Hezkuntza Sailak ordaina emango die eskola garraiorik gabe izan diren familiei

Erredakzioa 2023ko irailaren 19a

Gasteizko hainbat guraso elkartek deitutako mobilizazioa, ostiralean. ALEA

Milioi bat euro inguruko ezohiko diru-laguntzak onartu ditu Jaurlaritzak, ikasturte hasieran autobus zerbitzurik gabe izan diren familiei kilometro bakoitzeko 29 zentimo ordaintzeko. Irailaren 27tik aurrera egin ahal izango da eskaera.

Eskola garraio zerbitzua astelehenean itzuli zen normaltasunera, Hezkuntza Sailak eta garraio enpresek erdietsitako behin-behineko akordioari esker. Bi aldeek "ahalik eta egonkortasunik handiena" bilatuko dute hurrengo ikasturterako, baina, une honetan, azken egunetan, ikasturteko lehenengo bi asteetan, gurasoek jasandako kaltea konpentsatzeko lehentasuna du Eusko Jaurlaritzak.

Izan ere, Arabako eta Bizkaiko milaka familia astebete pasatxo izan dira ikasleak eskolara eramateko autobusik gabe. Jaurlaritzak iragarri du bizilekutik ikastetxera dagoen kilometro bakoitzeko 0,29 euro ordainduko dizkiela. Horretarako, ezohiko diru-laguntza deialdia onartu dute gaurko gobernu bileran, milioi bat euroko partida bideratuta.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan, azaldu du deialdia irailaren 26an argitaratuko dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta laguntzak biharamunean sartuko direla indarrean. Horren ostean, erabiltzaileek hilabeteko epea izango dute eskaria aurkezteko, urriaren 27ra arte.

Dokumentu bat bete eta ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztea baino ez dute egin beharko, presentzialki edo telematikoki. "Dirua denbora tarte labur batean jasoko dute", iragarri du Bildarratzeko.

Nork egin dezake eskaera?
  • Eskola garraioaren erabiltzaile diren Haur Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailakoek, Lehen Hezkuntzako guztiek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako guztiek eta Oinarrizko Lanbide Heziketako guztiek.
  • Jardunaldi zatitua duten ikastetxeetan, joan-etorriko bi ibilbide kontuan hartuko dira.
  • Jardunaldi trinkoa dutenen kasuan, ibilbide bakarra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago