Edu Lorza eta Marina de Vicente

"Zuzendaritza aldebakarrez ari da funtzioak ezartzen"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ira. 21a, 08:06

Edu Lorza eta Marina de Vicente, Radio Vitorian LABeko ordezkariak. ALEA

EITB Media Irratiko Lan Batzordeak duela hiru hilabete hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak eta grebak deitu ditu.

Zuzendaritzaren "inposaketa" medio eta langile gehienen babesarekin, langile batzordeak –ELAk, LABek eta ESKk– hiru greba egunera deitu du. Lehena irailaren 14an egin zuten, Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko saioarekin bat eginik. Beste bi greba egunak hilaren 26a eta urriaren 19a izango dira. Eduardo Lorza Garcia soinu teknikaria da, Radio Vitoriako LABeko delegatua eta EITB Media Irratiko zentro arteko kidea. Marina De Vicente Jauregi esataria da Radio Vitoriako LABeko delegatua. Biek ALEAri azaldu diotenez, denborarekin eta gizartean eman diren aldaketak medio, langileen zereginak aldatu egin dira, baina lan baldintzak berdin mantendu dira.

Salatu duzuenez, hamahiru urte daramatzazue lan hitzarmena berritu gabe EITB taldean. Zer eragin du lan jardueran?

Eragin handia du. Hasteko, langileak ez duelako bere lana arau- tu edota aitortuko duen lan hitzarmenik. Ondorioz, zuzendaritza aldebakarrez ari da ezartzen funtzioak eta baita lanaldiak ere, eta ez dago hori negoziatzeko ez bide ezta borondaterik ere. Eginkizun berriak ditugu eta horrek izugarri handitu du lan-karga. Egoera horrek, noski, eragina du langileon ongizatean: esaterako, azken urteotan ez dira gutxi estresak jota gaixotu direnak. Horri gehitu behar zaio, 2009tik gizartea bera eta langileon premiak aldatu direla eta aldaketa horiek guztiak (kontziliazioari eragiten diotenak kasu) guk jaso gabe ditugula hitzarmenean.

Besteak beste, esan duzue goitik behera aldatzen ari direla langileen zereginak eta betebeharrak. Zertan?

Irratiko kazetari bati lehen eskatzen ez zitzaizkion kontuak eskatzen zaizkio orain. Jada ez dugu egiten soilik esatari edo erredaktore lana. Horri gehitu behar zaio web orrian albistea jarri beharra, sare sozialetan ere (horretarako argazki eta beharrezko baliabideak lortuta). Batzuetan, gero eta maizago, albistea soilik ez, esatarien irudia erabiltzen da sare sozialetan edota promozio argazki eta tankerakoetan. Funtzio berri horiek guztiak arautuko dituen lan hitzarmenik ez dugu, ostera. Ez dago inon zehaztua lan horiek zer baldintzatan egin behar ditugun. Zein diren langilearen eta baita enpresaren betebeharrak ere. Noski, funtzio gehiago izanda ere, soldata ez da igo neurri berean. Babes eta arautze falta honek ez die, gainera, kazetariei bakarrik eragiten, teknikariek eta mantentze lanetan aritzen direnek ere ikusi dute nola aldatzen ziren euren zereginak.

EITBko zuzendaritzaren aldetik, inposaketak ere salatu dituzue: lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi dituztela adibidez.

Ekainean, negoziazio-mahaian egonda, zuzendaritzak aldebakarrez, oinarrizkoa dena eta negoziatzen ari ginen puntu bat inposatu zuen. Lan poltsetatik kanpo zegoen pertsona bat kontratatu zuen, erabaki horrek negoziazio-mahaia lehertarazi zuen eta mahaitik altxatu ginen. Ez da lan poltsa errespetatu, ezta enpresa publiko batean sartzeko beharrezkoak diren gaitasun, merezimendu eta berdintasuna ere. Berme bat behar dugu berriro gerta ez dadin.

Langileen irudi eskubideen inguruan ere kezka dago langileen artean.

Langileen irudi eskubideak, funtsean, arautu gabe daude, eta horrek oso egoera zailean uzten gaitu gero eta ohikoagoa delako zuzendaritzak planteatzea esatariak telebistan edota sare sozialetan agertzea. Izan ere, Boulevard ETB2n emititzen hasi dira irudi eskubideen inguruko negoziaziorik izan gabe.

"Gure lanaldia ez dago pentsatuta hiru formato elikatzeko; orduek ez dute ematen"

Eginkizun berriak egokitu zaizkizuela adierazi duzue; zer motakoak?

Lan karga handitzen da funtzioak gero eta gehiago eta ezberdinagoak direlako. Ez da gauza bera irrati batean lan egitea edota irratian eta webgunean lan egitea eta horri sare sozialak gehitzea. Edukia ezin da bere horretan formato batetik bestera pasa. Eta gure lanaldia ere ez dago pentsatuta hiru formato ezberdin elikatzeko; orduek ez dute danerako ematen.

Irailaren 26an eta urriaren 19an ere grebara joko duzue. Aurrerapenik ez da egon negoziazioan? Zer jarrera hartu du zuzendaritzak?

Deialdia eginda dago eta kontuan hartzekoa da langileak izan zirela berau babestu zutenak asanbladetan. Bai, beste bi greba egun daude deituta: irailaren 26rako eta urriaren 19rako. Momentuz, 14koak jarraipen eta babes handia izan zuen, Gasteizen, Miramonen eta Bilbon. Ikusi beharko da zuzendaritzak orain zer pauso ematen dituen, argi dagoena da langileek ez dutela nahikotzat jo eginiko azken proposamena.

Radio Vitoriari dagokionez, zer egoera duzue gatazka honi dagokionez?

Gasteizko asanbladak argi eta garbi esan zuen ez zuela onartzen zuzendaritzaren proposamena... langileok oso nekatuta eta oso haserre gaude pairatzen dugun egoerarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago