Adimen gaitasun handia duten nerabeen eta euren familien errealitatea gertutik ezagutzeko, jardunaldiak antolatu ditu Gasteizko Ediren osasun kooperatibak, hilaren 27 eta 28an. Familia, eskola edo beste eremu batzuetatik datozen galderei erantzuna ematen saiatuko dira adituen laguntzarekin, "gai konplexua" eta, era berean, "oraindik ezezaguna" baita, Ediren taldeko pedagogia ataleko Hilargi Machoren arabera.
Adimen gaitasun handia duten nerabeen errealitatea ezezaguna da oraindik?
Gure kontsultetan ikusi dugu benetako erantzun bat emateko premia duen gai bat duela gizarteak. Garaiz detektatu ez den edo esku hartu ez den gaitasun handiko lagunen ondorioak ikusi ditugu, eta ondo kudeatu ez den gai baten ondorio emozionalak ikusi ditugu. Gero eta gehiago hitz egiten bada ere, ezezaguna da oraindik, eta sakontzeko beharra ikusten dugu, horretan lan egiten dutenen lekukotasunak entzun eta errealitate horretara hurbiltzeko beharra.
Zehazki zer esan nahi du adimen gaitasun handiak?
Gaitasun handiak dituen pertsona bat batez bestekoa baino adimen garatuagoa duen pertsona bat da; ideiak ulertzeko, arrazoitzeko, ingurunera egokitzeko eta, oro har, ikasteko aukera ematen digun adimena. Hau ulertzeko, garrantzitsua da Howard Gardner egileak esaten duena entzutea, ez baitu adimena konstruktu bakartzat hartzen, adimen ugari baizik: adimen logikoa, linguistikoa, espaziala... Gaitasun handiko pertsonek baliteke guztiak garatuta izatea, edo batzuk, ez du esan nahi bizitzaren alderdi guztietan adimentsuak direnik. Oso kolektibo heterogeneo batez ari gara, baina ezaugarri komunak dituena, konplexutasun intelektuala beti sakontasun baten eta konplexutasun emozional baten eskutik baitoa.
Eskolak prest daude nerabeen beharrei erantzuteko?
Eskolek erronka handia dute, oro har, hezkuntza premia berezietara egokitzen. Gaur egun, gaitasun handiko bi lagunetik bat detektatzen da, beraz, oraindik %50 ez daude diagnostikatuta. Hori areagotzen ari da orain, detekziorako protokolo zehatzagoa dago; baina, horren ostean, galdera asko daude oraindik. Ikasturtez aldatuko dugu nerabe hori? Hobe da nerabe horrek ikasgelan jarraitzea eta jarduera osagarriak jartzea? Kasu batzuetan ikaskideei laguntzea eskaini zaie... Agian orain arte oharkabean pasa den gai bat gure aurrean dugu, eta lan asko geratzen da.
"Helduoi ahazten zaigu 8 urteko ume batekin hitz egiten ari garela"
Nola bizi dute familiek?
Oro har, gaitasun handien inguruan ezjakintasun eta aurreiritzi handia dago, eta horrek ez du laguntzen horrelako berri bat jasotzerakoan. Ezezagunaren beldur gara, eta askotan horretarako joera izaten da.
Detektatzen denean, zeintzuk dira gakoak?
Gaitasun handiak dituzten pertsonen garapen emozionalaz hitz egitea garrantzitsua da; zati bat gainerakoen berdina izango da, alegia, frustrazioa, gurasoen onarpena eta arbuioa, eta nortasunaren sorrera landu beharko dituzte. Baina garapenean berezitasunak askotarikoak izan daitezke, eta uste dut "mugak" nabarmendu behar direla. Haur guztiek mugak behar dituzte hazi ahal izateko, babestuta sentitzeko, eta norbait dutela jakiteko. Haien berezitasuna da gaitasun handiagoa dutela muga hori berrezartzeko, eta beste modu batean argudiatzeko, espero ez duzun moduan, eta helduoi ahaztu egiten zaigu 8 urteko haur batekin hitz egiten ari garela. Oso garrantzitsua da kontuan hartzea dagokien adinarekin tratatu behar ditugula. Kontsultan kontatu digute zenbaitetan eskolan beren curriculumean sakondu nahi badute edo gainerakoei lagundu nahi badiete aukera ematen dietela... eta agian erantzukizun handia ematen ari gatzaio berez oso kaltebera den haur bati. Kognitiboki 8 urte ditu, eta bere adinaren mugak behar ditu.
Aurreiritziek nola kaltetzen dute?
Espektatiben gaia izaten da sufritzen dutenetako bat, aurreiritzien ondorioz. Askotan familiek hau opari bat balitz bezala hartzen dute, bedeinkapen bat, dohain bat du haurrak, etxean Einstein bat dugu, eta bizitza konponduta izango du edo gauzak errazagoak izango ditu; horrek espektatiba oso handiak sortzen ditu haiengan, ohiz kanpokoa izan behar dute, eta horrek frustrazioa dakar. Aurrez erabakita dagoen zerbait bete behar dutela sentitzen dute. Eta ez da izan behar familiak horrela ulertarazi diolako, gizartearen beraren mezu bat izan daiteke, dagoen aurreiritzi bat. Ez dugu ahaztu behar prozesu kogntiboa eta prozesu emozionala askotan ez datozela bat, eta prozesu kognitiboa oso azkar joan arren, prozesu emozionala egin egin behar dutela. Ez da ahaztu behar. Beti dago ondo haurra informatzea eta bere burua kokatzea, kanpotik etor dakizkiokeen espektatibak jaistea. Bestetik, nortasuna sortzen laguntzea garrantzitsua da, aurreiritzien gainetik eta gaitasunetatik harago, ume horren esentzia, gustuak, grinak berreskuratzea.