'Erritmatika vol. 1', Markes Iraizozen trilogia baten lehen notak

Mikel Buruaga 2021ko aza. 24a, 12:00

Kodigo Norteko Markes Iraizozek 2017an ekin zion bakarkako ibilbideari. / TAUPAKA

Erritmatika izenburupean, trilogia bat bilakatuko den lan berriaren lehen bolumena kaleratu du Markes Iraizoz rap abeslari gasteiztarrak.

2004tik Gasteizko zein Euskal Herriko rap eszena astindu zuen Kodigo Norte talde mitikoan urte luzez aritu ostean —Dj Loro, Sok eta Gorka Suaiarekin batera-, 2017an bakarkako ibilbideari ekin zion Markes Iraizoz gasteiztarrak.

Aurretik ere, Independencia (2009) edo Musicamina (2014) bezalako diskoak kaleratu zituen; eta 2016an Euskal Hip Hop Herriaren Biltzarra proiektuaren lehen saioko protagonista izan zen, Aneguria eta Gatomekin batera.

Ondoren ere, etengabeko elkarlanean ibili da eszenako beste artista batzuekin, eta reggaearen eraginpeko doinuak ere jorratu izan ditu, Suaiarekin kaleratutako Arnasa (2017) maxian edota Ziztada & Rlantz reggae-dub taldeko Erlantz Serrano Rlantz ekoizlearekin batera sortutako Unity Sound singlean.

Erritmatika vol. 1 izenburua daraman disko berriko hamaika abestiek "erritmoaren zientzia eta hip hop kulturaren energia eraldatzailea" dituzte oinarri, lana editatu duen Taupaka Elkartearen hitzetan. Gainera, trilogia bat izateko asmoarekin kaleratutako lehenengo bolumena da disko hau. Dagoeneko Taupaka Elkartearen webgunean eskuratu daiteke diskoa, 10 euroren truke, CD formatuan.

DISKOA OSORIK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago