Klima larrialdiaren oinatz argienak

Anakoz Amenabar 2023ko aza. 6a, 07:00

Patagonian, 'Into the Ice' espedizioan parte hartu zuen Ibai Ricok joan den urtean. Argazkia: 'Into the Ice'

Pirinioetako glaziarrak galzorian direla ohartarazi dute glaziologoek. Munduko mendiko glaziar gehienak ari dira klima aldaketaren ondorioak jasaten, eta Europa hegoaldekoak ez dira salbuespena. Gasteizko EHUko Geografia sailean, Ibai Rico glaziologoak egiten du horien jarraipena.

Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Ibai Ricok (Gasteiz, 1980) mendiaz gozatzen, gertuko eta urruneko tontorretan galduta, eta gailurretako paisaietan izan diren aldaketei adi. Zaletasuna eta lana uztartuta, hainbat urte egin ditu mendietako glaziarrak ikertzen, batik bat Pirinioetan, desagertze baten kronika izan daitekeena begien aurrean. "Gogoan dut Petit Vignemaleko glaziarra osorik zegoenean, edo nire lehenengo bibaka Maladetako glaziarrean, orduan eremu luze bat zeharkatu behar zen...". Glaziarrak beste hiru hamarkadatan desager daitezkeela ohartarazi zuten garai bateko ikerketek, baina prozesu hori aurreratu daitekeela diote egungo datuek, EHUko Geografia saileko lantaldean ere egiaztatu dutenez, eta horrekin batera galduko denaz jabetzeko beharra nabarmendu du Ricok.

2010az geroztik, neurketa ezberdinak egin dituzte Pirinioetako glaziarretan, Europa hegoaldeko glaziar multzo handienean. Eta datuak argiak dira. Garai hartan 24 geratzen ziren, eta 17 daude egun. Horietako asko mugitzen ez diren izotz eremu bilakatu dira, marginalak; ez dago ur metaketa askorik eta hotz nahikorik, mugimendu gabeko izotz masak dira, Ricok azaldu duen moduan. Urte hauetan guztietan 2022koa "bereziki txarra" izan zela gogoratu du glaziologoak; azken hamar urteetan glaziarrak, batez beste, metro bat baino gutxiagoko eremua galdu bazuten, iaz hiru metro arteko galerak neurtu zituzten. "Uste genuen glaziar handienek 2050 urtera arte iraungo zutela, eta ikusten ari gara ziur asko hamarkada batean badoazela". 1980ko hamarkadaz geroztik, batik bat, Pirinioetako glaziarren atzera-egitea nabarmena izan da. Geroztik, 1ºC igo da Lurreko batez besteko tenperatura, eta gizakiaren eraginez areagotu den beroketa klimatiko horrek gehiago piztu du goi-mendiko zonalde gehienetan, eta Pirinioak ez dira salbuespena. "1950etik muga asko igaro ditugu, eta ez bakarrik kliman. Antropozeno terminoa interesgarria da, aldaketa global baten aurrean gaudelako: klima aldatzen da, eta ziklo biokimikoak, espezieak, ekosistema...".

Droneen bitartez egiten dituzte gaur egun neurketa gehienak. Argazkia: Ibai Rico

Pirinioetako glaziarrak ikertuz,  klima eta ingurumen informazio interesgarria eskuratu daiteke, Ricok gogoratu moduan, "galtzen ari dena". Geruza desberdinetan jakin daiteke iraganeko airearen konposizioa, kutsadura, baita erromatarren garaitik ere. "Glaziarrek, orokorrean, balio handia dute; beharbada Pirinioetakoak desagertzea ez dira izango hondamendia, jadanik ur gutxi gordetzen dutelako, baina inguru batzuetan balio hidriko handia dute, Asiako zenbait eremutan esaterako". Eta, glaziarren lekuan beste paisaia batzuk sortuko dira, dagoeneko Ricok egiaztatu duen moduan. Ekosistema berriak agertzen dira glaziarrak desagertzen diren heinean; landareek betetzen dute eremua, eta laku berriak ere sortzen dira, Anetoko Ignominato lakua kasu. 

Hain zuzen, Munduko beste hainbat gailurretan gertatzen ari denaren erakusle ere badira Pirinioetako glaziarrak, klima aldaketaren ondorioz zaurgarritasuna agerian baita horietan ere. "Klimaren pultsua hartzeko geoindikatzaile apartak dira".

Droneekin lanean

Azken asteetan, besteak beste, Panticosa inguruan egin ditu neurketak Ricoren lantaldeak, Las Nieveseko glaziar txikian, edo Anetoko Tempestades glaziarrean. Irteera arinak izaten dira, eta egun bakarrean muino bat baino gehiago neurtu ditzakete. Garai batean, neurketak laser eskanerrak erabiliz egiten zituztela gogoratu du; azalera batean puntuak zehaztuta, eredu digital bat osatzen zuten, eta horrekin urtero bolumena eta azalera alderatu. Monte Perdidon horrela egiten jarraitzen dute, baina beste gehienak dronekin egiten dituzte dagoeneko: "Aukera interesgarria da teknologia berri hau aplikatzea glaziarretan zehaztasun handiko modeloak sortzeko, zentimetro gutxiko akatsarekin". Ez du esan nahi, ordea, mendira igo behar ez dutenik; mendi ibilaldia antzerakoa izango da, baina dronearekin azalera handiagoa neur daiteke eta ez dute laser pisutsua garraiatu behar. Sakonera neurketak ere egiten dituzte GPR radar batekin, besteak beste, zenbat izotz geratzen den jakiteko. "Hodeirik gabeko egunak behar dira lan egiteko, haize handiegirik gabekoak izan behar dira, eta berehala egiten da hegaldia". Laginak jaso ostean, eredu guztiak osatu, konparaketak egin eta bulego lana izango dute.

Patagonian espedizioak

Europa hegoaldetik kanpo ere, hamaika lan egin ditu Ricok. Eñaut Izagirre glaziologo elgoibartarrarekin egin ditu horietako zenbait. Txileko Patagoniako Hoste uhartean izan zuten lehen espedizio handia 2015an, Evan Milesekin batera, mendizaletasuna eta ikerketa batu zituen Incógnita Patagonia proiektuan. Inork zapaldu gabeko glaziarrak bisitatu zituzten, Cloue izotz zelaian hainbat kartografia glaziar egin zituzten eta Charlie Porter estazioa berriz aktibatu zuten. Joan den urtean, bestalde, Darwin mendikatea bisitatu zuten hilabetez, Into the Ice espedizioarekin, Txile hegoaldeko Tierra de Fuegon, izen bereko dokumentalean jaso duten moduan. Azaldu duenez, bertako glaziarren aurrealdeak ikertu zituzten, oso informazio gutxi zegoelako horren inguruan: "Oraindik isotopoen datuak falta dira eta beste hainbat argitu behar dira, baina egiaztatu genuen hango glaziarren egungo eboluzioa proportzionalki munduko azeleratuena dela".

"Oraindik aukera bat da Pirinioetara gerturatu eta glaziarren ondareaz gozatzeko"

Ibai Rico, glaziologoa

Ikusi eta ikasitako guztiak "gogoeta bat" eragin beharko lukeela uste du Ricok. Urtze prozesuak oso handiak izaten ari dira, eta zenbaitetan atzera bueltarik gabe, "nahiz beroketa gelditu edo mantsotu", eta mendebaldeko Antartidan hori agerikoa da. "Hausnarketa inportante bat egin beharko genuke gizarte moduan.Aldaketa kulturala behar dugu, eta ez hainbeste teknologikoa; berriztagarrietarako jauzia egiteak bakarrik ez gaitu salbatuko. Gure aztarna ekologikoaz gogoeta egin behar dugu".

'Into the Ice' espedizioa, 2022an. Argazkia: 'Into the Ice'.

Glaziarren ondarea

Ingurumen balioaz harago, datozen hamarkadetan elementu geologiko eder bat desagertzear dela gogoratu du, bertatik bertara ikus daitekeen desagerpena. "Mendizaleok glaziarren ondare ederra dugu oraindik Pirinioetan, eta oraindik ikus dezakegu. Aukera bat da bertara joan, izotza ukitu eta ondare horretaz gozatzea". 2050. urtean glaziarrik gabeko paisaia irudikatu dute ikerketa desberdinek. "Ezin daiteke esan Pirinioetan glaziarren turismo bat dagoenik, beste leku batzuetan gertatzen den moduan, baina mendizaletasunaren elementu ikoniko bat dira, eta galera hori izango dugu".

Aurrera begira, Pirinioetako neurketak egiten jarraituko du Geografiako lantaldeak, eta Darwinera bueltatu eta jasotakoekin lan egiteko asmoa ere badute, beste espedizio batzuen artean. Hamaika ezusteko ezkutatzen dituzte glaziarrek, eta horiek deskubritzen jarraituko dutela azaldu dute. Historian atzera, esaterako, geomorfologiaren bitartez, glaziarrak uzten dituen aztarnak erabiliz, berreraiki egin daitezke. "Pirinioetako azken glaziaziora hel gaitezke, edo Aralarren edo Gorbeian zer punturaino hedatu zen; horrek gakoak ematen dizkigu klima eta glaziarren arteko lotura zein den ezagutzeko". Iraganeko laginak, etorkizunean piztu daitezkeen larrialdi argiei adi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago