Ikastetxeetan ere berdeak aurrera egin dezan

Juanma Gallego 2023ko urr. 22a, 06:00

Ikastetxe askok beren jolastokietan elementu naturalak sartzeari ekin diote, eta hainbatek ortuak jarri dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gero eta gehiago dira azken urteotan jolastoki naturalizatuen eta ortuen alde egin duten ikastetxeak. Gasteizen egindako topaketa batean halako jarduerek "aldaketa ekosozialerako" duten garrantzia aztertu dute hainbat adituk. Diotenez, "erresistentziak" gero eta gutxiago dira, eta dagoeneko ez da zerbait bitxitzat ikusten. 

Landatutako Unibertsitateen Sareko V. topaketak izan dira hilaren hasieran Gasteizen Hazi Campusa EHUko Arabako Campuseko Baratze Ekologikoen eskutik, eta hitzordu horretaz baliatu dira Euskal Herriko ikastetxeetan gero eta zabalduago dagoen jardun baten inguruko gogoeta egiteko Patios naturalizados y huertos para la educación ecosocial izeneko mahai inguruan. Gasteizen izanda, azken hamarkadetan hirian gai horien bueltan erreferentzia izan den IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren eskarmentua izan da mahai gainean jarri duten lehen ikuspegia, bertako teknikari Roberto Gonzalez Argoteren eskutik. Hala, topaketan egon direnek lehen eskutik ezagutu ahal izan dute nola abiatu zen Gasteizko esperientzia aitzindaria. "Planteamendua eraztun berdean hasi zen, baina gero eta gehiago hiri barrura zabaltzen ahalegintzen ari gara", dio Gonzalezek.

Gogora ekarri du garai batean ortu ilegalak zeudela aldirietan, eta hori guztia ordenatzen ere jardun behar izan zutela. Ondoren etorri zen pixkanaka hirirako sarbidea, bai eta ikastetxeetara ere, baliabide didaktiko gisa. 

"Gasteizen ikastetxe asko daude, eta horiek espazio aproposak dira berdea sartzeko eta laborategi gisa erabiltzeko; berdeak eta naturak berezko lekua izan behar dute bertan ere", aldarrikatu du adituak. Alabaina, hori egin ahal izateko mahai inguru osoan zehar askotan errepikatu den kontzeptuaren beharra azpimarratu du: parte hartzea: "Eraldaketa ekosozialerako edozein aurrerapen akordioetan oinarritu behar da", babestu du Gonzalezek, gainerako adituak buruarekin bat datozen bitartean. 

Hazi Campusak antolatutako ekitaldi bat izanda, IGIko teknikariak nabarmendu du EHUrekin mantendu izan duten harreman estua. "Guretzat premiazkoa da etorkizuneko irakasleak formatzea, bai eta orain lanean ari diren irakasleak ere", nabarmendu du. Ez omen da soilik ingurumenari lotutako kontua: "Ebidentzia zientifikoak babesten du naturan hezteak errendimendu akademikoa hobetzen duela".

Unibertsitatearekin ez ezik, jasangarritasunari lotutako praktika hauek guztiak lehen urratsetan txertatzearen garrantzia ere argi izan dute hasieratik. "Horretarako, programa pilotua martxan jarri genuen Lehen Hezkuntzan", argitu du Gonzalezek.

Gasteizen, arlo horretako ardura du, hain justu, Maria Bredak. Lehen Haurtzaroko Hezkuntza Unitateko arduraduna da udalean. Hortaz, gertutik ezagutzen ditu ikastetxeetan egiten ari diren "naturalizazio prozesuak". Dioenez, IGIk egindako azterketa baten ondoren konturatu ziren ikastetxeetan azaleren %81 porlana zirela. "Kezkatzeko modukoa zen", argudiatu du. Modu oso argigarrian ikusi zuten Gasteizko errotondetan "jolastokietan baino natura gehiago" zegoela. Horrez gain, erantsi du hezkuntza prozesu integralak jasotzeko moduko "espazio inklusiboagoak" nahi zituztela. "Hezkidetza, inklusioa eta jasangarritasuna ziren abiapuntu nagusiak". 

EGONGO DIREN "ERRESISTENTZIAK" EZAGUTUTA, HORIEI AURRE EGITEN AHALEGINTZEN DIRA

 

Zeregin horretan, argi ikusi zuten halakoak eraikitzeko hezkuntza komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa zutela. Bestela, halako proposamenek "zerutik eroritako" gisa hartuak izateko arriskua zuten. Dena dela, Gasteizen ikastetxe asko daudela aintzat izanda, ezinbestean nolabaiteko hurrenkera ezarri beharrean daude, eta horretarako erabiltzen diren irizpideak ez dira beti horren bistakoak. Logikoa denez, porlan asko duten ikastetxeak dira lehenetakoak, baina beste ezein arrazoiagatik obrak egin behar baldin badira, abaguneaz baliatzen dira "naturalizazioa" abiatzeko. Bestetik, eskolaren kokagune fisikoaren arabera ere desberdina da lehentasun maila. "Auzo zaharrenetako ikasleek naturgune gutxiago izaten dituzte inguruan, eta horiek lehentasunezkoak dira guretzat". Baina irizpide fisikoez harago, irizpide sozioekonomikoek ere pisu handia dute erabakitzeko unean. "Baliabide gutxien dituzten familiek normalean ez dute hainbeste aukera naturara ateratzeko", jarri du adibidetzat. 

Behin aukeraketa eginda eta prozesua abiatuta, Bredak aipatu du parte hartze kontzeptuarekin batera mahai inguruan sarri agertu den beste kontzeptu bat ere: halako proiektuen aurrean sortzen diren erresistentziak. Honezkero soberan ezagutzen dituzte nondik etorri behar diren, eta, horregatik, ahalegintzen dira agertu baino lehen horiei aurrea hartzen. "Familia edo irakasleen aldetik etorri daitezke, edo garbitzaileen eskutik. Baina haurrek ere erakutsi ahal dituzte erresistentzia horiek. Bereziki mutilei asko gustatzen zaie futbola, eta kirol espazioak murriztuko zaizkielako beldurra izaten dute", ziurtatu du udal arduradunak. 

Elikadura, barne 

Erresistentzia abiatzen duen beste klasiko bat eskola ortua da. "Oroitzen naiz 2011n hasi ginenean, irakasle gehienek esaten zigutela beraiek ez zutela inondik inora eskola orturik jarriko", ekarri du gogora Bidezko Elikadura elkarteko Patricia Gomezek. Dioenez, orain horietatik askok ortua jarri dute eskolan. Dena dela, "erresistentzia horiez gain, ilusio asko ematen duten" prozesuak direlako pozik agertu da Gomez. "Prozesu hauei esker, kolektibo berrien ekarpenetara ireki dira ikastetxeak: ekoizleak, sindikatuak, auzo elkarteak... Ikastetxeak gero eta prestutasun handiagoa dute hezkuntza komunitatea handitzeko". Gauzak hala, ortuak hezkuntza baliabide gisa "kohesio soziala ahalbidetzen" duela sinetsita dago Bidezko Elikadura elkarteko kidea. Are, "izaera ekosoziala" duten bestelako tresna eta metodologiak sartzeko bidea dela babestu du. Besteak beste, desberdintasuna, pobrezia, energia pobrezia edo malnutrizioa aipatu ditu.

Landatutako Unibertsitateen Sareko V. topaketen barruan egin dute mahai ingurua, Micaela Portilla ikergunean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Prozesuan ikastetxeek laguntza behar dutela aldarrikatu du Gomezek. Besteak beste, ortu bakoitzeko arduradun bana izateko beharra azpimarratu du; "ikastetxetik joanez gero, ardura hori mantendu dadin". Bestalde, ortuek hiritarren bizi kalitatea hobetzen dutela babestu du, eta erantsi du haurrak txikitatik hezi behar direla halako praktiketan, horrek ahalbidetuko dielako "elikadura osasungarri bat edukitzea".

Berritzeguneko teknikari Jokin Lapazak urteak daramatza ingurumen hezkuntzaren munduan. Duela hiru hamarkada sortu zen erakundearen aurrekaria, Jaurlaritzaren Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiaren bidez. "Estatu mailan aitzindaria izan zen, Ingurumen eta Hezkuntza sailak ados jarri zirelako ingurumen hezkuntza sustatzeko". Denborarekin Ingurugela zentroa bilakatu zen, eta orain Berritzegunearen parte dira, Hezkuntza Sailaren ardurapean. Urteek ematen dioten perspektibarekin, baikor azaldu da Lapaza. "Testuingurua inoiz baino lagungarriagoa da orain. Irakasleak, zuzendaritzak eta instituzioak kontzientziatuagoak daude, eta curriculum berrian gero eta sartuago dago eraldaketa ekosozialaren beharra", azaldu du. Haren esanetan, ortua ez da zertan izan denbora pasatzeko, "ikasketa prozesuak abiatzeko eta jasangarritasunari lotutako gaitasunak garatzeko" baizik. Gainera, etorkizunean gero eta presenteago egongo den zerbait dela aurreratu du. "Europako Batzordeak berak lantalde bat sortu du jasangarritasunaren gaitasuna diseinatzeko. GreenComp izena eman diote".

2030erako Agenda

Europatik aski bultzatu ohi dituzten Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat aukeratu ohi du ikastetxe bakoitzak. "2030erako Agendarekin kritikoagoak diren ikastetxeen kasuan, gertu duten arazo ekosozial bat aukeratzen dute", argitu du Lapazak. Parte hartzen dutenek diru laguntza bat eskuratzen dute horregatik, eta diru hori naturara irteerak antolatzeko erabiltzen dute askotan. Batzuk harago joan eta eskolan urmael bat jartzera animatzen dira. Kasu horietarako, Aranzadi Zientzia Elkartearekin harreman estua dute, Eskoletako Urmaelen Sarearen bidez.

HARAGO JOATERA ANIMATZEN DIREN IKASTETXEEK URMAEL BAT JARTZEN DUTE JOLASTOKIAN

 

Halako proiektuetan aitzindari izan den Urduñako eskolaren adibidea ere ekarri izan dute topaketara, Hedera Hezkuntza-espazioak naturalizatzeko elkarteko Ivan Tellaetxeren eskutik. Babestu du espazio naturalak ez direla mugatu behar jolastokietara; aldiz, "modu sistematikoan udalerrian integratzearen" alde azaldu da. "Diseinatzea ez da soilik espazio bat marraztea; bada ere beharrak, aukerak, mugak edo baliabideak identifikatzea. Urduñan konturatu ginen umeek parte hartzen dutenean, eskuak zikinduta ere, prozesuak aurrera egiten duela. Informazio eta sinbiosi bat sortzen da. Emaitza bera baino, prozesua bera ere garrantzitsua da". 

Aurkitu duten muga handienetakoa da espazioen mantentzea. "Normalean espazioa udalarena da; baina, bertako langileek behar adina baliabide eta ezagutzak al dituzte? Zer gertatzen da oporraldietan?", bota du galdera. Ez da eragozpen bakarra. Kasurako, Tellaetxek gogora ekarri du zelan lizitazioa bera abiatu baino lehen beraiek "ia-ia ezkutuan" ikastetxeko lurrak atondu zituzten, bi kontainer lur ekarrita, materia organikoa garatzeko beharrezkoak ziren sarbegiak egokituz. "Jakin bagenekien jolastokia moldatzeko kontratua hartuko zuen enpresa lurra ekartzera mugatuko zela". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago