Indar eta ahulguneen argazkia

Erredakzioa 2023ko aza. 10a, 10:51

Euskarazko kultur eskaintzaren ahulgune eta indarguneak identifikatuko dituzte. Argazkia: ALEA

Euskarazko kultura transmisioan laguntzeko aukerak aztertuko dituzte GEU elkarteak antolatutako Kultur-Ola saioetan; Gasteizen lan egiten duten kultura eta hezkuntza arloko lagunak batuko dira.

Euskal kulturaren transmisioari dagokionean, etorkizunera begira izan daitezkeen kezka eta erronkei helduko diete hurrengo asteartean Gasteizen izango diren Kultur-Ola jardunaldietan. Nola uztartu hezkuntza zein kultura sormen eta eskaintzaren eremuak helburu hori lortzeko bidean? Nola elikatu elkarlana? Halako galderei heltzen saiatuko dira GEU elkartearen eskutik antolatu duten saioan. Euskaltzaindiaren egoitzan izango da, hilaren 14an, 09:00etatik 12:00etara.

Kultura eta hezkuntzari buruzko oinarri teorikoa aurkeztuko dute lehendabiziko atalean, Gasteizko eremuari dagozkion datuekin. Horretarako, Gotzon Barandiaran idazlea, Alaitz Amundarain irakaslea eta Josune Velez de Mendizabal aktorea izango dira hizlari.

Zer da estrategikoa euskarazko kulturgintzarentzat? Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia? Galdera horien erantzun bat proposatuko du Gotzon Barandiaranek bere hitzartzean. Euskarazko kulturgintzaren egungo egoeraren irakurketa kritikoa aurkeztearekin batera, ditugun gabeziak betetzeko marko teoriko bat eskainiko du.

Sormenean hezi, kulturan hazi ikastarotik hezkuntzarako sortutako proposamena izango du mintzagai Amundarainek. Hezkuntza marko berrian, era berean, berrikuntza egoerak euskal dimentsiotik sortzeaz arituko da.

Aldiz, Gasteizko kulturgintzaren argazki bat aurkeztuko du Velez de Mendizabalek, euskarazko ekoizpenean azpimarra jarriz. Euskarazko kulturgintzari dagokionean nondik datorren, zer duen eta zer izan beharko lukeen pentsatzen jartzeko, tokian tokiko errealitatean kokatzen lagunduko du.

Lanketarako oinarriak

Azken batean, Gasteizen lan egiten duten hezkuntza eta kultura alorretako eragile eta norbanakoak elkartzea da helburua, antolatzaileek azaldu dutenez, euskarazko kultur transmisioaren inguruan hausnarketa komuna egin dezaten. Horrekin, gaur egun Gasteizen egon daitekeen euskarazko kultura eskaintzaren argazki bat egin eta izan ditzakeen ahulgune eta indarguneak identifikatuko dituzte. Eta errealitatea ezagututa, hezkuntzak euskarazko kulturaren transmisioan laguntzeko aukerak aztertuko dituzte.

Dinamika parte hartzaile baten bitartez, etorkizunean lanketarekin jarraitzeko oinarriak ezartzen saiatuko dira jardunaldiotan. Parte hartzeko interesa dutenek GEU elkartearen webgunean eman dezakete izena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago