatzen zait. Duela urte batzuk Arabako Artxiboan egin nuen lan, eta geroztik kontserbatu eta gordetzearen beharraz jabetu naiz. Bestela, badirudi historia denbora guztian beraiek idazten dutela, eta beste ikuspuntu batzuk egon behar dira; historia ofizialaz harago, kaleak ere bere lekua behar du, horretan egin dut lan. Kalean gertatzen ari dena oso interesgarria dela uste dut, eta etorkizunean ikertzera doazenek eskura izan behar dute materiala. Euskal Herriko manifestazioen leloen inguruko ikerketa bat egiten hasi nintzen, eta horrek ekarri du erakusketa hau. Aurretik, Montehermoson erakusketa bat izan nuen, eta horretan ere artxiboa izan zen iturria, Trantsizioko urteetan arakatu nuen, eta botereak igorritako esaldiak izan ziren ardatz: La calle es mía, Todo está atado y bien atado, Puedo prometer y prometo gisako mezu ezagunak. Oraingoan herriari ahotsa emateko gogoa nuen, entzuten ziren aldarriak jaso. Informazio hori biltzeko modurik fidelena manifestazioen kontsignak ziren, egunkarietan bildutakoak, eta hemerotekan aritu naiz Jose Ramon Cuesta Astobiza historialariaren laguntzarekin. Presoak kalera, amnistia osoa da lelo esanguratsuenetako bat, eta egunotan gainera bizirik jarraitzen duena. Nire asmoa artxibo digital bat egitea da, edozeinek kontsultatu ahal izateko.
Amaitu gabeko lana da oraindik, beraz.
Bai, horrelako zerbaiten beharra ikusi dut, oraintxe konturatu naiz horretaz, nire lanerako behar izan dudanean; bila ibili naizenean ez dut ezer aurkitu, pegatinen libururen bat ez bada, eta artxibo egoki bat prestatzea da asmoa. Ahots dokumentu iragankor horiek oso zaila da gordetzea, kazetarien kroniketan edo jendearen memoriari esker ez bada, eta horiek artxibo batean gorde nahiko nituzke, denentzat eskuragarri egoteko.
Ikerketa egin ostean, nondik hasi?
Baikor hasi nuen ikerketa, egungo garaietara iritsi nahi nuen, baina denbora faltagatik azkenean Trantsizioko urteetara bideratu nuen lana. Hortik aurrera, etengabe errepikatzen diren mezuak ikusi eta orain obraren parte diren hitz horiek aukeratu nituen, urte haiek bizi izan zituen jendeak horietako hitzen bat ikusi eta oroitzapenak pizteko helburuarekin. Eta, aldi berean, urte haiek ezagutu ez zituenak ere ikus dezan borroka haiek gaur egun ditugun eskubideetako askotarako balio izan zutela, eta jende askok askatasuna edota bizitza bera eman behar izan zutela horiek lortzeko.
Askotariko errotulazioak ikus daitezke horma irudian...
Letren mundua izugarri gustatzen zait, oso interesgarria da, eta beti nabil horiek ikertzen eta proba desberdinak egiten. Euskal grafiaren inguruko ikerketatxo batzuk egin ditut, esate baterako, eta harrigarria iruditzen zait mundu hori; aizu, edozein herrik ezin du esan grafia bat duenik! Bestetik, materialari ere garrantzia eman diot kasu honetan, betikotzeko asmoarekin egindako lana baita; zuraren gainean esmalte desberdinak eman dizkiot, denboran iraungo duten helburuarekin. Gaur egun komunikazioan biniloa erabili ohi da, baina eguzkiak edo urak ematen badie hamar urteko iraupena izan dezakete. Nik neuk ikusi nahiko nuke egindako hauek ondo zahartzen direla, eta zahartzen direnean ere dotore daudela.
"Beti ibili naiz jendeak ulertu ez dituenak egiten. Eta hau zertarako? esaten zidaten"
Nolakoa izan da Artiumen hiru hilabeteko egonaldia?
Izugarrizko luxua izan da. Ni metro koadro batean pintatzera ohituta nago, eta pintatu ostean dena gorde behar izaten dut lekurik ez dudalako; hemen sekulako espazioa izan dut, hainbat mahai dena antolatzeko, gozatzeko lekua izan dut, artistoi hori ere gustatzen zaigu, gure lana egin eta horiez gozatzea, horietan behin eta berriz barneratzea... Luxu handia izan da Artiumek eman didan aukera, eta etengabe babesa eman didan lantalde bat topatzea; oso gustora egon naiz
Enrique Martinez Goikoetxea komisarioarekin eta museoko langileekin, buru-belarri izan dira nirekin. Uztailaren 3an heldu nintzen museora maleta eta trasteekin, eta, egia esan, gogor egin dut lan baina aukera oso polita izan da.
Artiumekin 'Praxis' lana ere egin zenuen aurretik.
Kristorena izan zen. Arbel batzuekin hasi nintzen, jendeak bere mezuak laga zitzan irekita uzten nituen, eta bat-batean Zaballako espetxean lan egiten zuen pertsona berezi bat agertu zitzaidan. Botikaria zen bera, presoei egunero sendagaiak ematen zizkiena, baina bere kontura bazuen proiektu bat ere; presoei esaldiak eskatzen zizkien eta berak inprimatu egiten zituen, eta botika guztiak mezu batekin eta marrazki desberdinekin bidaltzen zizkien. Izugarria zen emakume hura! Presoen esaldiren bat errotulatzeko proposamena egin zidan, eta zerrenda batzuk ekarri zizkidan. Batzuk aukeratu nituen, eta horiekin performance bat egin nuen, kalean aurrean arbel bat eta atzean beste bat nuela, Zaballara heldu arte. Presoekin tailer bat egitera ere gonbidatu ninduten. Oso ederra izan zen. Gogoan ditut haiek arbeletan idatzitako mezuak: Egin pentsatzen duzuna, pentsatu egiten duzuna edo Egun bat gehiago, egun bat gutxiago... barruan dagoenarentzat nahiko esanguratsuak ziurrenik.
Noiz jabetu zinen ofizio honetara dedikatuko zinela?
Ni beti ibili naiz jendeak inoiz ulertzen ez dituen gauzak egiten. "Eta hau zertarako?", esaten zidaten. Kontsumoko gizarte kapitalista honetan, ekoitzi egin behar duzu, erosi eta saldu daitekeen objektu bat egon behar; ukiezinak sortzen dituzunean, sentsazio bat sortzen duzunean, badirudi ez duzula ezer egiten. Pentsamendu kritikoa ahazten dugunean, sentsazioak, ideiak proposatzea... askok ez dute ulertzen. Halere, ni oso kreatiboa izan naiz txikitatik, eta horri eutsi diot, baina niretzat momentu garrantzitsu bat Amarica aretoa izan zen; behin Jose Ramon Sainz Morquillasen obra bat ikusi nuen, sardinzarrez egindako svastika bat, nazkagarria, eta burua erotu zitzaidan, nik ere hori egin nahi nuen, horretan aritu nahi nuen!
Artista formakuntzan zer nabarmenduko zenuke? Zein izan da erreferente zuretzat?
Guztiaren batuketa bat dela esango nuke. Ikastaro desberdinak egin ditut, artista ugari ezagutu ditut, eta ezin dut ahaztu, besteak beste, Artelekun Daniel Canogarrekin egin nuen tailer basatia, Esther Ferrerren performance tailerrera edo Isidoro Valcarcelekin artista tailer bat...
Hurrengo astean kulturaren plan estrategikoa aurkeztuko du aldundiak. Zer behar du arte garaikideak?
Tira... Iruditzen zait ondo dauden proiektuak ez direla ukitu behar, lagundu egin behar direla, askotan ematen baitu momentuko agintariaren arabera ari garela lanean. Norentzat ari gara gauzak egiten? Zergatik bertan behera utzi ondo dagoen proiektu bat, herritarrentzat interesgarria dena? Beste baten sinadura daramalako ezabatuko dugu? Uste dut dominak alde batera utzi behar ditugula eta epe luzerako egitasmoak pentsatu. Amarica egitasmoarekin, esate baterako, erreferente izan zen Araba, proiektu berritzaile bat genuen esku artean; artistek asanblada bat osatu genuen, ikuspuntu eta ibilbide desberdineko lagunek, eta diru publiko bat kudeatzeko eta interesgarria izan zitekeen programazio bat antolatzeko gai izan ginen, hori sekulakoa zen. Gogoan dut Kordobako topaketa batean izan ginela gure eredua azaltzeko; asanblada bat baino ez ginen, ezta elkartea ere, eta erakundeek gure esku erabaki haiek uztea izugarria zen.
Halako zeozer botatzen duzu faltan?
Bai, parte hartzaileagoa den egitasmo bat, eta irekia dena; jende asko arte garaikidetik oso urrun dago, eta, nire ustez, beldurrik gabe hurbildu behar da. Ez da arte ikasketarik behar sentitzeko, iritzia emateko... Eskatzen hasita, bestalde, artistentzako tailer batzuk eskatuko nituzke, Bilbon Bilboarte eta Donostian Tabakalera duten moduan. Nik zortea izan dut hemen, Artiumen, horretarako aukera izan dudalako, baina ez da normalena, salbuespena da; interesgarria litzateke artistak elkartu eta lanerako espazio bat izatea, jendeak bisitatu eta proiektu horiek ezagutu ditzakeen espazio bat.