Maialen Berasategik irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria

Erredakzioa 2023ko urriaren 17a

Maialen Berasategi Catalan, bigarrena ezkerretik. Argazkia: IREKIA

Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren 'Paradisua' obraren itzulpenagatik Euskadi Literatura Saria irabazi du Maialen Berasategi Catalan itzultzaile gasteiztarrak, Joxemari Berasategi Zurutuzarekin batera.

Joan den astean 2023ko Euskadi Literatura Sarietako irabazleetako hiru ezagutu ostean —horien artean Patxi Zubizarreta, Zerria lanagatik—, astelehen honetan jakinarazi dituzte beste lau irabazleak, Gasteizko Artium Museoan egindako ekitaldian: Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz, Gaztelaniazko Literatura eta Saiakera Gaztelaniaz.

Gure lurraldeari dagokionez, Maialen Berasategi Catalan (Gasteiz, 1989) arabarra nabarmendu behar da irabazleen artean. Izan ere, Joxemari Berasategi Zurutuzarekin batera irabazi du Euskarazko Literatura Itzulpen onenaren Euskadi Saria, Paradisua (Abdulrazak Gurnah, Elkar, 2022) obra itzultzeagatik.

Xabier Olarrak, Jose Manuel Lopezek, Koldo Bigurik, Arantxa Etxebarriak eta Idoia Gilleneak osotutako epaimahaiaren iritziz, "irakurketa gozoko testua" lortu dute itzultzaileek, "itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta". Gainera, epaimahaikideek uste dute "euskara idatziaren tradizio klasikotik aldendu gabe, Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe hurbiltzen zaiola euskal irakurleari, irakurketa gozamen eta atseginbide bihurtuz belarriarentzat".

EHUn Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziaduna da Maialen Berasategi, eta gaur egun Berria egunkarian dihardu itzultzaile eta zuzentzaile lanetan. Gainera, ibilbide luzea du literatura lanen itzulpengintzan, dagoeneko hainbat lan ekarri baititu euskarara.

Beste irabazleak

Aste honetan iragarritako beste hiru irabazleak honako hauek izan dira: Miren Billelabeitia Benjoa, euskarazko saiakera onenaren saria Norberak maite duena (Pamiela) lanagatik; Alejandro Morellon Mariano, gaztelaniazko literatura lan onenaren saria El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) eleberriagatik; eta, azkenik, Ander Izagirre Olaizola, gaztelaniazko saiakera onenaren Euskadi Saria Vuelta al país de Elkano (Libros del K.O.) lanagatik.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi Literatura Sarien helburua da "irakurzaletasuna sustatzea, irakurle berriak gure literaturara hurbiltzea eta gure egileen lana zabaltzea eta bultzatzea". Kultura Sailak zazpi sari banatzen ditu urtero, eta aurtengo ekitaldia Getxoko Muxikebarri Zentroan izango da azaroaren 15ean.

Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, beste 4.000 euro eskura ditzake.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago