Arabako Pintxoaren Aste Nagusiak baditu irabazleak

Erredakzioa 2023ko ira. 13a, 16:20

Finalistak, atzoko 'showcooking' erakustaldiaren ostean. Argazkia: alava.pintxos.eus

Finala astearte honetan izan da Peña Vitoriana tenis klubean. Hamar chef finalisten artean, Dolar, Hazia eta El Mexicano y Mucho Más jatetxeak nabarmendu dira, eta boto herrikoiak El Golpe taberna aukeratu du.

Gasteizko Dolar jatetxeko Juan Garcia eta Ivan Fernandez sukaldarien Itsas Hondoa pintxoak irabazi du 2023ko Arabako Pintxoaren Aste Nagusia. Irailaren 4tik 10era bitartean dastatu ahal izan dira pintxoak, eta atzo, irailaren 12an, asteartean, amaitu zen, Peña Vitoriana tenis klubean antolatutako showcooking ikuskizunarekin eta sari banaketarekin.

Chef, gastronomo eta pintxo adituek osatutako epaimahai profesional batek erabaki ditu irabazleak. Pintxo irabazleak itsas belaki baten antza du, itsas gisatu batez beteta dago, eta izkira-tosta bat darama. Epaimahaiak bere "zaporea, originaltasuna eta aurkezpena" nabarmendu ditu, eta bereziki baloratu du "zapore eta testuren konbinazioa", baita sasoiko eta hurbileko produktuen erabilera ere.

Bigarren saria Azoka Plazan kokatutako Hazia jatetxeko Aitzol Narbona Beitia eta Gorka Jimenez Elizalde sukaldarien Think-topus pintxoarentzat izan da.

Hirugarren saria, berriz, El Mexicano y mucho más establezimenduko Alberto Solana eta Marisa Barrio sukaldarien Tostadita Euskalmex pintxoak irabazi du.

Horrez gain, El Golpe establezimenduko Isaac Cerezuela sukaldariaren Koilarazko Bloody Mary pintxoa, edizio honetan online bidezko boto gehien jaso dituen sorkuntza gastronomikoa izan baita. Koktel tradizionalaren bertsioa da, koilara formatukoa, konkasse eran egindako baserriko tomatean oinarritua, albaka emultsio arinarekin, tomate izozkiarekin eta apar espeziatuarekin.

Ekitaldian zehar, Carlos Antolin SEA Ostalaritzako presidenteak El Tabanko establezimenduari eman dio Zerbitzuko Bikaintasunaren Saria; elkarteko bazkide diren establezimenduen artean erabakitzen da saria, eta esperientzia gastronomikoaren beste elementuetako batean, barra zerbitzuan, egindako lan ona aitortzen du.

Halaber, El Tabankoko Jon Iraultza sukaldariaren Antequerako Raburgesa pintxoak Madrid Fusión saria jaso du SEAren eskutik. Horri esker, Madrid Fusión azokan ospatuko den miniaturazko goi gastronomiaren lehiaketan parte hartuko du 2024ko urtarrilean.

Honako hauek izan dira Miniature Gastronomic Experience enpresak antolatutako lehiaketako gainerako finalistak:

  • Toloño: To-Lobster
  • 5a Avenida: Odolki krematsuko jenbea, papar-kurruskari fulminatuarekin
  • La Casa del Patrón: Atun eta ahuakate tartarra
  • Atabaka: Mugak
  • Kanijo: 3K
  • BerenjenalPoseidonen loreontzia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago