Iñigo Urkullu lehendakariaren agintaldiaren azken txanpara begira, zerbitzu publikoetako bi greba egun jarri dituzte mahai gainean sindikatuek: urriaren 25ean (asteazkena) eta abenduaren 19an (asteartea).
Ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egindako politika orokorreko osoko bilkuraren ostean, LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek egin dute greba deialdia, hau da, EAEko sindikatu nagusi guztiek, UGT izan ezik; sei sindikatuen artean, ordezkaritza sindikalaren %85 baino gehiago osatzen dute.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoko langile guztiak daude grebara deituta; sindikatuen arabera, 150.000 lagun inguru. Sindikatuen helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei erosahalmena bermatzea eta behin-behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea eskatzea.
Azken urteotan erosteko ahalmena %20 galdu dutela diote, eta hurrengo aurrekontuetan langile publiko guztientzat %10eko soldata igoera exijitu dute. Horretarako, besteak beste, langile publikoen "soldata eta enplegua hemen adostu ahal izatea ahalbidetu dezatela" eskatu diete Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei.
Pribatizazioen aurka
"Azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan baldintzak okertu egin dira", salatu dute. "Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak".
Soldatarekin eta behin-behinekotasunarekin lotutako eskakizun nagusiez gain, pribatizazioa amaitzea, lanaldi partzialak erregulatzea, erretiro kontratuak bermatzea, lan kargak murriztea, euskara bermatzeko formakuntzak emateko planak, berdintasunerako neurriak eta 32 orduko lanaldia bultzatzea eskatu dute, baita bestelako lanaldi murrizketak ezartzea ere..