GORKA ORIVE

"Ingurumena eta abeltzaintza gure osasunari lotuta daude"

Juanma Gallego 2023ko urr. 9a, 06:00

Bidean egon daitekeen pandemia bati begira, hegazti gripeari adi jarraitu beharko zaiola dio Orivek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Beste bi aditurekin kolaborazioan Salud Global liburua idatzi du Orivek. Besteak beste, klima aldaketak patogenoen zabalpenean duen eragina aztertu dute, bai eta antibiotikoekiko bakterioen erresistentzia ere.

Ignacio Lopez-Goñi eta Elisa Perez-Ramirez zientzialariekin batera, Salud Global (Ediciones B) liburua idatzi du Gorka Orive (Gasteiz, 1976) EHUko Farmazia katedradunak. Haren ustez, gizakien osasuna eta planetarena norabide berean joan behar dira ezinbestean.

Nola abiatu zen hiru egileren artean liburu hau idazteko ideia?

Iazko urtearen hasieran Penguin Random House argitaletxetik COVID-19rako txertoei buruzko liburu bat idaztea proposatu zidaten. Baina proiektuak eta denborak aztertu ondoren, erantzun nien ez nuela bideragarria ikusten; besteak beste, gaiaz jendea aspertuta egongo zelako. Baina proposatu nien osasun bakarraren gaia, eta haiek ere interesgarria zela ikusi zuten. Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologoarekin hitz egin nuen, argi nuelako halako gauza berri bat egiteko laguntza behar nuela. Gainera, niri beti gustatzen zait esperientzia duen jendearekin kolaboratzea, prozesu horretan asko ikasten duzulako. Ondoren Elisa Perez-Ramirez albaitariarekin kontaktatu genuen, birusekin eta abarrekoekin esperientzia asko duelako, eta ikusten genuelako harekin batera talde bikaina osatu ahal genuela.

Hitz gutxitan, zertan datza One health kontzeptu hau?

Osasuna ez dela konpartimentu zurruna esan nahi du. Guztiz erlazionatuta dagoela ingurumenarekin zein abereekin, osotasun bat eraginez. Beraz, ezin da jorratu edo garatu beste kontu horiek aintzat hartu gabe. Bai ingurugiroak, klima aldaketak zein abereen osasunak izugarrizko inpaktua dute gure osasunean. Horregatik, ohartarazten dugu ikuspegia aldatu behar dela, eta askoz transbertsalagoa izan behar dela, guztia elkar lotuta dagoelako. Beraz, hemendik aurrera, horrela jorratu beharko genuke osasuna.

Medikuen artean eta, oro har,  gizartean zabaltzen ari al da ideia hau, ala oraindik teorikoen alorrean baino ez dago?

Tira, albaitariek duela 40 urtetik edo ikuspuntu hau ezagutzen dute. Badakite animalien osasuna herritarren osasunarekin lotzen dela. Guk osasun alorreko beste diziplinetan ere zabaldu nahi dugu: erizainak, medikuak, farmazialariak eta beste asko. Ez dugu begiratu behar soilik gure partzela txikia; aldiz, aintzat hartu behar dugu jorratzen ditugun gai asko elkar lotuta daudela. Zientzia datuek ere hori adierazten dute. Horregatik, liburuan erradiografia txiki bat egin dugu, gaia zertan den jakiteko. Kasurako, jakitea klima aldaketak zer eragina duen gure osasunean, gaixotasun emergenteen sorreran, gaitz bektoreen garraioan, edo hondakinek gure osasunean duten eragina... Gainera, behin pandemia bat pasa dugula, argi eta garbi ikusi dugu zer gerta daitekeen.

Pandemiaren ondoren perspektiba nahiko hartu dugu jada. Zer egin dugu ondo eta gaizki?

Ezagutza batzuk lortu ditugu. Horrekin ez dut esan nahi ezagutza horrekin prestaketa nahikoa izango dugula hurrengorako. Baina ikusi dugu zientziak oso garapen politak egin dituela, batez ere txerto eta botiken alorrean. Maneiagarri eta merke diren tresna batzuk baditugula ikusi da: musukoak oso baliagarriak izan direla argi geratu da. Ikusi dugu sortzen diren arriskuen artean airearen kalitatea oso garrantzitsua izango dela, arnas aparatuko gaitz emergente asko zabaltzen ari direlako. Gainera argi geratu da kanpoko zein barruko airearen kalitatea kontuan hartu behar direla, biak ala biak. Baina erabakiak azkarrago hartu behar direla ere ikasi dugu. Halako arazo globalen aurrean erantzun globalagoak beharko genituzke. Herrialde aberatsek beren irtenbidea bilatu dute, eta berdintasuna ez da izan parametro nagusia. Erantzuna zenbaitetan oso diskrezionala izan da; oso geopolitikoa. Hori ez zait batere gustatu. 

"ANTIBIOTIKO BERRIAK BEHAR DITUGU; BAINA HORI EZ DA MOMENTUZ BOTIKA ENPRESEN LEHENTASUNA"

Zein izango da hurrengo big one? Ala ezinezkoa da naturak emango digun ezustekoa asmatzea?

Dakizunez, errealitateak beti fikzioa gainditzen du. Liburuan ahalegindu gara ere hori jorratzen. Baina zaila da jakitea. X patogenoari buruz hitz egiten da sarritan zientzia aldizkarietan. Oraindik birus ezezagun asko daude aurkitzeko, eta horietako bat abiapuntua izan daiteke. Hegazti gripea mahai gainean jarriko nuke. Momentuz hegaztien artean dagoen pandemia da, baina azken boladan asko zabaldu da, eta zenbait ugaztunera ere pasa da. Hegaztietatik gizakietara kutsatzea oso arrunta ez bada ere, adi egon beharko zaio. 

Antibiotikoekiko erresistentzia errealitate bat dela diozue...

Bai, hala azpimarratzen dugu liburuan. Urteko, Europan 35.000 lagun hiltzen dira antibiotikoez tratatu ezin diren infekzioak direla eta. Arazoa da gaitza eragiten duten bakterio horiek ultraerresistenteak direla. OMEk [Osasunaren Mundu Erakundeak] aurreikusten du 2050ean hamar milioi lagun hil daitezkeela munduan hori dela eta. Ondorioak oso latzak izan daitezke gizarte osorako. 

Fagoen bidezko terapia, ingeniaritza genetikoa... zein izango da aurre egiteko bidea?

Ez da erraza. Antibiotiko familia berriak aurkitu beharko genituzke. Baina hori zaila da, eta, momentuz, ez da enpresa farmazeutikoen lehentasuna. Kronikoagoak diren gaitzetan jartzen dute arreta. Fagoen bidezko eta beste motatako tratamenduak murritzagoak dira, ez dira hain globalak. Zalantzarik gabe, diru gehiago jarri beharko litzateke antibioerresistentziari begira.

OMEren datuen arabera, gaur egun obesitateak desnutrizioak baino jende gehiago hiltzen du munduan. Hor ez al dugu arazo handi bat?

"ALBAITARIEK ARGI DUTE ASPALDITIK KONTU HAU; GURE NAHIA DA GIZARTE OSORA ZABALTZEA"

 

Niretzat gai ezagunagoak dira, baina ez da erraza gizartea egunerokotasunean halakoez konturatzea. Gainpisua sedentarismoari eta elikadurari lotuta dago. Industriak gure esku jartzen dituen elikagai askok gatz edo azukre asko daukate, edota gantzak eta edulkoratzaileak...  Bestetik, egunerokotasunean ez dugu denbora pixka bat ateratzen kirola egiteko. Ez da zertan kirol oso espezializatua: ibiltzea nahikoa izan daiteke. Egoera horrek askotan morbilitatea sortzen du, eta orduan, farmako bat behar dugu sendatzeko. Batak bestea elikatzen du. Baina ziklo horrekin apurtu behar da. Zaintzea ez da soilik 80 urteko pertsona batek egin beharreko zerbait. Zenbaitetan normala izan daiteke elikagai optimoak ez kontsumitzea, baina arazoa sortzen da egunerokotasunaren parte denean. 

Gaitik aldenduta, alzheimerra goiz detektatzeko metodo bat garatu duzue. Zertan da kontua? 

Onarpen erregulatzaile guztiak lortzeko fasean gaude orain. Dakizunez, epe horiek ez dira batere motzak ­—pandemian gertatutakoa salbuespena izan zen—. Behin onarpena jasota, azterketa klinikoak abiatuko ditugu.

Etorkizunari begira, zer proiektu dituzu eskutan? 

Batetik, unibertsitatean, medikuntza birsortzaileari begirako medikamendu berriekin lan egiten ari naiz, doktoretza tesiak zuzentzen. Bestetik, ingurumenarekiko jasangarriagoak diren botikekin lanean ari naiz Unax Lertxundirekin batera. Azkenik,  ekintzailetzan jarraitzen dut, startup eta enpresa proiektu berriekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago