Dena ondo bidean, 2024ko ekainean LUR-1 satelitea jaurtiko dute Floridako (AEB) Cañaveral lurmuturretik. 50 kilo inguruko behaketa satelitea da gailua, eta AVS Added Value Solutions enpresa Arabako Parke Teknologikoan garatzen ari da osotasunean. SpaceX enpresaren Falcon 9 suziri batean bidaliko dute espaziora, Transporter 11 misioaren barruan.
Joan den ostiralean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomia sailburuak AVSren instalazioetara egindako bisitaldi batean eman dute jaurtiketa horren berri. Diseinuaz gain, oraingo honetan muntaketa guztia Euskal Herrian egingo dute, AEBetara bidali aurretik. Satelitea teknologia erakusle gisa planteatu dute. AVSren egoitzan jarraipen zentroa eraikiko dutela iragarri dute ere.
Iaz ere Urdaneta-Armsat 1 satelitea bidali zuten Transporter 5 misioan. Satelite hori dezente txikiagoa da, 16 kilo ingurukoa, eta lur behaketa lanetarako ere erabiltzen ari dira, 530 kilometroko altueratik. AVSk Leioako (Bizkaia) Satlantis enpresarekin batera egin zuen Urdaneta-Armsat 1 satelitearen garapena.
Marteko laginak
AVSk eskarmentu handia du espazio misioetan, eta hainbat proiektu garatu ditu NASA zein ESA Europako Espazio Agentziarako. Besteak beste, Marten dagoen Perseverance robotaren MEDA estazio meteorologikoaren eraikuntzan parte hartu du, eta robot horrek Marteren lurrazalean hartutako laginak jasoko duen misioan ere parte hartuko du, lagin horiek hartzeko beso robotikoaren garapenaren bidez.
Horrez gain, ostiraleko bistaz baliatu ziren iragartzeko NASAren Roads izeneko misioan kontratua eskuratu berri duela AVSk. Orbitan dauden sateliteak hobetzeko misioa dela aurreratu dute.