Nola inplika daitezke gazteak euskal gatazkaren memoria kolektiboaren eraikuntzan? Gazteak, gatazka, memoria izenburupean, nerabeekin iraganeko biolentzia politikoez hitz egiteko proposamen batzuk plazaratuko ditu Samara Velte ikerlari eta kazetariak Ignacio Aldekoa kultur etxean eskainiko duen hitzaldian. Hilaren 16an izango da, 18:00etan.
Arrotza ala gertukoa ikusten dute gazteek euskal gatazka?
Orokorrean, distantzia emozional handi bat dago, salbuespenak salbuespen. Noski, badaude, familian gertakari oso zehatzak bizi izan dituzten gazteak, baina esango nuke belaunaldi honentzat euskal gatazkarekin, bereziki gatazka armatuarekin, lotutako guztia nahiko urrun geratzen dela, eta beraien gurasoen edo aurreko belaunaldien esperientziatzat daukatela; eurentzako da sartu ezin duten eremu bat edo transitatu ezin dutena. Pentsatzen baldin badugu nork daukan legitimitatea historiaren zati honi buruz hitz egiteko, gazteak ez dira inondik inora legitimitatuta sentitzen, konbentzituta daudelako hori besteen kontu bat izan zela. Nahiko sintomatikoa da hori gai honi buruz hitz egiteko daukagun kulturaz, eta beraiek beren burua non ikusten duten esaten digu. Hortik joko dut hitzaldian; nola handitu legitimitate sentsazio hori beraiei ulertarazteko beraien historia ere badela eta beraiek ere badaukatela zer esan memoria horren eraikuntzan. Memoria gizarte guztia inplikatzen duen elkarrizketa bat da.
Zein ezagutza dute gazteek? Ondo informatuta daude?
Askotan egiten dugun akatsetako bat da ezjakintasunaren karga edo errua zuzenean gazteengan bolkatzea, eta eskuak burura eramaten ditugu esanez "gaur egungo gazte batek ez daki zer izan zen halako gertakaria...".
"Euskal gatazkak izugarrizko desadostasunak sortzen ditu esparru politikoan, eta sozialki ez da tematizatzen den gai bat"
Miguel Angel Blanco nor izan zen izaten da ohiko galderetako bat zenbait galdetegitan, eta kale...
Adibidez, eta badirudi halako titularrak satisfakzio puntu bat ere ematen digula, horrekin eskandalizatu ahal izateak, baina ez diogu gure buruari galdetzen gazteek benetan zein baliabide izan dituzten gaiarekin harremantzeko eta ezagutza banku hori eraikitzeko, edo horri buruzko narratibak eraikitzeko. Errealitatea da oso baliabide eskasak izan dituztela, eskoletan gaia apenas ez delako lantzen, alderdiak oraindik ez dira gai izan unitate didaktiko bat adosteko, gaiak izugarrizko desadostasunak sortzen ditu esparru politikoan, eta sozialki ere ez da tematizatzen den gai bat, ez baldin bada oso eremu intimoan edo ideologikoki oso hurbilekoa den jendearekin. Orduan, nondik ikasi behar dute? Uste dut horrek ardura ere jartzen duela aurreko belaunaldiengan. Oso gutxitan hartu da aintzat belaunaldi honen bizipenak zeintzuk izan diren. ETAk 2011n iragarri zuen bere desarmea, eta beste sei zazpi urte pasa ziren erabat desegin zen arte; sei urte horiek 50 urteko baten bizitzan beharbada ez dira hainbeste, baina momentu horretan 16 urte zeuzkan batentzat sei urte bere bizitza kontzientearen erdia baino gehiago izan ziren, eta kontuan izan behar dugu 2020ko hamarkadaren hasierara iritsi garela belaunaldi batekin hori dena oso modu birtualean baino ez duena bizi; nolabait esateko, eurentzat ETAk existitzeari utzi zion askoz lehenago, noizbait existitu izan bazen. Horrek lagundu beharko liguke beraientzako beste nolabaiteko mezuak sortzen, bestelako materialak...
Arabako gazteen lekukotasunak ere jaso zenituen?
Euskal Herriko lurralde guztietan egon nintzen. Araban, Gasteizko Lanbide Heziketako eskola batean. Egia da tokiko errealitateak asko eragiten duela, eta Gasteizen, logikoa denez, askotan ateratzen zen Martxoaren 3a; memoria gune ofizial batzuk behintzat iraun dute, baina beste asko ez hainbeste. Iparraldeko elkarrizketetan izan nuen irudipena pixkat presio mediatiko txikiagoaren pean zeudela, edo, nolabait esateko, Hegoaldeko gazteengan bertsio zuzen bat emateko askoz kontzientzia handiago bat sumatzen zela. Esango nuke gizarteko arauez oso kontziente direla, idatzita ez dauden arau sozial horiez, eta ondorioz biolentziaren kondenaren gutxieneko etiko hori beraiek ere ikasita dutela eta erreproduzitzen dutela; askotan gertakari zehatzen inguruan galdetzen nien, beraien ezagutza neurtzeko, eta beraiek zer gertatu zen erantzun baino lehenago eskaintzen zidaten beraien ebaluazioa. "Ni honen kontra nago, baina...". Horrek ere erakusten du ebaluazioak transmititu daitezkeela ezagutza zehatzak trasmititu gabe ere. Harreman nahiko kontraesankor bat sortzen du horrek, eta deskonexio batera eraman dezake ere.
"Pedagogiak sortu behar ditugu gai horiek modu seguru batean lantzeko eskola barruan"
Nondik hasi behar da eskoletan gatazkaren memoria lantzen? Zer tresna behar dira?
Eskoletan bereziki ikusi dudana da beldurra dagoela gaia ateratzeko, ikusten delako iritzi ezberdintasuna arrisku bat bezala, bake sozialerako arrisku bat ikusten da. Eta honek lotura du gai gatazkatsuak eta gizarteko gatazkak orokorrean lantzeko pedagogia falta batekin. Eskola ez dago prestatuta gatazkei heltzeko; irakasleak helduak dira eta bakoitzak bere motxila dauka, eta orokorrean gatazkatsu gisara antzematen diren gaiak saihestu egiten dira, pentsatzen delako halako armonia bat mantendu daitekeela. Nik uste justu kontrakoa dela, sortu behar ditugula pedagogiak, materialak, irakasteko moduak, hain justu ere, eskolatik kanpo arantzatsuak izan daitezkeen gai horiek modu seguru batean lantzeko gela barruan. Horretarako irakasleak prestatu behar dira gatazken bitartekaritzan, eta ulertu behar da batez ere gazte belaunaldi honek daukan distantzia emozionala nahiko handia badela minetik ez hitz egiteko, eta ondorioz beraiek berez izan dezaketela gaitasun bat gai honi buruz eztabaidatzeko, elkarri mindu gabe edo espazio intimo hori gehiegi zapaldu gabe. Uste dut gaur egun eskolak izan daitezkeela esperimentatzeko gune bat, hain justu ere, gizartean posible ez diren interakzio horiek.