Olatz Gorrotxategi

"Antzerkian asko baloratzen dut egiarekin lan egitea"

Anakoz Amenabar 2023ko aza. 17a, 06:00

'43º13’44’’N' obra aurkeztuko du Gorrotxategik larunbatean. Argazkia: Jose Marin Rodriguez

Memoria kolektiboan eta familiaren memorian bilatzeko prozesuaren emaitza da Gorrotxategik ondutako 43º13'44''N pieza, antzerki dokumentala. Muruako gizarte zentroan aurkeztuko du, hilaren 18an.   

Memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari zela, ezusteko bidea hartu zuen ikerketak. Etxe barruko istorio batek zeharkatu zuen Olatz Gorrotxategiren (Bilbo, 1982) azterlana, eta, hari horri jarraituta, antzerki dokumentaleko pieza baterako materiala jaso zuen. Historia jakin-min hartatik heldu da  43º13'44''N obra, larunbatean Zigoitian aurkeztuko duena. Muruako gizarte zentroan izango da, 19:00etan.

Nola heldu zinen familiaren memoria ariketa hau egitera?

Beti izan dut interes handia memoria historikoaren inguruko gaietan, eta beka bat jaso zuen proiektu batekin nenbilen lanean; galdetegi bat prestatu nuen hainbat erakunde eta norbanakori bidaltzeko, eta estatu osoko lekukotasunak jasotzea zen helburua. Prozesu horretan murgildurik nengoela, etxean noizbait kontatu izan den zerbait galdetu nion nire aititari, eta bertsio oso desberdin bat eman zidan. Horrek ikerketa desbideratu zuen. 

Domingo Gangoiti da istorioaren protagonista, ezta?

Aititaren anaia da. Haren inguruan galdetu nion. Fatxa bat zela entzuna neukan, eta non zegoen galdetu nion, zein hilerritan, Mungian ote zegoen... Benetan zer gertatu zitzaion kontatu zidan, etxean sekula esan ez dena, behintzat nire aurrean, eta horrek nire proiektu pertsonal bat sortzera eraman ninduen. Proiektu handiagoa amaitu nuenean, enkargua beteta, hasi nintzen honekin. Ideia ona iruditu zitzaidan nik antzerki dokumentala lantzen dudalako, eta honek bete-betean nirekin lotura duen istorio bat kontatzen duelako. Obraren titulua nire etxeko koordenadak dira, ea nire aititaren anaia bertara bueltatzen den, etxera...

"Aititaren anaiari benetan zer gertatu zitzaion kontatu zidan, etxean sekula kontatu ez dena"

Aproposa dirudi gaiak egunotan, faxismoa kalean harrotuta dabilela...

Geratzen diren 150.000 hildakoak bueltatzen ez diren bitartean, zoritxarrez, beti izango da aproposa.

Informazio hori guztia eskuan, nondik hasi zinen pieza osatzen?

Ohartu nintzen dokumentu asko nituela, baina ez nuela Domingo Gangoitiren argazkirik, eta hori ere aprobetxatu nuen. Lehendabizi, fikziozko istorio batetik abiatzen naiz, Cary Granten argazkiak erabiltzen ditut bere inguruan hitz egiteko eta bilatzen ari naizena kontatzeko. Zenbait dokumentu erabiltzen ditut obran, forma desberdinetakoak: argazki bat, gutun bat, idatzitako erantzunak edo audio bat izan daiteke... Aititari egindako elkarrizketa ere grabatu nuen; egun batean zeozer kontatu zidan, eta hurrengo astean bueltatu nintzen dena grabatzera.

Memoria historikoa ere landu duzu aurretik antzerkian...

Coordenadas obran ere testigantza desberdinak agertzen dira, baina istorio orokorragoa da, ez horren intimoa.

Etxean jasotako dokumentuekin osatu du biorafia politikoa autoreak. Argazkia: Jose Marin Rodriguez

Zer aukera ematen ditu antzerki dokumentalak, beste formatuek ematen ez dutena?

Asko baloratzen dut egiarekin lan egitea antzerkian, eta antzerki dokumentala aukera da horretarako. Niretzat balio gehiago dauka istorio txikitxo batek, baina norberak kontatu eta erakutsitakoa, superistorio batek baino. Gainera, dokumentu antzerkiak formatu ezberdinak lantzeko aukera ematen dit, ohiko elkarrizketa klasikoetatik haragoko zerbait, testu antzerkia ez den zerbait, formatuaren inguruan esperimentatzeko aukera, horren inguruan ikertzeko.

Argazkilaritza izango da hurrengo lanean ardatza?

Haurrentzako antzerki  bat prestatzen nabil, Eidaberen eskutik. Vivian Maier argazkilariaren inguruko antzezlan bat da, Imanol Ituñok idatzitakoa. Bertan erabili dudan teknika guztia analogikoa da; niretzat garrantzitsua zen argazkilaritzaren jatorriaren inguruan ari bagara, analogikoan izatea. Telefonoarekin argazkiak egitera ohituta gaude, baina betiko argazki fisikoak erabiltzen ditugu honetan, gardenkiak.

Zer beste lan duzu esku artean?

Oraintxe bertan Mierda de Ciudad antzezlana mugitzen ari gara, rock erradikalaren inguruko antzerki dokumentala. Besteak beste, Elorrio, Pasai Donibane edo Bilbon izango gara obrarekin urte amaiera arte. Beste alde batetik, gizakiaren historia eta plastikoaren historiaren inguruko lan bat ari naiz idazten; bien arteko parekotasunak badaude, zoritxarrez, eta horien inguruan lanean ari naiz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide