BAT txartelaren erabiltzaileen "zerrenda beltza" sortuko dute

Juanma Gallego 2023ko ira. 29a, 12:36

Eskualdeko Garraioan erreserba egin eta erabili ez dutenei mugak jarri asmo dizkie aldundiak. Busetako plazen "ustekabeko okupazioak" bideratzeko barne sistema aldatuko dute, bai eta bus-aldaketak sartu ere.

Behin baino gehiagotan errepikatzen ari da azken hilabeteotan bus zerbitzua bete eta errefortzu linearik ez egotea. Astelehenean Amurrio eta Gasteizen lotzen dituen 15. lineako zerbitzu batean 15 lagun inguru bus gabe geratu zirela zabaldu zen. Ez da kasu bakarra. Azken asteotan, ALEAk jakin duenez, Logroñora doan 9. linean ere hainbat aldiz bidaiariak leku gabe geratu dira, busa beterik zihoalako.

Testuinguru honetan, aldundiak busen okupazio sisteman "hobekuntzak" ezarriko ditu, gaur jakin denez. Horretarako, 189.425 euroko lizitazioa abiatu du. 

Besteak beste, aldundiak lizitazio agirian zehaztu du "zerrenda beltz" bat martxan jarriko duela Eskualdeko Garraioa erabiltzen dutenentzat. Bertan bilduko dituzte hainbat aldiz erreserba eskatu eta erabili ez dituzten erabiltzaileak. Zerrendan sartzen dituzten herritarrek denbora batez ezingo dute erreserba gehiagorik egin, eta, egotekotan, etorkizunerako ere eginak dituztenak ezabatuko lizkiekete. Ez dute zehaztu zenbat erreserba egin ez izanak eragingo duen zigorra, ezta zenbat denboraz luzatuko den.

Bestetik, behin erreserben koska batera iritsita, aplikazioak posta elektroniko bat bidaliko die bai aldundiko teknikariei zein busaren ardura duen enpresari. "Abisu honen bitartez errefortzuen alta hobetu nahi da, ustekabeko okupazioak gertatzen direnean", zehaztu dute. 

Bestetik, eta erabilitako tipografia desberdinagatik ondorioztatu daitekeenez, astearte honetan sortutako agirian azken orduko zehaztapen garrantzitsua gehitu dute. BAT txartela erabiltzen dutenentzako bus-aldaketak egiteko aukera egongo dela zehazten du agiriak, Alavabus zerbitzuan, Eskualdeko Garraioan zein bietan ala bietan erabiltzeko modukoa. Gehitutako zehaztapenak aldundiak abian martxan jarri nahi duen deskontu motaren nondik-norakoen berri eman dezake: "Kobratzeko prezioa, adibidez, bidaia luzeenaren prezio osoa zein bidaia merkeenaren %50 izan liteke", idatzi dute foru teknikariek.

Otsailean ALEAk aurreratu zuenez, behin aurtengo deskontuak bukatzen direnean aldundiak deskontu sistema progresiboa abiatu nahi du, baina momentuz ez dute aldaketaren berririk eman.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago