Eneko Llanos

"Balio positibo bat islatu badut kirolaren bitartez, hori da garrantzitsuena"

Jon Rejado 2023ko urr. 21a, 08:00

Ekainaren 10ean agur esan zion triatloian profesional egindako lanari. Argazkia: E. Llanos

Hiru hamarkada dira Eneko Llanos triatleta moduan hasi zela, bere anaia Hektorrekin batera. Besteak beste, Sidney eta Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartu du; Europako txapelduna izan da, Munduko txapeldunordea 2012an, eta Espainiako hainbat titulu bildu ditu. Beste etapa bat abiatu du orain.

Triatloian 30 urte eman ditu Eneko Llanosek (Gasteiz, 1976); gehienak goi mailan lehiatzen. Lehen triatloia 1993an egin zuen, eta 2023ko ekainaren 10an agur esan zion kirol horretan profesional izateari, Zarautzen. Urte horietan lortutako garaipenen eta izandako jarreraren emaitzak bildu ditu azken hilabeteetan, antolatzaile, lehiakide zein ikasleek eskertu baitiote hiru hamarkadako bide hori. ALEArekin urte horien guztien gainean hausnartu du. 

Profesional moduan azken triatloia egin eta gero, nolakoa izan dira azken hilabeteak?

Alde handia egon da. Tartea izan dut familiarekin denbora gehiago egoteko, beste plan batzuk egiteko, lasaiago egoteko. Aurreko urteetan, denboraldia udaberrian hasi, eta udazkenean amaitzen nuen. Urtetan Hawaiiko Ironmana izan dut helburu garrantzitsuena, urrian; ondorioz, udak gogor entrenatzeko garaiak izan dira. Uda honetan entrenatu badut izan da gozamenagatik, ez eguneroko beharra zelako. Ez lanagatik.

Beraz, 30 urte topera egon eta gero, gorputzak kirola eskatzen dizu oraindik.

Kirola gustuko dut, eta behar dut, osasun fisikorako eta mentalerako. Modu lasaiagoan egiten dut orain. Bi edo hiru egun egon naiteke entrenatu gabe, baina kirolari sentitzen naiz; kirolaren beharra dut. Gorputza ondo dagoela sentitzen jarraitu nahi dut.

Gaztetatik izan zara kirolzalea. Igeriketa, esku pilota… Esan izan duzu Gasteizko lehen mendiko bizikletetako bat izan zenuela.

(Barre egiten du) Seguru nago! Dendetan agertzen hasi eta berehala hasi nintzen dirua aurrezten, horietako bat nahi nuelako. Duela 35 urte inguru izango zen; ez zeuden asko garai horretan. Bi mota marka salgai: BH eta Peugeot… eta agian Mendiz? Tira, dena dela, Sport Yañezen erosi nuen, eta disfrutatu nuen! 

"Aurreko urtean ondo aritu nintzen, baina gehiegi zela sentitu nuen"

Lehiakorra izaten jarraituko duzu?

Barruan eramaten den zerbait da, nire ustez. Lehiaketa batean zaudenean adierazi dezakezu, kirola egiten. Hemendik bolada batera, beste dortsal bat jartzen dudanean, agian aterako da. Lehiakortasuna, betiere, zure buruari puntu bat gehiago eskatzeko jarrera bezala ulertuta; ez ondokoa zapaltzeko, edo beste norbaiten gainetik geratzeko ukondoak ateratzeko jarrera bezala.

Triatloira zure anaia Hektorren bitartez heldu zinen.

Hektorrek triatloia egin izan ez balu, seguruenik beste bide bat hartuko nukeen. Euskal Herriko zirkuituan hasi zen, eta gurasoekin joaten ginen lasterketak ikustera. 1992an duatloi bat probatu nuen, eta hurrengo urtean serioago hasi nintzen.

Hasi zinenetik gaur arte, triatloia asko aldatu da?

Asko. Gaur egun kirol ezaguna da, futbolaren mailara heldu gabe, noski. Pertsona askok dakite triatloiaren hiru kirolak zeintzuk diren, edota triatloiak egiten dituen gertuko pertsona bat dute. Askoz federatu gehiago daude, eta Euskal Herriko herri batzuetan badaude herrikoiak diren probak. Klub eta talde asko daude, proba gehiago daude… Sustraitu den kirol bat da, eta bereziki hemen, Gasteizen. Triatloia hiri barrura ekarri da, eta horrek lagundu dio.

Noiz sumatzen hasi zen kirolaren gorakada?

Gakoa izan zen triatloia Olinpiar Jokoen programan sartzea. 1990eko hamarkadaren erdialdean jakinarazi zuten Sydneyko Olinpiar Jokoetan olinpikoa izango zela, 2000. urtean. Hor balizko profesionaltasunerako bide bat zabaldu zen. Bizitzeko beste ez, baina ordain ekonomiko bat lortzen hasi ginen. Babesle txikiak agertzen hasi ziren, materiala uzten ziguten… Lehen urratsak izan ziren. Atenaseko Olinpiar Jokoen ostean, 2004an, distantzia luzera pasatu nintzen.

Zerbait ikusiko zenuen kirol horretan, ikasketak ere utzi zenituela, horretan murgiltzeko. 

Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean ikasten ari nintzen, baina Olinpiar Jokoetara heltzeko nahia betetzeko ehuneko ehunean prestatu behar nuela sentitu nuen; ikasketak behin-behinean eten nituen. Hirugarren mailara arte ikasi nuen, eta gerora ikasgai solteak hartu nituen arren, ez nuen lortu amaitzea. Urteen joanarekin ikusi nuen triatloian etorkizun bat izan nezakeela, eta… gaur egunera arte. Orain damutzen naiz garai hartan ahalegin handiagoa egin ez izanaz.

Zer eman dizu eta zer kendu dizu triatloiak?

Ez da eman edo kendu. Aukera bat hartu nuen, eta bertan egin dut bidea. Beste gauza batzuk alde batean geratu ziren, baina ez dut sentitzen ezer kendu didanik. Gustatzen zitzaidan bizimodua da. Adibidez, inoiz ez naiz oso parranda zalea izan, beraz, arlo horretan, ez dut sentitzen ezer kendu dudanik. Libreki erabakitzeko aukera izan nuen, eta gustuko dudan zerbaitez bizi izan naiz… alderantziz, gauza asko eman dizkit.

"Internet bidez neurrira egindako entrenamenduak prestatzen ditut"

Noiz esango zenuke profesional bezala hasi zinela triatloian?

Distantzia luzeetara pasa nintzenean, agian, 2004tik aurrera. Hala ere, zer da profesional izatea? Niretzat zerbaiten profesionala zara jarduera horrek bizitzeko ematen dizunean, eta hori aldatu egin da azken urteetan.

Nola aldatu da?

Batetik, profesionala izan zaitezke zure kirolean emaitza onak izaten, diru sari onak irabazten eta babesleen ekarpenak jasotzen. Bestetik, sare sozialetan lan asko egiten lor dezakezu profesional izatea; jende askorengana heltzen. Azken hori babesleentzat ere interesgarria da, haien produktua zabaltzen duzulako. Ez dakit azken hori kirol profesionala den edo komunikazio profesionala. Garai batean triatloiko profesionalak ziren emaitza onak lortzen zituztenak, eta emaitza horiek lortzeko asko entrenatzen zuten; azkenaldian hori guztia nahastu da, eta aukera gehiago daude.

Sare sozialetan nahiko aitzindari izan zara, urte askotan.

(Barre egiten du) Bai, bai, Youtubera gauza batzuk igotzen genituen, Youtube beste zerbait zenean; kronikak egiten genituen, besteak beste. Saiatu naiz beti eguneratuta egoten. Facebook atera zenean gauzak publikatzen nituen. Gerora Twitter heldu zen, Instagram… Saiatu naiz beti bertan egoten; babesle batentzat ere hori garrantzitsua da. Gaur egun profesional batek hori ere hartu behar du kontuan.

Beste maila batean, triatloian bete-betean lehiatzen egon zaren urte guztietan dieta begetarianoa izan duzu. Pertsona askok, baina, ez dute horren berri. 

Hamazazpi urtetatik ez dut haragirik edo arrainik jan, baina esnea eta arrautzak hartzen nituen. Azken lau urteetan ez dut animalia jatorriko produkturik kontsumitzen edo erabiltzen. Arrazoi etikoengatik hartu nuen erabakia. Ulertzen dut, gauden momentuan, animaliei ez diegula zertan eman behar ematen diegun tratua, edo, behintzat, asko murriztu dezakegu eragiten diegun sufrimendua. Ez dakit damutzen ote naizen gehiago aldarrikatu ez izanaz. Gustatuko litzaidake pertsona gehiagok hartzea erabaki hori; ikus dezatela goi mailako kirola ere egin ahal dela, eta bizitza normal eta osasuntsua izan, animalia jatorriko produkturik kontsumitu eta erabili gabe.

Inoiz informazio gehiago izan al zenuen faltan gai horretan, goi mailako kirolera zuzendutako dietak buruan?

Informazio askorik ez zegoen. Gaur egun supermerkatuetan eskaintza zabala dago; garai batean belar-dendetan eskatu behar zenuen soja-esnea, eta balio zuen balio zuena. Informazioarekin gauza bera gertatzen zen. Bideo batzuk ikusi nituen, aldizkari batzuetan gaiarekin lotutako artikuluak zeuden, libururen bat edo beste… Hala ere, ez zitzaidan gehiegi kostatu, eta ez zen bereziki gogorra izan, baina egia da informazioa falta zela.

Triatloian hasi zinenean, erreferenterik al zenuen? Norengan jartzen zenituen begiak?

Hawaiiko Ironman proba erreferentea izan da triatloi munduan. Hasieran distantzia laburragoetan ibili nintzen, baina gure erreferentea lasterketa hori zen. 1980ko hamarkadaren amaieran Dave Scott eta Mark Allen ziren triatloi horren buruan zeudenak, eta nik Mark Allen oso gustuko nuen. Ez zen idoloa, baina nire hastapenetan horiek begiratzen genituen. 

Zu ere askorentzat erreferente izan zarela onartua izango duzu, ezta?

Suposatzen dut azken urteetan norbait nigan fijatuko zela… (Barre egiten du) Batzuk esan didate triatloian hasi zirela ni ikusi eta gero. Suposatzen dut ez direla asko izango, baina egongo dira, bai.

Profesional bezala egin duzun azken hilabeteetan esker oneko keinu asko jaso dituzu.

Etxeko probetan parte hartu nahi nuen. Zuiako duatloian, Ibizako munduko txapelketan, eta, azkenik, IruÒea, Gasteizko eta Zarauzko triatloietan. Hasiera batean denboraldia apur bat gehiago luzatu nahi nuen, baina Zarautz eta gero saturatuta nengoen, eta Gasteiz eta Zarautzen agurtzea erabaki nuen. Oso politak izan ziren. Antolatzaileak, beste parte hartzaileak… Oso hunkigarria izan da. Maitasuna jarri diete egin dizkidaten agurrei. Txapelak, bertsoak, aurreskuak… Oso polita, eta oso etxekoa. Ez nuen ezer handirik espero, baina lan handia egin zuten agurra prestatzeko.

Eliteko kirol ibilbideari agur esan eta gero, zer nahiko zenuke jendeak gogoratzea zure lanaz?

Nik zer dakit… Norbaitentzat uneren batean erreferentzia izan banaiz, eta balio positiboren bat transmititu badut, horrekin geratzen naiz. Hori da garrantzitsuena niretzat. Ez horrenbeste jendea triatloian hasi izana nigatik, baizik eta zintzo lan egitea, zintzo lehiatzea, gauzak ahal den ondoen egiten; balio horiek transmititzea.

Adibide asko utzi dituzu. Besteak beste, Malagan, buruan zeundela, zuk zeuk kanporatu zenuen zure burua, biribilgune batean nahastu eta bide laburragoa egin eta gero.

Hori izan beharko litzateke kirola. Balio positiboren bat islatu badut kirolaren bitartez, hori da garrantzitsuena.

Zergatik erabaki duzu orain agur esatea?

Galdetzen zidatenean ea noiz erretiratuko nintzen, ez nuen inoiz datarik jartzen. Gustura nengoen, eta maila dezente batean ari nintzen. Aurreko urtean ondo aritu nintzen, baina sentitu nuen gehiegi zela. Bi ume, suhiltzaile lana, jendea entrenatu… Nahi nuen markatu muga bat: puntu honetara arte dedikazio handia eskaini diot goi mailako triatloiari, eta, hemendik aurrera ez da hala izango. Zoragarria izan da bidaia guzti hau, urte asko izan dira, agian gehiegi, baina hemendik aurrera beste gauza batera.

Gaur egun, neurrira egindako entrenamenduak prestatzen ditu. Argazkia: E. Llanos

Zaila izan da kudeatzea triatloia eta aitatasuna?

Semeak bederatzi urte ditu. Gero eta nagusiagoa da, independenteagoa arlo batzuetan, eta horrek antolatzeko aukera gehiago eman zizkigun. Duela bi urte alaba heldu zen, eta hartzen ari ginen erritmoa aldatu genuen berriro. Denbora gehiago eskatzen du. 

Zure bikotea, Ruth Brito, puntako triatleta da.

Ruthek triatloi eskola du Estadioan, baina horrez gain lehiatu nahi du, eta horretarako entrenatzen du. Bion artean moldatu behar dugu. Horregatik, kudeatu beharreko gauza asko genituenez, lehentasunen arabera gauza batzuk baztertzeko unea heldu zen.

2020tik suhiltzaile lanetan ere ari zara, ezta?

Bai. Eta hori ere lana da. Triatloian profesional izaten saiatu naizen bezala, suhiltzaile bezala ere profesionala izatea izan dut helburu. Zaila da, baina ez da egunero zortzi ordu bulego batean egotea. Aukerak ematen ditu kirola egiteko, eta, alde horretatik, beste lan batzuk baino erraztasun handiagoak eman dizkit. Agian, suhiltzaileetan sartzea izan da gogorrena. Bi oposaketa egin ditut, eta horiek ikasteko triatloia alde batera utzi behar izan nuen, hainbat hilabetez.

Etorkizunean triatloiarekin nolabaiteko lotura mantenduko al duzu?

Internetez neurrira egindako entrenamenduak prestatzen ditut, eta Ruth ere laguntzen dut. E-TRI deitzen da eskola eta kluba, eta bertan ekintza asko egiten ditu. Bera da burua, baina kasu batzuetan nik ere parte hartzen dut. Beraz ez, ez naiz triatloitik gehiegi urrunduko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago