2004tik Gasteizko zein Euskal Herriko rap eszena astindu zuen Kodigo Norte talde mitikoan urte luzez aritu ostean —Dj Loro, Sok eta Gorka Suaiarekin batera-, 2017an bakarkako ibilbideari ekin zion Markes Iraizozek. Eta Erritmatika izenburupean trilogia bilakatzeko asmoa duen lan berriaren lehen bolumena 2021eko azaroan kaleratu zuen.
Aurretik ere, Independencia (2009) edo Musicamina (2014) bezalako diskoak kaleratu zituen; eta 2016an Euskal Hip Hop Herriaren Biltzarra proiektuaren lehen saioko protagonista izan zen, Aneguria eta Gatomekin batera.
Ondoren ere, etengabeko elkarlanean ibili da eszenako beste artista batzuekin, eta reggaearen eraginpeko doinuak ere jorratu izan ditu, Suaiarekin kaleratutako Arnasa (2017) maxian edota Ziztada & Rlantz reggae-dub taldeko Erlantz Serrano Rlantz ekoizlearekin batera sortutako Unity Sound singlean.
Halaber, 2023ko udan, Chalart 58k ekoitzitako Roots & Fyah abestia kaleratu zuen Iraizozek, Suaia, Pastor, Xabiameslari, Gatom eta Jaiorekin batera.
DISKOA OSORIK
Erritmatika vol. 1 izenburua daraman disko berriko hamaika abestiek "erritmoaren zientzia eta hip hop kulturaren energia eraldatzailea" dituzte oinarri, lana editatu duen Taupaka Elkartearen hitzetan. Gainera, trilogia bat izateko asmoarekin kaleratutako lehenengo bolumena da.