Iñaki Urbizu Azáceta 'Pela'

"Kontserbatorioan esaten zidaten ez nuela balio musikari izateko"

Ruben Sanchez 2023ko urr. 15a, 08:00

Argazkia: Ruben Sanchez / ALEA

Marky Ramonerekin Espainiako Estatua, Alemania, Suedia eta Belgikako tourretik itzulita, Víctimas Club eta La Excavadorarekin kontzertu bana eman, atseden egun bat hartu, eta Pelak proposatuta Errekaleorren egin dugu hitzordua. Hango tabernan estreinatu zuen Tornillos eta Los Gramones taldeekin.

Bigarren abizenarekin hasi da. "Anaia-arrebak joan ziren Azazeta jartzeko eskatzera, beraiei onartu zieten baina niri ez, 'c' puta horrekin utzi ninduten, kaguendios. Gero buelta eman nion, eta pentstau nuen: aititak bezala idatziko dut, bere 'c' eta bere tildea". Umetan, gurasoen kaseteen gainean anaia-arrebekin kantak grabatzen hasi zenetik gaur arte, Do it yourself izan da bere bidea. Gurean artista txiki-handi bat da, nazioartean Marky Ramoneren bandako kantaria, rockstar bat.

Zer moduz joan da bira?

Izugarria izan da, bai Estatu espainiarrean, Alemanian… dena beteta.

Latinoamerikan eta beste kontinenteetan ere ibili izan zarete.

Han rock izarrak bezala ibiltzen gara, jendea zain hotelean, segurtasunekoek ateratzen zaituzte, fanek uste dute benetako The Ramones garela, kar-kar.

Eta Marky zer moduzkoa da?

Gurekin kriston ondo portatzen da, baditu bere gauzak, eta egun txarrean harrapatuz gero, kontuz, baina besteekin, bandakookin tipo ederra eta eskuzabala da.

Zenbat urte ditu?

71. Uztailaren 15ean bete zituen, Johnny Thunders, Pako Eskorbuto eta nire lagun Nereren egunean. Adin hori izateko oso ondo darama jotzearena, eta birena! Hori da gogorrena: kamionetan batetik bestera ibili, hotela hemen, hotela han, leku batera lehertuta heldu eta jotzera atera… Tira, Mercedes putan lan egitea baino hobea da, baina baditu bere gauzatxoak.

Non hazi zinen, Pela? Zein eskolara joan zinen?

Judimendin, hemen [Errekaleor] ondoan. Aurrena Ikasbideara joan nintzen, bota ninduten arte, gero Francisco de Vitoriara, han ere bota arte, eta ondoren lan merkatuan sartu nintzen kar-kar-kar. Kontserbatoriotik ere bota ninduten. Leku guztietatik bota naute!

Beharbada, zu ere bazinen arazoaren parte?

Bai, bai, beraiek denak ezin dira arazoa izan, neu bota banaute leku guztietatik. Jende guztiarekin gaizki moldatzen zarenean bezala; begira, beharbada arazoa zeuk daukazu. Argi dago arazoa neu nintzela, noski, baina, tira, grazia egiten dit kontserbatorioan denek esaten zidatela ez nuela balio musikari izateko eta orain denek aitortzen naute musikari gisa.

Instrumenturen bat jotzen zenuen?

Ez, solfeoa eta kantu korala, solfeoa sekulako txapa zen: teoria, harmoniak, kantu gregorianoa…

Lehen lan merkatua aipatu duzula, Mercedesen lan egin zenuen urte askoan, ezta?

Bai, bide batez, asko gustatu zitzaidan idatzi zenuen artikulua, oso guai egon zen eta esku batetik bestera ibili zen han, e! Neu sartu nintzenean sindikatu buztanjaleak ELA eta UGT ziren, ni ELAkoa egin nintzen finko egin nintzaten eta gero alde egin nuen. Egoitzara joan eta "Aizu, desafiliatu nahi dut!", "Zergatik?", "Desafiliatu nahi dut, besterik gabe", "Baina eman behar didazu motiboren bat", "Ez dizut emango", "Bestela ezin dut hurrengo pantailara pasa", "Ados, ba jarri hauteskundeetan aurkezten direnak putakume batzuk direla". Gero, ELAk buelta eman zion bere jokabideari eta orduan salduek Ekintza sortu zuten. Begira, inoiz ez nion egin kantu bat lantegiari, baina alde egin eta gero bai, bi kanta, bat buztanjaleei eta bestea pertsonaleko nagusiei. 22 urtez ibili nintzen, baina tira, pisua ordainduta eta zorrak kitatuta dauzkat, eta orain bizitzera! 22 urte, ze nazka. Bueno, ondotik pasatzen naizenean –maiz, nahiko gertu bizi naiz eta– ez zait ezer mugitzen barnean, ez onerako, ez txarrerako. Ez ditut gorroto, ez ditut maite, ez ditut oroitzen. Lan horiek hori dute ona, alde egiten duzunean ez duzu ezertarako gogoratzen, ez duzu etxera lana eramaten, makina bat bezalakoa zara.

"Ez zaizkit gustatzen dena idatzita duten taldeak: noiz agurtu, noiz hitz egin..."

Alderantziz ere, lantegiak ez zaitu gogoratzen, ezta?

Askok ez dakite hori, eta esker ona agertzen dute. Tira, ulergarria da, batzuek ez dute ezertarako balio izan inoiz, eta lantegi batek hartzen bazaitu, esker ona agertzen dute. Neuk ere ez nuen ezertarako balio, baina ekinaren ekinez egin dut nire bidea kar-kar.

Musikara itzulita, zer entzuten zenuen txikitan?

Gurasoek ez zuten musika asko entzuten etxean, bazituzten kasete batzuk euskal musikarekin edo 70.eko arrakastak… Buru pixka bat egin orduko arreba, anaia eta hirurok gure abestiak egiten eta bertan grabatzen hasi ginen, euskal kantu tradizionalen bat hartu eta hitzak aldatzen genizkion: Errealeko Arkonada, madrildarren kontra euskaldunak gorroto gintuztelako, umetako paranoiak, kar-kar! zaharrei entzundako gauzak. Hiru anaia-arrebak musikariak gara, Los Biznietos de Celedon fanfarrean jotzen genuen, nik saxoa –gero jakin nuen RIPeko Txerra eta Jul ere fanfarrean jotzen ibili zirela, beraz, ez da hain eskola txarra izango punkerako–. Begira, fanfarrean, Louie, Louie kanta ikasi nuen adibidez, rockaren klasikoa: sol, sol, sol, do, do, re, re, re, do, do. Gero baxua hartu nuenean, originala ezagutu nuen. Ikasi nuen Glenn Millerren abestiren bat, Beatlesenak. Paniko eszenikoa arintzeko ere balio izan zidan. 12 urterekin hasi nintzen han.

Eta zure lehen taldea: Obligaciones del Estado.

Fer anaiak, lehengusuak eta hirurok rockeroak izan nahi genuen, nik 15 urte nituela hasi ginen. Anti lehengusuak lehen gitarra erosi eta biharamunean abestiak egiten hasi ginen. Anaiak klarinetea eta nik saxoa. Gero ni bateriara pasatu nintzen. Laster ohartu ginen klarinetea ez zela rocka, eta anaia gitarrarekin hasi zen; nik baxua hartu nuen eta bateria-jotzaile bat hartu genuen. Aurrekoan, Markyri esan nion egin genuen lehen kantaren lau akordeak, handik urte batzuetara, The Ramones ezagututakoan, euren kanta baten riffaren berberak zirela. Bide onetik gindoazen.

A ze kointzidentzia!

Bueno, tira, ez hainbeste, azkenean kanta pila bat egin dira gitarraren puntuetatik ibilita, eta halako kointzidentzia asko daude.

"Azkena Rock 'putetxe' bat da: dirua atera, mundu guztia kaka bezala tratatu, dena super garesti..."

Nola ikusten duzu urteak pasata?

Kanta batzuek, beharbada, ez dute maila ematen –bere garaian ere ez, beraz–, baina gehienek denboraren galbahea ondo pasatu dute. Orain, talde pila bat egiten ari dira Obligasen bertsioak, FBtik bidaltzen dizkidate eta subidoi bat da. Hirugarren lerroko taldea izan ginen, esan nahi dut, ez ginen RIP edo Katezismo Katoliko, baina gazteek aurkitzen dutenean, gustatzen zaie, eta guai dago. Nire ustez egin genuen materiala oso ondo zahartu da, nahiko harro nago.

Zergatik desegin zen?

2009 inguruan, Anti eta biok hasiak ginen bestelako soinu eta istorioetan. Ni baxu jotzaile gisa mugatuta nengoen, Epi baterista gisa ere… oso Ramones ginen. Jakin behar da noiz izan zaren garaitua, Gladiatorren hasieran esaten duen moduan, kar-kar. Ba, horixe, guk horrela ulertu genuen, eta utzi genuen. Antik eta biok jarraitu genuen eta Sumision City Blues sortu genuen. Hor ohartu nintzen talde berriak egiteak bizirik eta gazterik irauten laguntzen dizula.

Zer bilatzen zenuten?

Erroetara jo nahi genuen: bluesa, soula, countrya… Bagenituen kanta batzuk ez zitzaizkigunak guztiz ateratzen, punkaren bidez ezin genituen atera. Horiek eraman genituen Sumisionera, batzuk aspaldikoak Las víctimas del Chacal adibidez, grabatuta neukan anaia kantari.

Eta hor baxua utzi eta frontman gisa ekin zenion.

Bai, bueno Gramonesekin –The Ramonesen bertsio talde bat–, kantari ibili nintzen, baina beste bat imitatzen, ondoren egin nuen cabrarena, bai. Oso zaila egin zitzaidan frontman gisa hastea. Urte pila bat eman nuen baxuarekin, eta zaila da hortik ateratzea.

"Arriskuak harturik asmatzen duzunean, satisfakzioa handiagoa da"

Nola egin zenuen?

Gustuko frontmanei hasi nintzen begira. Gehienek jotzen dute Iggy Pop edo Mick Jagger imitatzera, nik nahiago nuen Judimendiko Elvis bat izan, auzoko Elvis zakar bat; Lux Interior, Alice Cooper… Zerbait ausartagoa; ez duzu espero Judimendiko punk batek Elvisen mugimenduak hartzerik, tira, beharbada, hain gaizki egiten nituen, inork ez zuela horrela ikusi, kar-kar! Dantzan ez naiz oso ona, gehiago maite dut kantak antzeztea.

Hori entsaiatzen al da?

Bai, baina txorakerietan, dutxako ispiluan, neskalagunarekin etxean dantzatzen… eta hortik eszenatokira. Boloek flowa eman didate, zerbait espontaneoa behar du izan, ez zaizkit gustatzen talde horiek dena idatzita dauketanak: noiz agurtu, noiz hitz egin, noiz kamisetak bota…

Nola zahartu da Sumision?

Berdin, kanta askorekin oso harro nago, denak ez ziren onak izan. Gainera, Sumisionekin gauza ezberdin gehiago probatu genituen eta grabatzean ni ez nengoen guztiz konbentzituta. Asko bitxeatu genuen, baina lokalean denak gara Mazinger Z; gero grabatutakoa zuzenekoetan defenditu behar da, hor ikusiko duzu funtzionatzen duen.

Marky Ramonerekin bira zabala du udazkenean. Argazkia: M. Rivero

Eta, tartean, Los Tornillos eta Piztu Punk.

Los Tornillos Obilgacionesekin batera sortu genuen, garage musika zen Devil Dogs, Mono Men… Hemen Errekaleorren estreinatu ginen, Los Gramonesekin ere bai, Martinen tabernan. Los Tornillosekin maketa bat utzi genuen, oso harro nagoena, eta gero grabatu zuten disko bat, oso ondo geratu zitzaiena. Piztu Punk, Piztu Gasteizerako sortu genuen; RIPeko Txerrak eta Julek bertsio batzuk egin nahi zituzten (The Godfathers, U.K. Subs, Radio Birdman…) eta ingelesez kantatzen zekien norbait behar zuten, nik ez nekien ingelesez baina baietz esan nien. Aitor Aitornillo hil zen, Guey sartu… Beti jotzen genuen kausa baten alde, presoak… Halako batean gure kanta propioak egiten hasi nahi izan genuen, eta euskaraz ere, zeren Txerra baterista da, baina militantea ere bai. Ni euskaraz pixkat moldatzen naiz, baina hitzak egiteko ez, orduan Zigotok (Zigor Oleaga), Artolak (Unidad Alavesa) eta Mikelek (Sexty Sexers) egin zizkiguten hitzak. Nire ustez, talde horretan ez zegoen inplikazio maila bera denen aldetik eta ez genuen lortzen gauzak bukatzea… Eta 2019an izan nuen krisian, Sumision eta Piztupunk utzi nituen. Ondo egon zen, Leire sartu zen eta orain Txerrarekin segitzen dute Zeron. Gure abestiak grabatu genituen, eta bertsioak ere bai, eta oker ez banago Julen azken grabazioak izan ziren.

Eta Difunto Peladilla?

Bai, lehen alea maketa bat izan zen 90eko hamarkadan, "4 pista" batekin kasete ramonero batzuk grabatu nituen. Eta pandemia aurretixe bigarren alea etorri zen, Sumisionen sartzen ez zitzaizkidan abesti batzuekin. Nik gitarra berri bat hartu orduko, buruan ditudan abestiak etortzen zaizkit, orduan grabatu eta ateratzen ditut, kito. 500 kopia atera nituen, q-base erabiltzen ikasi nuen, eta postaz saldu nituen denak. Ekonomikoki pandemiari aurre egiteko balio izan zidan.

Eta zure liburua…

Bai, idatzitako hitzekin osatu nuen, Txitxo Amilik eman zidan ideia. Niri beti gustatu zaizkit letren liburuak: David Bowie, Lou Reed, Bob Dylan… Zuloan hartzen nituen. Beraz, nirea egin nuen. Maketatzen ikasi nuen Do it yourself, eta egin.

Eta Victimas…

Sumisionen une batean galduta sentitzen nintzen, ematen zuen kanta batek kortxeak, borobilak edo isiluneak bazituen, ezin zela jo. Kantek galbahea pasatzea zaila zen, eta batzuk niri ez zitzaizkidan gustatzen. New Yorkeko kaleetan barna paseatzen ari nintzela –27 km egin nituen!– reset egin behar nuela ondorioztatu nuen, eta horregatik bukatu nuen Sumision eta Piztu Punk. Josebarekin musikalki oso ondo ulertzen nintzenez, harekin hitz egin eta biok genuen ideia bera: punk banda bat piano batekin nahi genuen probatu. Sumision bukatzean, Davidi esan genion, kristoren baterista da eta pena ematen zigun musika mierda jotzen ibiltzeak, gurekin musika guaia egin ahal zuenean kar-kar-kar! Baxuan ohiko zirkulutik atera eta norbait arrotzagoa nahi genuen, Osoroni galdetu genion ea baxurik ezagutzen zuen eta "ni neu" erantzun zigun. Eta pianoan jende guztiak esaten zigun Julen, jazz eta reggaetik zetorren. Berak ez zekien nondik heldu, guk ere ez genekien oso ondo zer esan, baina oso ondo joan zen. Azkenean, baxuaren ondoan aurkitu genion lekua, kanten groovea azpitik jotzen, gero sintetizadoreak hartu zituen, eta sekulako grabea dugu. Oso oso pozik nago. Arriskuak hartzen ditugu, beharbada, publikoari gustatu ez dakiokeen gauzekin ausartzen gara, baina arriskuak harturik asmatzen duzunean, satisfazioa ere handiagoa da, nik beti behar dut holako talde bat. Hilabete honetan helduko zaizkigu material berriaren kopiak, maxi-single bat, Sonic Trash-ekin konpartitua, bideoklip bat ere egingo dugu, ideia ederra dugu, ea… Niretzat inoiz jo dudan bandarik onena da Victimas, oso pozik gaude.

Eta La Excavadora.

La Polla itzuli zenean, Gatillazoko hiruk bazituzten kanta batzuk eta zerbait berria egin nahi zuten. Hor ezberdina izan zen prozesua, oso erraz jarri zidaten, han kantaria naiz, kanten baseak eginda zeuden, eta gainetik kantatzeko esaten zidaten. Oso oso pozik nago, talde ederra osatzen dugu. Orain jotzen gabiltza, eta horrez gain abesti berriekin hasi gara, zerbait ateratzeko asmoz.

Rocka bera nola ikusten duzu?

Badira oso talde onak, hemen entzuten ari garenak, adibidez, –Señores Tensos taldekoak ondoko lokalean entsaiatzen ari dira–, ez dakit nortzuk diren baina gustatzen zaizkit. Gero, gertatzen dena da, badirela beste batzuk rocka bera desitxuratzen dutenak, zu ezin zara kontzertu batera galtza motzak eta kamisetan atera. Nik txikitan ikusten nituen rockeroek gaizto itxura zuten, haiek bezalakoak izan nahi nuen.

Eta emakumeak eta rocka?

Inoiz ez dut artista bat hankartean duenaren arabera epaitu; emakume rockerak beti egon dira eta daude. Programazioa kalitatearen arabera egin behar da, ez hankartera begira.

Zerbait egin beharko lukete instituzioek?

Begira, Gasteizen egon diren banda guztiekin, hemen inoiz ez digute ezer erraztu, ez bolorik, ez lokalik, ez ezer. Lokalen bat jarri dutenean, 22:00etan ixten dute. Baina zuk ezin diozu sortzaile bati esan 22:00etan etxera joan behar duela. Zenbat aldiz egon gara Ibun, eta goizeko bostetan berotu eta lokalean sartu? Nik hiru aldiz jo dut New Yorken; Judimendin, nire auzoan, behin, eta amaren herrian, Maeztun, beste behin. Zenbat aldiz jo dute  udalak ordainduta S.A.-k, edo Ruperrek edo Bingenek? Eta ez izen handiek soilik, bertako talde txikiagoak kontratatzeko espazioak ere sor litezke.

Iñaki Urbizu 'Pela', Errekaleorren. Argazkia: R. Sanchez/ ALEA

Edo dagoeneko boloak antolatzen dituzten tabernei eta jendeari lagundu?

Udalak ez ditu tabernak nahi, ez bada Toloñoren modukorik edo turistentzakoak. Eta horregatik ez dago eszena kulturalik; eszena gaueko bizitzatik elikatzen da, bizitza zitaletik. Goizeko seietan 120 pertsona daude, ipurtzuloraino drogatuta, baina horietatik sei edo zazpi mobida bat prestatzen ari dira, eszenak haztegi hori behar du. Egun, uste dut, after bakarra geratzen da –eta han hitz egiteko ere kar-kar–. Dena galduta dago, bueno dena ez, Errekan gaude!

Markyrekin zer plan dituzue?

Bira dezente dugu iraila bukaeratik hasita: Brasil, Argentina, Uruguai eta Txile. Gero hamar egun azaroan Italian, beste hamar New York eta inguruan, apirilean Espainiako Estatuan, Kalifornian… Israelen ere esan ziguten jotzeko baina uko egin diogu. A! Eta gero Floridara, hamar egun pasako ditugu gurutzontzi batean, ez dut batere gogorik merkatal gune flotatzaile batean pasatzeko, baina, tira, okerrago daude Mercedesen kar-kar-kar.

Nola bukatu duen rockak, e?

Bai, rocka ez da gehiago rollo herrikoi bat, hau bezalako lekuak geratzen dira benetako rocka entzuteko. Azkena Rock putetxe bat da: dirua atera, mundu guztia kaka bezala tratatu, behea jotzen ari diren taldeak, dena super garesti, joaten den jende mota, Metallicako kamisetekin Calexico ikusten… Ni lehenengo Azkenetara joan nintzen, aspaldi utzi nion. Rocka atrakzio parke bat bihurtu dute, kapitalismoak beti egiten du berdin, zerbait gustukoa badu erosten dizu. Zorionez, baditugu oraindik espazio txikiak non molestatzen duten mobidak sortu ahal diren. Molestatzen duten taldeak ez dituzte Azkenara eramaten. Rockak dirudunei potroak ukitu behar dizkie, mehatxaturik sentitu daitezela, ikusi dezatela hor behean arriskua dagoela. Agian letra argiagoak egin behar ditut, beti itzulinguruka ibiltzen naiz. Hori da ederra: beti geratzen da zerbait egiteko, dirudunentzat zerbait arriskutsua sortzea, panfletarioa izan gabe, adibidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago