Antonio Turiel (Leon, 1970), CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari eta Fisika Teorikoan doktoreak liburu berri bat argitaratu du, Sin Energía. Pequeña guía para el gran descenso. Araba Bizirik-en eskutik, eta Antonio Aretxabalaren laguntzarekin, Araban aurkeztu du egunotan, Zigoitian eta Gasteizen, eta aretoak lepo bete ditu. Urteak daramatza Turielek energia krisiaz eta petrolioak eta beste lehengai batzuek gailurra jo dutela ohartarazten. "Katastrofista" eta "zoritxar-igarlea" izatea leporatu diote sarritan. Turielek, ordea, bere burua defendatzen du: "Nik ez dut iragarpenik egiten, esaten dizut joera batzuk daudela: ikusten badut zu horma horretara korrika zoazela, esango dizut korrika jarraitzen baduzu muturrekoa joko duzula. Horrek ez du esan nahi muturrekoa jo behar duzunik, ezta saihetsezina denik ere. Eta noiz joko duzu? Ez dakit, hemendik bizpahiru segundora? Egin behar dena aldaketak egitea da".
Zer aldatu behar da energiaren krisiari aurre egiteko?
Ni fisikoa naiz, eta ikuspuntu tekniko batetik, azterlan eta lan askok erakutsi dute gaurko bizitza maila oso antzekoa mantendu dezakegula kontsumitzen ari garen energiaren eta lehengaien hamarren bat kontsumituz. Eguneroko bizimoduan aldaketa batzuk egin beharko genituzke, adibidez, mugikortasunean mugak ezarriz, elikadura subiranotasuna berreskuratuz, energia berriztagarriak erabiliz... Teknikoki egingarria da. Are gehiago, borondate politiko eta soziala egonda, hori egitea erraza da. Arazoa da orain ez dagoen adostasun sozial hori lortzea; baina ikuspuntu teknikotik ez dago arazo handiagorik, egokitzeko ahaleginak denbora beharko du, konplexua izango da, baina arrazionalki egingarria da. Ezinezkoa dena da kapitalismoari eutsiz egitea. Neurri asko daude kontsumitzen den energia eta energiaren beharra azkar eta eraginkortasunez murrizteko, baina ez dira bateragarriak kapitalismoarekin.
Boteprontoan, zer aldaketa planteatuko zenituzke?
Gai hau benetan serio hartuz gero, erregai fosilen kontsumoa errotik eta azkar moztu behar da. Izan ere, logikoena murrizketa erradikala egitea litzateke. Zer egingo nuke nik? Autoen %80 eta kamioien eta kamioneten %95 gelditu. Autoak herrietara joan behar duen jendearentzat, jakina, gune sakabanatuetan bizi direnentzat, eta oso premia zehatzei eta oinarrizkoei erantzuteko; hirietan ez da autorik egon behar, Amazon pikutara… Hurbileko produktua kontsumitzea, elikadura subiranotasuna, basoberritzea…
"Diesela zibilizazioaren odola da; dieselaren krisiak gauza asko jartzen ditu kolokan"
Energia kontsumoa murrizteko aldaketa horiek ezinezkoak dira egungo sistema ekonomikoan?
Energia kontsumoa jaisteak kapitalismoaren jarraipena bideraezin egiten du. Eta hori da sakoneko arazoa. Sistema kapitalista funtsean inflazionista da, hazi egin behar du. Halere, zentzugabea da pentsatzea planeta mugatu batean mugarik gabe hazten den sistema ekonomikoa egon daitekeela. Klima aldaketarekin ditugun ingurumen arazo guztiak, plastikoak, metalak, biodibertsitatearen galera, uraren galera eta abar, gertatzen ari dira guztia degradatzen duen sistema ekonomiko bat mantentzen ari garelako, mundu mugatu batean amaigabeki hazten saiatzen den sistema bat. Azkenean, arazoa da kapitalismoa fisikaren muga batzuekin talka egiten ari dela, ez dira muga sozialak edo ekonomikoak, fisikoak baizik.
Gaurko gizartearen oinarri ideologikoak zalantzan jartzea suposatzen du aldaketak.
Alternatiba itzalaldiak dira, errazionamendua, elikagaien falta, kaleko matxinadak, eskuin muturraren igoera… Murrizketa energetikoa eta materiala saihetsezinak dira; aukeratu dezakeguna da nola egiten dugun, modu desordenatuan edo planifikatuan. Hori da benetako hautua, desazkundea eta pobretzearen artekoa. Jarduera jaisteak ez du esan nahi desazkundea dugunik, pobretzea daukagu; desazkundea izateko demokratikoa izan behar du, planifikatua izan behar du.
Ez dirudi munduko gobernuak eta botere ekonomikoak desazkundearen norabidean daudenik. Zer espero dezakegu?
Botereek, jakina, ez dute jaitsiera ordenatu bati buruz hitz egiten entzun ere egin nahi; beraz, beherakada katastrofiko batera goaz. Kapitalismoa kondenatuta dago, baina horrek ez du esan nahi bihar hilko denik; ez du esan nahi hiltzen hilko ez denik; eta ez du esan nahi estertorean ezin duela kalterik egin. Denbora beharko du hiltzeko, hamarkadak segur aski, baina, funtsean, une honetan, ukazio fasean gaude, hau da, errealitatea onartzeari uko egiten diogu; eta orduan, errealitatea ez onartzeko, benetako astakerietan sinetsi nahi dugu. Ea nor doan euskal enpresaburuengana esatera industriaren ekoizpena %80 edo %90 murriztu behar dela! Gutxienez, ergel bat zarela esango dizute.
"2014tik petrolio konpainiek %55 murriztu dute hobiak bilatzeko inbertsioa"
Energia krisia bizkortzen ari da. Hemendik 2030era energia eta lehengaiak asko murriztuko direla esan duzu. Beherakada handia hasi da? Zein fasetan gaude?
Berriztagarriak ez diren erregaien kasuaz hitz egiten badugu, petrolio gordina, benetako petrolioa, eguneko 70 milioi upel ekoizten ziren 2005-2006 urteen inguruan; eta orain, 60ra erori da, eta erortzen jarraitzen du. Petrolio gordinari beste likido batzuk gehitu zaizkio, petrolio ez-konbentzionalak, fracking motakoak, Kanadako harea bituminosoak, eta horiei esker, guztira, 2018ra arte, produkzioa mantentzea lortu dute; baina 2018tik, beheraka doa gero eta azkarrago. Dagoeneko %4 jaitsi da produkzioa, eta aurreikuspenen arabera, 2025aren amaierara arte, %20 jaitsiko da. Petrolio enpresek badakite hori, aspalditik dakite, eta 2014tik munduko petrolio konpainiek, oro har, %55 murriztu dute petrolio-hobiak bilatzeko eta martxan jartzeko inbertsioa; Repsolek %90 murriztu du. Mundu guztiak daki hau pikutara doala!
Ipar poloa urtzen denean, errazagoa izango da bertako hidrokarburo biltegiak ustiatzea. Peak oil horretan nolabaiteko atzerapena ekarriko al du horrek?
Hori fantasiazko diskurtso baten parte da, zentzurik ez duen fikzioa. Ipar poloan dagoen petrolioa ezin da atera. Esate baterako, Ipar poloko ur-xaflak 2.000 metrokoak dira, eta horrenbestez plataforma ezin da hondoan ainguratuta egon, flotatu egin behar du; hori posible da, GPS bidezko posizionamendu dinamikoko sistemak erabili behar dira motorrekin zuzentzen joateko, baina energia asko gastatzen da. Horretaz gainera, herrialde askoren artean lehian dagoen gunea da. Artikoari buruzko erreklamazio desberdinek Artikoaren benetako azalera bikoizten dute. Eta gainera, ez dago batere argi zer dagoen hor azpian.
"Berriztagarrien espekulazio burbuila lehertzear dago; ez da asko geratzen"
Petrolioaren krisiarekin batera, dieselaren ekoizpena ere murriztu egin da. Zer egoeratan dago diesela?
Dieselaren ekoizpena erortzen ari da, eta gainera, azkar erortzen ari da. 2015ean iritsi zen maila gorenera; eta aurtengo ekainera arteko datuak kontuan hartuz, dieselaren ekoizpena 2015ean baino %30 txikiagoa da. Mundua dieselik gabe geratzen ari da, herrialde asko errazionamenduak izaten ari dira, baita petrolioa ekoizten duten herrialdeak ere, eta bereziki Espainiara esportatzen duten herrialdeak: Mexiko, Venezuela, Argentina, Iran… Nigeria da Espainiako esportatzaile nagusia, eta egoera latza dute, erregaia errazionatzen ari dira. Ekoizle direnek dituzten murrizketa horiek iritsiko dira hona, erregaiaren errazionamendua iritsiko da. Ez da bihar izango, baina gertatuko da. Oso arazo larria da, gero; diesela zibilizazioaren odola da, garraiotik hasita, baina diesela ere nekazaritzarentzat ezinbestekoa da, eta meatzaritzarentzat. Dieselaren krisiak gauza asko jartzen ditu kolokan, baita elektrizitate berriztagarrien industriaren gaurko eredua ere.
Elektrizitatea sortzeko energia berriztagarriak dieselaren menpekoak direlako?
Berriztagarriekin gauza asko gertatzen dira, baina, besteak beste, erregai fosilen mende daude; garraioan, fabrikazioan, mantenuan; instalazioan erregai fosilak erabiltzen dira. Horregatik, dieselarekin arazoak izaten hasi zirenean, prezioak eta berriztagarrien kostuak izugarri igo ziren, eta enpresa askok diote ez dela errentagarria horiek instalatzea, ezin dituztelako kostuak konpentsatu. Beste arazo bat da berriztagarri berri horiek guztiek mineral asko behar dituztela, eta planetan ez dago nahikorik. Hainbat ikerketa daude horren inguruan, bereziki Alicia Valerorenak, Zaragozako Unibertsitateko irakaslea eta Industria Ekologiako gaietan nazioarteko erreferentzia da bera. Mineral guztien erreserbak aztertu ditu, eta ondorioa da ez dagoela elementu kimiko nahikorik planeta osoak trantsizioa egiteko.
Gaur dugun elektrizitate kontsumoari erantzun beharko zaio nolabait.
Hemen gauza bitxi bat gertatzen da. Lehenengoa: mundu osoan, elektrizitatearen kontsumoa azken energia guztiaren %20a da; eta Espainiako estatuaren kasuan, %23a. Askok diote kontsumo hori handitu ahal dela, auto elektrikoarekin eta hainbat garraioren elektrifikazioarekin; baina elektrizitatea eta makineria astuna bateraezinak dira, bateriek dentsitate energetiko txikia dutelako. Auto elektrikoa fabrikatu ahal dugunaren mugan dago, baina material asko behar ditu, karga-puntu asko, bateriak higatu egiten dira, eta, azkenean, prezioa oso altua da. Beraz, auto elektrikoa gutxi batzuen artean bakarrik ezarriko da. Bigarren kontua da denbora asko daramagula elektrizitatea ekoizteko sistema asko instalatzen, batez ere berriztagarriak, eta une honetan, Espainian instalatutako edukiera 120 gigawattetik gorakoa da, eta Espainiako batez besteko kontsumoa 28 gigawattekoa da. 70 edo 80 gigawattekin iritsiko litzaiguke, baina 120 edo gehiago ditugu. Gero eta elektrizitate gutxiago kontsumitzen dugu. Eta hirugarren faktore bat dago, eskala handiko sare elektrikoko sistema batean, industriala ez den batean, mugatuta dagoela sarera zenbat energia berriztagarri sar dezakezun.
"Azelerazio une batean gaude, eta denok gaude oso beldurtuta"
Bada, orduan zertarako horrenbeste parke fotovoltaiko eta eoliko?
Hau espekulazio-burbuila bat da. Eredu elektriko industrialaren aldeko apustu basatia kapitalismoa salbatzeko ahalegin desesperatua da; Next Generation funtsen bitartez, Europak hegoaldeko herrialde guztietan sartu duen dirutza horretara zuzenduta dago. Zer gertatzen da? Berriztagarrien burbuila lehertzear dagoela; ez da asko geratzen. Beraz, garrantzitsua da biztanleriari gezurra esateari uztea, lurraldea berriztagarriekin betez dena berdin mantenduko dugula sinestaraztea. Ez dakigu zer materialekin egingo dugun; ez dakigu zer egin sortzen duten energiarekin, ezin dugulako aprobetxatu; eta ez dakigu zer egin sare elektrikoaren egonkortasunarekin sortzen diren arazo guztiekin. Unea da egia esaten hasteko. Gogaitu egiten nau eztabaidaren maila tekniko eskasak: egin daitekeenaz hitz egiten ari gara, zientziak esaten digunaz, baina zentzurik ez duten ezinezko konponbideak proposatzen dizkidate, denbora galtzen ari gara funtzionatzen ez duten gauzei buruz hitz egiten. Euskal Autonomia Erkidegoan, estatuan bezala, energia agertokiari buruz eztabaidatzen ari diren gauzak zentzurik ez duten entelekiak dira. Hori bai, diru asko mugitzen dute, eta jende asko dago eskua sartzen.
Testuinguru horretan, zer egin dezakete herritarrek?
Nire ustez, lehenik eta behin, ordezkariei eskatu behar zaie teknikoki oinarritutako erabakiak har ditzaten, erabaki horiek justifika ditzaten. Gasteizen hidrogeno berdea sortzeko proiektu bat egiteko ez dakit zenbat milioi inbertituko badira, interpelatu egin behar dira ordezkari politikoak, eta eskatu behar zaie azaltzeko zenbat ekoiztuko duten eta nola egingo duten errentagarri proiektu hori. Hidrogeno berdeak errendimendu oso txarra du, energia asko galtzen da transformazio prozesu guztietan. Hidrogeno berdea tocomocho bat da, ez gaitezen engaina, puzten ari den espekulazio-burbuila handi batekin du zerikusia, batez ere Next Generation funtsek bultzatuta. Kritikoak izan behar gara, eta, batez ere, teknikoki oinarritutako ebaluazioak egin behar direla exijitu, ezin da proposatzen den edozer gauza esan.
Egoera kritikoa da?
Azelerazio une batean gaude eta denok gaude oso beldurtuta, gauza izugarriak gertatzen ari direlako eta datorrena izugarria izan daitekeelako. Ezagutzen ditugun energia iturri guztiak ekoizpen maximora iristen ari dira, eta jaitsi egingo dira, ez dago irteerarik; eta planteatzen den energia berriztagarrien ereduak ezin izango du lehengo energia iturri horiek guztiak ordezkatu.