Kultur agendan Ertzaintzak musika banda bat duela ikusi dut, eta nire buruari galdetu: zein izango da setlista? Klasikoak, folklorea ala, begi-keinu garaikide batean, Lau teilatu ere jotzen dute? Aitormena, ertzainek Hertzainei omenaldia eginez? Agian, Katedral bat gehituko dute etorkizunean! Aspaldi entzun nuen Labordetaren kanta bat Aragoiko herri-ereserki moduan hartu zela, baina ez dela onartzen ofizialki.
Ez dakit banda horrek kontzertuak aisialdian egiten dituen ala zeregin horretarako liberatuak diren, baina, egia esan, berdin zait. Burmuinak bere kabuz jarraitu du: orekatzeko, musika taldeek ere haien segurtasun-indarrak sor ditzateke? Rockean hainbat abesti hasten dira doinu militar batekin. Perkusioa protagonista da intro horietan, agian txirula bat gainetik. Efektua ona da gero, beste erritmo batekin, kontrastea sortzeko. "Gerra danborrak entzun dira...". Filmetan, eleberrietan, erritmo binario hori lagun –bat, bi, bat, bi–, soldadu bat izateko aukera izan dut. Soinu-banda hori etsaia ikaratzeko asmoz jotzen zen ala beldur propioa baretzeko? Abestia bandera moduan astintzeko ala, kaletik janzten diren entzungailuak bezala, errealitatetik ihes egiteko? Gerra eta musika, hori bikotea hori. "Bi behar dira tango baterako". Nork atera zuen nor pistara?
"Gaur egun abestiek sortzailea kartzelaratzeko boterea baino ez dute"
Gerrakoak dira gutxien gustatzen zaizkidan film eta eleberriak, baina bitxiak ere badaude. Kritika da nagusi horietan: bortizkeriak ez du zentzurik, norbaiti erasotzea zure burua erasotzea da... nahiz eta, askotan, erresistentzia irteera bakarra izan. Benetako gertakizunetan oinarritzen ez diren gerrak ere maiz kontsumitzen ditugu; normalean, erraz ikusten da nor den zapaltzailea eta nor zapaldua, eta ahularekin bat egiten dugu amen batean. Errealitatean, aldiz, paradoxikoki, enpatia urtu egiten zaigu. Errebeldeek arazoak sortzen dituzte: gure ordutegiak mugituko dituen garraio greba batetik olioaren prezioa igoko duen gatazkara. Justizia ez da hain gardena erosotasuna arriskuan denean. Nahi ditugun iskanbilek tronu-joko batean esertzen gaituzte edo hondartzako zerumugan proiektatzen dira.
Albistegiak ere atalka kontsumitzen ditugu. Azken blockbuster-ean pertsonaiak hasieratik banatu ziren: Putin diktadorea da, baina gerra hasi zenetik. Aurretik, ez genuen hitz hori entzuten bera aipatzeko. Iritzi-emaileak konforme zeuden ohiko errepresioarekin, baina orain arma-merkatua legitimatzen digute haren izenean... Lasai. Albistegia itzali eta eleberri historikoa mesanotxetik hartu, borroka abstraktuekin amesteko.
Horretarako dira filmak, eleberriak, musika? Dekoratu bat izateko? Gerretan danborra jotzen jarraitzen dute edo Ertzaintzarena hondar horren alegia bat da? Dagoeneko errepertorioa eguneratuko zutela amesten nuen, rapa, oilar-batailak eta hitza segurtasun-indar guztien munizio bakarra… Baina egun abestiek sortzailea kartzelaratzeko boterea baino ez dute. Artea ez da zutoihal bat. Ezin dut gidoia amestu nire banda aparta sortu arte... Bande à part filma... Godardek, gustatu ala ez, maisutasunez nahasten zituen errealitatea eta fikzioa. Izen hori jarri zion Tarantinok bere ekoiztetxeari: A band apart. Eta Le-Week-End filman omenaldia egin zioten eskena mitiko horri: hiru protagonistak, aske, dantzan... Horretarako da musika. Dantza egiteko baino ez! Ea beste kontzertu bat aurkitzen dudan agendan...
David Mangana.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.