Lan baldintzen "prekarizazioa" salatzeko, ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek asteazken honetan grebara deitu dituzte EHUko irakasle eta ikertzaileak.
Diotenez, lan baldintzak kaskartu zaizkie irakasle eta ikertzaile guztiei. Kaskartze horren atzean "egiturazko arrazoiak" direla salatu dute.
Sindikatuek grebarako deialdian argudiatu dutenez, EHUk "modu interesatuan" aplikatzen du legea, eta, horren ondorioz, ordezkapen kontratu berri gehienak "lanaldi partzialean eta soldata prekarioekin" egiten dira.
Sindikatuen arabera, ordezkapenak egiteko baldintzek txarrera egin dute azken urteotan. Ordezko irakasleak lanean hasteko asteak edo hilabeteak pasa izan direla diote, denbora horretan ordezkatu gabeko lan zama "gainerako irakasleen esku" geratuz, irakaskuntzaren kalitatearen kalterako. Erantsi dute azken urteotan lan sarietan izandako igoerek ez dutela konpentsatu "inondik inora" inflazioa.
Eskari zehatzak
EHUko Prekarioen Koordinadorak ere mobilizaziora deitu du. Eskari zehatzak egin dituzte. Besteak beste, lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkapenak ere lanaldi osora izatea; lanaldi partzialetik haragoko jarduerak kobratzea, ikertzaileak egonkortzeko plazak ateratzea, irakaskuntza zama ez gehitzea, plantillak eta soldatak handitzea edota osagarri gehigarriak eguneratzea.
Hori guztia bideragarri izateko, EHUrako diru gehiago eskatu dute, unibertsitate publikoaren finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren Barne Produktu Gordinaren %1 izateraino handituz. Finantziazio honekin lortutako baliabide ekonomikoak "langileriara ere bideratzeko" eskatu dute, EHUko plantilla "handituz eta gaztetuz".