Aldundiak erabileraren araberako deskontuak ezarriko ditu herri arteko garraioan eta eskualdeko garraioan BAT txartela erabiltzen dutenentzat, lizitazio baten arabera. Ohiko erabiltzaileek egingo dituzten bidaia kopuruaren araberako "deskontu sistema progresibo" bat izango da. Norainokoa izango den ezagutarazi ez bada ere, BAT txartel pertsonalizatu berri baten bitartez izango dela ezagutarazi dute.
Iazko azaroan diputazioak aurreratu zuen 2023. urterako tarifak bere horretan mantenduko zituela, eta BAT txartelaren bidez ordaindutako bidaietan %50eko deskontua mantenduko zuela ere. Une horretan ere iragarri zuten ohiko bidaiarientzako deskontu progresiboen sistema bat martxan jartzeko asmoa.
Deskontu horiek bost hilabeteren epean martxan egon daitezke. Izan ere, hori izan da aldundiak Indra enpresari eman dion gehienezko epea sistema martxan jar dezan. Kontratua Indrari esleitu diote zuzenean, 2014tik Madrilgo enpresa teknologikoak duelako sistema horren gaineko kontrol osoa, esklusibotasunean.
Ezagutarazi ez diren arrazoiak tarteko, esklusibotasun horren inguruan ohartarazi zion iazko martxoan Indrak erakunde publikoari, gutun baten bidez. "Indrak baimentzen ez duen hirugarren batek egindako sistema horren edo bere edozein osagairen manipulazioak funtzionamendu arazo handiak eragin ditzake, sistemaren funtzionamenduaren gaineko garantiaren galera eta Indraren jabetza eskubideen urraketa", dio gutunak.
2014an txartelen kontrola eman zitzaionetik, Arabak 1.849.490 euro eman dizkio Indrari sistema martxan jartzeko eta horretan hainbat egokitzapen egiteko. Deskontu progresiboak egin ahal izateko abiatutako azken kontratuaren gehienezko aurrekontua 91.355 euroan kalkulatua zuen aldundiak, eta Indrak egindako eskaintza kopuru berdinekoa izan da: 91.355 euro, hain justu. Eskaintza jaso eta hurrengo egunean diputazioko teknikariak Indrarekin prezio hori negoziatzen ahalegindu direla adierazten da lizitazioan, baina Indrak ez du prezioa hobetu.