Bospasei tanta, Arabako botika harrigarria

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko urr. 8a, 08:00

Antzinako farmazian denetariko sendagaiak prestatzen zituzten. Argazkia: PEXELS-COTTONBROSTUDIO

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak 125. urteurrena ospatu berri du kontzertu batekin. Lanbideak izan duen garapena oso lotuta dago gaixotasunak sendatzeko mende luzez erabilitako botikek utzi duten  aztarnarekin. Naturalak, bitxiak, magikoak, erlijiosoak eta likatsuak ere aurkituko ditugu horien artean.

Hotzeria kentzeko errezeta: "Malba zuriaren (Althaea officinalis) erroaren lau laurdentxo; bi askiluze laurden (Elymus repens). Bi gauza hauek ur litro batean egosi behar dira, harik eta litro erdi bat geratu arte, eta ondoren honako hau botako zaio: bi borraja-lore laurden (Borago officinalis), bi malba-lore laurden (Malva sylvestris), bi biola-lore laurden (Viola sp.), bi kasia-hosto laurden (Cassia angustifolia) eta dozena bat kamamila (Matricaria chamomilla), eta gainera almibar libra erdi bat. Hori guztia irakin, eta gauean bi koilarakada hartuko dira, eta goizean beste bi". Errezeta Gerardo Lopez de Gereñuren La medicina popular en Álava liburuan jasota dago.

Eztularen kontrako beste erremedioen artean ospetsua da, halaber, barraskiloen jarabea: "Barraskilo biziak hartzen zituzten, eta barrura azukrea bota ondoren, orratz batekin ziztatzen zituzten; gauean likidoa ateratzen zioten, azukrearekin nahastu, eta goizean hartzen zuten sendagai gisa". Lagranek omen du botika likatsu horren patentea, baina, antza, Arabako Mendialdean eta Trebiñu osoan zabalduta zegoen.

Udalek trabak jartzen zizkieten emaginei beraien udalerrietatik irtetzeko

Gaixotasunak eta mota guztietako minak sendatzeko botika bitxienen munduko lehiaketan postu bikaina du Arabak, Lopez de Gereñuren liburuari erreparatzen baldin badiogu edota Jose Antonio Gonzalez Salazarrek idatzi zuen Enfermedades y medicinas en Bernedo lanari. Adibidez, idorreria sendatzeko errezeta eraginkorren artean dago Gasteizen topatutako bat: "Haurra sendatzeko, olioz edo xaboiz igurtzitako perrexil zurtoin bat sartu behar zaio uzkitik". Odoluzkien kontra, berriz, Baxaurin, kardu bat sartzen zuten txapelean; eta Bernedon, oiloen koipeak biltzen zituzten hiltzen zituztenean, eta gauez bare eduki ondoren, odoluzkiei aplikatzen zizkieten, hotz-hotzak.

Katalogo bitxiaren oinarria elementu naturalak, magikoak eta enpirikoak nahasten dituen medikuntza da, gure herrialdeko Erdi Aroan eta Aro Modernoan garatu ziren osasun arreta eta herri-medikuntza. Medikuen faltan, belar-biltzaileen eta sendalarien eskuetan egon zen hamarkada luzez herritarren osasuna, basoen aberastasun botanikoa eta belarren propietate farmakologikoak ondo ezagutzen zituzten pertsonak, baina baita dozenaka iruzurtien eskuetan ere.

Agurtzaileen listua, amorreria sendatzeko

Beraien listuarekin edota hatsarekin sendatzeko ahalmena zuten pertsonek, adibidez, onarpen handia izan zuten Euskal Herrian. Agurtzaileak esaten zieten, pertsonak edo animaliak "agurtuz" osatzen zituztelako. Normalean gizonak ziren, ahosabaiaren azpian, mingainaren azpian edo ezkerreko eskuaren ahurrean gurutzea zutenak. Garai jakin batzuetan jaioak ziren, San Joan gauean edo Gabonetan, esaterako. Eta "gauerdiko puntu ederrenean" jaioak baziren, botere handiagoa zuten. Euskal Herrian, familia bateko zazpigarren semea izan behar zela uste zen, haien artean emerik jaio gabe, edo anaiarik gabeko zazpi ahizparik gazteena.

Beraien listuarekin edota hatsarekin sendatzeko ahalmena zuten agurtzaileek

Bere gaitasun nagusia amorreria sendatzea zen, zurrupatuz, kosk eginez eta gurutzez seinalatuz. Gangrenak, zauri infektatuak eta pustulak ere senda zitzaketen, gurutzearen seinalea gainetik eginez eta behar zen aldietan miazkatuz. Agurtzaileek ere ikus zezaketen gorputzean organoren bat gaixorik ote zegoen.

Gure herrian, XV. mendetik XX. mendeko lehen hamarkadetara arte iraun zuen agurtzailearen figurak, desagertzen hasi ziren arte. Hala, Arabako hainbat herritako artxiboetan, udal batzarrek agurtzaileei egindako ordainketak jaso dira: 1579an, Agurainen, Martin Saenz de Otaza izeneko bat aritu zen, herrian txakur amorratu batzuk aurkitu ondoren; eta batzarraren kontuetan ageri da Saenz de Otazak "hiru dukat" jaso zituela egindako lanaren truke. Artxibo horietan jaso da ere, 1727an, Oiongo Jose Ruiz de Egino agurtzaileari bederatzi urterako kontratua egin ziotela; eta 1760an, berriz, birritan deitu behar izan ziotela "Zegamako Katalina izeneko bati", amorreriari aurre egiteko.

Orobat, belar-biltzaile, barberu, botikario, iruzurti, sendalari eta Erdi Aroko osasun sistemaren parte ziren profesionalen artean, emakumeak dira, duda gabe, lehengo medikuntzaren zutabe nagusietako bat. "Amak ziren gaixotasunei lehen erremedioa jartzen zietenak –jaso du Gonzalez Salazarrek–, eta azken buruan bakarrik joaten ziren medikuarengana; auzotarren batek antzeko sintomaren bat izan bazuen, haren aholkuari jarraitzen zitzaion medikuari galdetu aurretik".

Emaginen faltan, gizonezkoak

Garaiko medizinari buruzko dokumentazioan gizonezkoak baino askoz gutxiago agertzen badira ere, emakumezko emaginak dira Arabako osasun profesionalen artean preziatuenak. Udalak harro eta pozik zeuden emagin horiek izateagatik, eta, are gehiago, bere udalerritik ateratzen uzteko trabak jartzen zizkieten. Izan ere, Pedro Ramos Calvok zuzendu eta hainbat ikertzailek ondu zuten La historia de la medicina en Álava liburuan jasotzen da zenbait udalerrik bere kargu zituzten emaginak beste udalerri batzuetara mugitzea debekatu ohi zutela. Gasteizen, udalarentzat lan egiten zuten bi emaginen izenak aipatzen dira: "1722an, Isabel Sanz Romero eta Catalina Diaz de Junguitu aritu ziren lanbide horretan".

Santiago Ospitaleak baionan erosten zituen izainak, eta bertako urmaelean gordetzen zituen

Emakume emaginak kontratatzeko zeuden zailtasunen lekuko da XVIII. mendean Gasteizen jazotako lan gatazka bat. Itxura denez, 1775ean, udalak emakume pobreak eta babes etxean ziren emakumeak artatzeko emaginak kontratatzeari utzi omen zion, arrazoi ekonomikoengatik: "Emagin batek ere ez du udalak eskainitako lanpostua bete nahi hiriak ematen duen 60 dukaten soldatarekin". Udalak, orduan, diputazioari eskatu zion erregearen baimena eskatzeko emaginei esleitutako partida ekonomikoa handitzeko. Azkenean, diputazioaren aholkuz, gizon batek, Juan Josef Sasetak, okupatu zuen ordurarte emakumeek zuten tokia, eta 60 dukaten truke emaginaren arreta ematen hasi zen. Gerora gertatu zenaren aurrekaria izan zen gertakari hura. Izan ere, XVII.etik aurrera, eta bereziki XVIII.etik, zirujauek –emakumeei debekatutako lanbidea– emaginen funtzioa usurpatu zuten.

Emagina, espeziazalea eta belar-biltzailea ziurrenik pertsona bera izan ziren, Arabako landa eremuan lehen ospitaleak zabaldu ziren arte, eta haien esku zegoen sortzen ziren osasun beharrei erantzutea. Emakume hauek sarritan jazarriak izan ziren elizaren aldetik, eta heretikoak bezala epaituak eta zigortuak. "1517an, Aramaioko Mari Perez de Yartuaren eta Okondoko Marina de Otaloraren kontra sorginak izateko epaiketak jazo dira, belagileak, sorgintzaileak eta sorginak izateagatik". Kasu hauek maiz errepikatu ziren, eta 1609 eta 1614 urten arteko Inkisizioaren Logroñoko (Errioxa, Espainia) prozesu nagusian ere hamar bat emakume arabar epaitu zituzten.

Erregeen boterea: ukitu eta sendatu

Esan gabe doa eliza katolikoaren esku hartzeak ere aztarna handia utzi duela medikuntzaren nahasketa horretan. Osasunarekin lotutako aktore askoren artean ageri dira santuak eta ama birjinak, elementu magikoetan eta enpirikoetan oinarritutako medikuntza arkaikoarekin batera. Horrek ahalbidetu zuen, adibidez, probintziako santuei esleitutako erremedio miragarriak sortzea. Hala, gaixotasun batzuk saihesteko ermita jakin batzuetara joaten ziren, eta oraindik ere joaten dira: Obekuriko San Bitorrera igotzen ziren buruko minik ez izateko; San Tirsora, haginetako mina saihesteko; Okongo Anderearen ermitara, erditze ona izateko; Buxandako San Faustora, seme-alabak lortzeko; eta ikusmeneko gaixotasunak garbitzeko, Laudioko Santa Luziara.

Gasteizko neskato bat Frantziako erregearen aurrera eraman zuten, "ukitua" jasotzera 

Medikuntza erlijioarekin eta mirarietan sinestearekin nahasten zuten garaietan, erregeek sendatzeko zuten boterean ere sinesten zuten. Erdi Aroan oso zabaldutako ustea zen Frantziako eta Ingalaterrako erregeek "eskrofulak" –adenitis tuberkulosoa– zituzten gaixoak eskuak ukitu hutsez sendatzen zituztela. Gasteizen pertsona asko hurbildu ziren ondoko herrialdera sendatze bila; hala nola, 1577an, bederatzi urteko neskato bat Frantziako erregearen aurrera eraman zuten "lanparoiak" –gongoil linfatikoen inflamazioa– sendatzeko, eta 1578an, Ana de Huso eta Maria de Garai ere erregearen aurrera eraman zituzten "ukitua" jasotzera. Koroaren boterea jainkoarengandik bazetorren, logikoa zen errege-erreginek gaixoak sendatu ahal izatea.

Eztularen kontrako beste erremedioen artean ospetsua da, halaber, barraskiloen jarabea

"Ukituak", mirariak eta bizitza osoko erremedioak mantentzen diren bitartean, zientzian eta unibertsitate ikasketan oinarritutako gaurko farmakologia eta medikuntza garatzen joan ziren. Hala, Gasteizen, Santiago ospitalea XVI. mendearen erdialdean sortu zenean, farmazia jarduera sendotu zen hiriburuan. Gasteizko botikariek mende honetan eta Aro Moderno osoan zehar eta ondorengo mendeetan zerbitzatuko zituzten ospitalerako sendagaiak. Batzuetan, sendagaien hornidura enkantera ateratzen zen; beste batzuetan, salbuespen gisa, Gasteizen zeuden botikek hornitzen zuten osasun zentroa, hiru hilabeteko txandetan. XVII. mendearen hasieran, hiru farmazia zegoen hiriburuan: Juan de Ganboarena, Gaspar de Vegarena eta Francisco Gonzalez de Apodakarena. Gasteizko farmazia horietan dauden sendagaien artean daude loreak (arrosak, bioletak, mitxoletak, erromeroa, idi-mihia, manzanilla...), sustraiak eta lotailuak (eztia, erregaliz-zukua...), metalak (urre orria, zilarrezko orria, berun errea prestatua, sifiliaren tratamendurako merkurioa…), kontserbak (borrajak, leka-belarra, erromero-lorea, irasagar krema…), pildorak (estomatikoak, agregatiboak edo purgatzaileak...), edo jarabeak (limoiak, borrajak, sandaloak, masustak...). Sendabide terapeutiko horiek guztiak batez ere landareak ziren, eta horiek prestatzeko modua ahozko tradizioaren bidez transmititutakoak.

Izainen urmaela, Santiago Ospitalean

Halaber, beste sendagai asko ere badaude antzinako farmazian, animalien jatorrikoak, hala nola untxi, orein eta animalia bitxien (alakranak, sai-arreak…) olioak edo animalien zatiak (otsoaren gibela, behiaren, oiloaren edo sugegorriaren gantza, "orein-adar prestatua"). Alta, animalia horien guztien artean izaina da medikuntzaren izarretako bat. Anelido horrek duela 70 urte arte aplikazio ugari zituen medikuntzan: biriketako kasuetan, hipertentsioan, kolpeek eragindako hematometan, pilaketa handiko katarroan, elgorrian eta abar. Hala, Euskal Herrian zegoen merkatu zabalari esker, XIX. mendearen amaieran, Santiago ospitaleak Baionan erosten zituen izainak, eta bertan egokitutako urmael batean gordetzen zituen, "establezimendua bera eta publikoa hornitzeko". Izainak gaixoei jartzeko ardura bizargina edo odol-ateratzailearena zen, maisu kirurgilariaren aurrekariarena.Bizarginaren lanbidea maisu batekin ikasten zen; horrek, halaber, beste maisu batekin eta urte askotako eskarmentuaren bidez ikasi baitzuen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago