Maria Alvarez

"Ortzira begiratzeak badu nolabaiteko efektu terapeutikoa"

Juanma Gallego 2023ko ira. 14a, 06:00

Maria Alvarezek urteak daramatza astronomiaren dibulgazioari lotuta. Argazkia: M.A.

Euskal mitologia eta Arabako herri astronomiari buruzko hitzaldia ondu du Maria Alvarezek, urtean behin Atarian egiten duten zikloaren barruan. Agiri zaharretan geratzen diren informazio apurrak berreskuratu ditu.

2004. urtean sartu zen Arabako Astronomia Elkartean gaur egun erakundearen presidente den Maria Alvarez (Gasteiz, 1975);  sartu eta gutxira hasi zen dibulgazioan buru-belarri. "Garai horietan zer edo zer  banekiela uste nuen, baina, denbora igaro ahala konturatu nintzen ezer gutxi nekiela", azaldu du. Hain zabala den diziplina batean, iraganak badu ere pisu nabarmen bat. 

Jende askorentzat Carl Saganen Cosmos telesaila izan zen astronomiarako sarbidea. Zure kasua izan al zen? 

Ez. Nire kasuan zaletasunaren abiapuntua zeru izartsuaren edertasuna izan zen. Bereziki gogoan dut amaren herrian — Martin de Yeltesen (Salamanca)—, zegoen zeru paregabea. Zerua kasik gainean erortzen zitzaizun. Horrenbeste izar zeuden ezen konstelazioak ez baitziren bereizten.  Aurrenekoz zerura begiratu nuenean, lehengusinari galdetu nion ea zer zen zeruan ikusten zen hodei antzeko hori. Done Jakue bidea", erantzun zidan. Hain garbi ez, baina, txikitan Billodan ere izarrak ikusten ziren. Orain, berriz, ezinezkoa ezer hautematea. Esne Bidea hor dagoela badakizu, baina ez da ikusten. Ez da soilik argi kutsadura kontua. Atmosferaren lehortasuna ere faktore bat da: Salamancan ere argiteriak txarrera egin du, baina nahikoa da herritik ateratzea zeru beltzez gozatzeko. Tamalez, Portugalgo skyglow-a ere ikusten da, eta Mie efektua badago: hodeien ondorioz dispertsioa eta argi kutsadura askoz gehiago indartzen da. Oro har, zeruaren galera kultura gertatzen ari da gaur egun. Argi kutsadura dela eta, ia-ia zeruaren erdia ere ezin dugu erakutsi, kutsadura horren efektua oso gorantz iristen delako. 

Aplikazioen bitartez sikiera badago aukera zerua irudikatzeko, ezta? 

Bai, baina hori suzedaneo bat da. Jendeak ikasi nahi du zeruaren azpian egonda, eta denbora bat eman nahi du izarren azpian. Gainera, ortziak nolabaiteko efektu terapeutiko bat ere badu. Aire zabaleko topaketetan, jendeak esaten digu arazoez ahazten dela. Hipotekaz, erosketa saskiaz eta halakoez ahazteko modu bat da. 

Munduan betetzen duzun tokiaz ere jabetzen zara...

Baita hori ere. Zeinen txikiak garen! Egiatan, gaueko zeruaren galera hau pena bat da, argi kutsadura bideratzea nahiko erraza delako: beherantz argitzea eta beharrezkoa den indarrarekin egin beharra dago. Baina kontrakoa gertatzen da, eta badirudi dena argiztatuta egon behar dela.

Hau nola abiatu zen?  

11 urte daramatzagu Atarian ziklo hau egiten, Gorka Belamendiaren bultzadari esker. Hastapen ikastaroak dira, eta elkartean norberak nahi duen materia aukeratzen du. Nik Arabako Artxiboan urte asko eman ditut agiri eta eskuizkribu zaharrak ikertzen, eta horregatik beti jo izan dut dibulgazio historikora; beti ere, agiri originaletatik abiatuta. Orain arte mitologia klasikoa jorratu dut gehienbat: Pertseoren edo Orionen mitoak, esaterako. Baina iristen da une bat non hau jada oso jorratuta dagoen. Bada, aurten Irati filma ikustean, atentzioa eman zidan ez Eguzkia ezta Ilargia edo izarrak ere agertu ez izanak. Faltan bota nuen, ez dakit arrazoi teknikoren bat izango zen. Eta, Jose Migel Barandiaranen lanak  asko ikasi ditudanez, gai hau aukeratu dut aurten. Barandiaranek intuizio handia izan zuen Euskal Herriko tradizioa jasotzeko, garai modernoek hori desagerrarazi baino lehen. Bilketa hori agudo egun behar da, oroimen hori gorde izan duten pertsonak adinekoak direlako, eta, jaso ezean, denbora kontua da oroimen horiek behin betiko desagertzea. 

Antzinateko gizarteetan astroen mugimenduek garrantzi handia zuten; besteak beste, nekazaritza egin ahal izateko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zenbateko garrantzia zuen zeruak antzinatean? 

Erabatekoa. Orain, jateko zerbait behar baldin baduzu, supermerkatura joaten zara. Baina lehen zerura begiratu beharra zegoen, dependentzia erabatekoa izaten zelako, adibidez, ereiteko eta uzta jasotzeko. Dena neurtuta izan behar zuten. Hortik etorri zen Ilargiaren faseak neurtzeko beharra, eta hortik abiatu ziren ere egutegiak. Modu berean, oso  beharrezkoa zen ekaitzen gaineko kontrola izatea. Horrela abiatu zen kristautasunaren eta paganismoaren arteko osmosi bitxi bat: apaizek ekaitzak konjuratzen zituzten. Tentenubloa egiten zuten. Besteak beste, oinetako bat kendu eta ekaitzaren kontra botatzen zuten. Gauzak oso bestelakoak ziren orduan. Adibidez, euskal tradizioan, Eguzkia eta Ilargia emakumezko izakiak ziren, Lurren alabak.

"EUSKAL TRADIZIOAN, EGUZKIA ETA ILARGIA EMAKUMEZKOAK ZIREN; LURRAREN ALABAK"
 

Bitxia da hori...

Aintzat hartu behar da antzinatean normalean jendea ez zela apenas herritik ateratzen. Ezagutzen zuen eremua baino ez zegoen: egunero ikusten baduzu Eguzkia eta Ilargia lurraren barruan sartzen direla, horrek esan nahi du Lurra izaki teluriko handi bat dela, beste gauza guztiak bere gain hartzen dituena. Lur bizi-indar handia da, eta gero daude jeinu guztiak. Mari kasurako. Hartzen dituen formen artean, niri gehien interesatzen zaidana da naturaren indar gisa duen papera. Zeruan marraztuta ageri da, suzko igitai baten moduan, Anbototik Gorbeiarako bidean. Zer da hori, meteoro bat ez bada? Izarran egin genuen azken behaketa astronomiko publikoan ere jendeak hori errepikatzen zuen, eta polita da usadio horiek mantentzea. Badira galtzear diren beste hainbat gauza. Adibidez, Ilargiari eta Eguzkiari egiten zitzaion agurra ere. "Ilargi amandrea, zeruan zer berri?". Berdin agurtu behar zaio Eguzkiari: "Agur Eguzki amandrea". Gainera, gogoratu beharra dago ez direla itzulpenak, Eguzki eta Ilargi izen propioak dira euskal tradizioan.  

Izarrei dagokienez, izenik ezagutzen al da?

Orain gehienbat izen greko-latinoak darabiltzan kode unibertsala daukagu, baina gure lurraldean ez zegoen horrelakorik. Aipatu bezala, azalpen bat eman behar zioten egunero ikusten zuten errealitate bati. Gurdi baten itxura duen asterismoari, hartz txikiari, zazpi lapurrak gisa ezagutzen ziren. Ez du hartzarekin zerikusirik, baina asterismo berdina da. Arcturus lehen izarra, zen, eta Vega, begi urdina... izar garrantzitsu bakoitzak izen bat izango zuen, baina arazoa da gehienak galdu direla. Pleiadeen kasuan,  Oilaloka gisa ezagutzen zen. Hartz handiari ere deitu izan zaio horrela, baina hor akatsen bat egon da seguru aski, zaila delako izar erreferentzia desberdinek izen bera izatea. Egunen batean hori argitu nahiko nuke, agiriren batean informazioa aurkituz gero. Esne Bidea, adibidez, itzulpen bat da, baina niri horrek ez dit balio. Ni izen originalen bila ari naiz. 

"JUAN DE VITORIA FRAIDEAK FENOMENO ASTRONOMIKO ASKO BILDU ZITUEN LIBURU BATEAN"

Hitzaldia aurkezteko erabili duzun  ilustrazioaren atzean istorio bat dago ere, ezta?

Bai, Juan de Vitoria domingotarren fraide batek  1591n idatzitako liburu batean agertzen da. Parhelio bat da, garai horretan hori zela ez zekiten arren. Liburu horretan jaso zituen zeruan ikusten ziren eta garai horretan azalpenik ez zuten fenomeno guztiak. Superstizio askoko garai horietan zeruan ikusten zen gauza bakoitzak lurrean esanahi bat izan behar zuen, ezinbestean. Bere hitzetan, "gauza ikaragarriak" apuntatu eta marraztu zituen. Interesgarriena agian da 1572ean ikusitako fenomeno baten marrazki bat egin zuela, Gasteizko Santo Domingo komentutik bertatik. Tycho Brahe astronomo ezaguna izan zen supernoba edo izar berri bat izan zela argitu zuena. Superstizioez beterrik egon arren, liburu hori izango da Gasteizen astronomiari buruz idatzi den harribitxi bibliografikorik garrantzitsuena. Erregistroa  benetakoa zen. Liburu horretan Frai Juan de Vitoriak bildu zituen beste zenbat fenomenori buruzko simulazio astronomikoak egin ditut, eta egiaztatu dut guztiz benetakoak direla. Eskuizkribu hau digitalizatuta dago Espainiako Liburutegi Nazionalean, eta ale bakarra baino ez da kontserbatzen. Berrehun bat urte geroago Lorenzo Prestamerok liburua erosi zuen, eta azkenean noble baten eskuetan geratu zen. Nahiko zaila da irakurtzeko, fraideen kaligrafia nahiko gogorra delako, eta gainera tinta transferituta dago paper batetik bestera. 

Zenbaterainoko garrantzia izan zuen Santo Domingoko komentuak?

Garaiko zentro kultural oso garrantzitsua izan zen. Liburutegi izugarria zeukaten. Gasteizen genuen "Alexandriako liburutegia" deitzen diot nik. 1834an, Karlistaldietan, soldaduek fraide guztiak kanporatu zituzten egun batetik bestera. Gurdi batekin joan ziren liburutegitik ahal zutena hartzeko. Non egon daitezke liburu horiek? Ez dakigu. Ondare hori guztia berreskuratzen saiatzeko udal batzorde bat eratu zen gero, baina ezerezean geratu zen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago