Silberius de Ura, Neønymus

"Nire diskoak gorroto ditut: bertan ez zait dena kabitzen"

Juanma Gallego 2023ko ira. 9a, 06:00

Orain arte hiru disko atera ditu Silberius de Urak; horietako bat Estibalizen grabatu zuen, bertako akustikaz miretsita. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Aizkomendiko trikuharriaren ondoan jarri dute hitzordua Neønymusekin Erdi Aroko Araba elkarteko kideek, megalitoari buruzko azalpenak eta musika uztartuz. Polifonien bitartez emozioak gauzatzen ditu musikariak.

Antzinako Musikaren Asteko kontzertuetako batean historiaurrerako bidaia proposatu du Silverio Cavia (Bilbo, 1969) musikariak. Silberius de Ura ezizenarekin, Neønymus proiektua darabil aspalditik.

Zer nolako kontzertua prestatu duzu Aizkomendirako?

Egia esanda, ez dut oraindik pentsatu zer abestu behar dudan! Uneotan, beste emanaldi baten atarian gauden une honetan ere, ez dut oraindik pentsatu zer abestuko dudan. Hasieran bai; etxetik ekartzen nuen, inprimatuta. Baina hainbeste sufritzen nuen errepertorioa prestatzen! Tira, orain ordu laurden bat aurretik-edo aurreikusten dut, eta listo. Trikuharrietan egindako kontzertuen kasuan, noski, oso enfokatuta daude historiaurrera. Oro har, Neønymusen errepertorioa bi bloketan banatzen da. Batek inspirazio handia du historiaurrean... modu esplizituan. Asko jotzen dut ebokazioetara, historiaurrearen emozio eta paisaietara. Beste batek gizakien nahiak edo bestelako emozioak ditu abiapuntu. Duela gutxi Ourenseko trikuharri batean lau ordu eman nituen inspirazio bila, eta abesti bat bururatu zitzaidan, baina ez dut uste estreinatzeko denbora izango dudanik.

Ohikoa da hau zurean? Norabait jotzea eta bertan inspiratzea?

Bai. Sugestiotik elikatzen naiz. Askotan, galdetzen didatenean zertara dedikatzen naizen, erantzuten dut basoan biluzik korrika egiten dudala. Inork ez dit horren truke dirurik ematen, baina jardun horrek emozioak sortzen dizkit, eta horiekin batera datoz melodiak edo kontatu nahi ditudan gauzak. Moustier aldiko koba batean sartzea eta neandertal bat naizela irudikatzeak agian esaldi bat baino ez dit iradokiko... baina gero estudioan horren garapena egiten dut. Kontzertu askotan zuzenean toki horren arabera aritzen naiz: koba batean, baso batean, monasterio zahar batean... inprobisatzen eta jolasten dut. Lekuek eta beren akustikek asko inspiratzen naute, eta, horiei esker, ordura arte imajinatu ez nituen melodia edo kontrapuntuak datozkit burura.

Sentsibilitatea behar da horretarako...

Bai, baina ez da zertan koba bat izan. Demagun: erromanikoaren garaiko nekazariek igandean elizan sartzen zirenean, leku horretako akustika zirraragarria izan behar zen beraientzat. Guk orain ez diogu balioa ematen, baina oihartzunik gabeko mundu batean bizi baldin bazara, halako leku batera joan eta erreberberazio luze bat entzutea naturaz gaindiko esperientzia bat izan behar zen eurentzat. Akustika oso garrantzitsua zen. Ikerketa askok diote historiaurreko margorik esanguratsuenak akustika berezia zeukaten aretoetan marraztu zituztela.  

Hala bada, horrek margo horien zentzu erritualaren teoria indartuko luke...

Bai. Soinuak bere garrantzia izango zuen seguruenera, adibidez, margo horrek islatzen duen historia kontatzerakoan. Espainian oraindik ez da gertatzen, baina Erresuma Batuan, adibidez, arkeologoen eta artisten arteko solasaldiak gero eta ugariagoak dira. Artistok eman dezakegu agian zientzialarien ikuspegitik oso aldenduta dagoen beste ikuspuntu bat, eta agian horrek bide berri bat egiteko aukera eman dezake. 

Kontzertu andana egin dituzu. Ohiko lekuetan, baina baita oso leku miresgarrietan ere. Baten bat aukeratzerik? 

Asko dira. Esate baterako, biziki gogoan dut Mengako trikuharria (Malaga). Bi kilometrotik ekarri zuten harlauza erraldoia. A zer nolako motibazioa izan behar zuten hori mugiarazteko! Esperientzia bera baino, ni aintzat hartu izana da gehien harritu ninduena. Ia 800 kontzertu eman ditut, ia-ia gainezartzen diren leku oso berezietan. Dena oso azkar doa. Egun batean San Juan de Bañoseko eliza bisigodoan nago eta, bestean, historiaurreko koba batean. Ia-ia denborarik ez daukat emozio horiek guztiak xurgatzeko. Joan den udan sentsazio hori izan nuen: hau ez ote da izango jada Neønymus SA? "Tira, egin dezagun orain denok emozionatuko gaituen kontzertua, eta bihar berdina!" Abestietako batzuk 6.000 aldiz abestu dituzunean, zalantzak sortzen zaizkizu ea musika hori oraindik ere hunkigarria ote den. Kontzertua bukatzean inor ez bada etorri esanez asko hunkitu dela, zalantzak sortzen zaizkit. 

Abesti berriek bederen ilusioa berriztuko dizute... 

Bai, edo ohiko abestien aldaera txikiak. Funeral visigodo abesten ari naizela, nota bat aldatzen diot, eta ilusioa mantentzen dut nota berri horren etorrerarekin. Nire musika oso emozionala da, eta oraindik ere batzuetan kontzertuen amaieran negar egitear nago... baina gero eta gutxiago gertatzen zait. Nire borondate onena jarrita ere, sentsazioa daukat batzuetan ofizioz abesten dudala, arimarekin baino. 

Lekuarena bezainbeste, bertaratutako jendearen eragina ere garrantzitsua izango da, ezta?

Noski. Kontzertua hasi baino lehen ezkutuan mantentzen naiz, hondoan. Eta entzuten dut jendea zelan sartzen den. Konturatzen naizenean adineko jendea datorrela, herriko jaietan nire kontzertua programatu dutelako, nire buruari esaten diot: "Gizajoak! A zer sustoa hartuko duten ikusten nautenean txirula batekin ortozik ateratzen!". Asko sufritzen dut horregatik. 

Baina seguru aski kontzerturen batean adinekoek ere harrituta utziko zaituzte... 

Guztietan! Beti egongo da baten bat alde egingo duena, baina gehienak geratzen dira. Askotan andre zaharrek esaten dizute: "A zer polita!". Eta hor konturatzen naiz memelo hutsa naizela horrela pentsatzeagatik.

Zuk ere aurreiritziak badituzula konturatuko zara halakoetan... 

Hori da. Neønymus proiektua hasi nuenean, denbora asko eman nuen lekuetara deitzen kontzertuak eskaintzeko. Baina ez nekien erantzuten galdera sinple bati: Zer motatako musika da hau? Zer zirkuituan sar daiteke? Eta pentsatzen nuen jendeari ez zitzaiola gustatuko. Beste behin, aurreiritziak!

Nolakoak dira zure kontzertuak? Zein elementu daude? 

Bereziki ahotsa darabil, tresna bezala erabilita. Dub station batetik pasatzen dut ahotsa, eta horrek ahots geruzak sortzea ahalbidetzen dit: polifonia. Noizean behin hezurrezko txirulak erabiltzen ditut, panderoa, adarrak, maskorra... edota plastikoko hobi bat ere. Zenbaitetan gustatzen zait XXI. mendeko elementuak sartzea, ezertarako balio ez dutela ematen duten horiek... baina musikaren munduan bere tokia izan dezaketenak. Eta, horiekin batera, 500 bat urte izango dituen enbor lehor bat, nirekin beti doana.

Oso ikonikoa da hori... 

Sabina baten enborra da. Ginebra izena jarri diot. Oso gutxi erabiltzen dut, abesti batean hamar bat segundo akaso. Baina funtsezkoa iruditzen zait nirekin batera kontzertuetan eramatea. Ez da eramateko erraza, 40 bat kiloko pisua izango duelako, baina, tira, berez ez nuen proiektu hau martxan jarri minimalista izateko.

Maila profesionalean, nola ikusten duzu etorkizuna? Posible al da ogasuneko epigrafeetan adieraztea "basotik biluzik korrika egitea"? 

Hori zaila da, bai, kar-kar! Orain serio jarrita, oso pribilegiatua sentitzen naiz. Ezagutzen ditudan beste artista askok klaseak eman behar dituzte bizi ahal izateko. Ni kontzertuei esker bizi naiz, eta, gainera, ez ditut kontzertuak bilatu behar, deitzen nautelako. Horren pribilegio handia iruditzen zait hori! Hortaz, aukera horren aurrean maila ona ematea baino ez dut nahi, eta duintasunez jardun ahal izatea. Pasioa bukatu arte. Nire burua ondo ezagutzen dudanez, iritsiko da une bat non grina atzean geratuko den, eta, hori gertatzen denean, grina sortzen didan beste zerbaiten bila abiatuko naiz. 

Bere abestietan egitura finkorik ez dago, ezta bere kontzertuetan ere. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Garai batean erabateko erreferentzia izan zen Celtiberia.net mitikoa sortu zenuen. Nola abiatu zen zaletasun hori? 

Historiaurrea eta protohistoriak beti liluratu naute, eskola garaitik bertatik. Horregatik, 2000an webgunea sortu nuen.  Bilgune bat izatea nahi nuen. Ez soilik informazioa trukatzeko: San Joan egunean denok gertueneko kastrora igo eta, sare bat osatuz, argia piztuko genuelako ideia erromantikoa nuen. Urtean milioi bat erabiltzaile bakar izatera iritsi zen, baina, nire txepeltasunean, ez nuen espero jendea iskanbiletan hasiko zenik. Arauak jarri behar izan nituen, eta logaritmoak jarri nolabaiteko kontrola jartzeko. Historiaurreko pope handien artean iskanbilak hasi ziren. Gainera, hasieran uste zuten Silberius de Ura plataforma bat zela, baina ikusi zutenean txotxolo bat nintzela, hasi zitzaizkidan egurra ematen. Heriotza zigorrak izateraino iritsi zen kontua. Pena handiz, itxi behar izan nuen webgunea, nahiz eta bertan bildutako ezagutza andana oraindik kontsultagarria dagoen. Gizateriarekin desengainu handia izan nuen. Orduan ulertu nuen ezinezkoa dela araudirik gabe maneiatzea, borondate on soilean oinarrituta. Neønymusekin hasi nintzenean ere, batzuek gaizki hartu zuten. Baina nik argi daukat historiaurrean inspirazioa hartzen duen artista bat baino ez naizela. Dena dela, oso gustura nago, aztarnategi askotan egon naiz kontzertuei esker, eta horiek gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Lagun arkeologo asko ditut proiektuari esker. Zinez pozik nago, hau opari ederra delako.

Zu entzun ondoren, Spotifyren algoritmoak Lisa Gerardera eramaten nau. Erreferentziaren bat ba al duzu musikaren munduan? 

Zaila egiten zait erantzutea. Nire musika modu objektiboan entzuten saiatu izan naizenean, The Alan Parsons Projecten erreferentziak aurkitu ditut! Eta orduan konturatzen naiz asko entzuten nuela hori. Printzak hartzen ditut handik hona. Musikologoek batzuetan esan didate: hau protus authenticus bat da, eta beste hau tetrardus bat... musika egitura zaharrak aurkitzen dituzte, ni horretaz  kontziente izan gabe. Agian da nik txikitan organista izan nahi nuela, eta, musika barrokoa jotzen nuelako, formula horiek nigan geratu ziren. Horregatik, batzuetan iruzurtiaren sindromea dut. Zer pentsatuko du jendeak Brahms jo duen laukote baten ostean ni entzutean? Asko kostatu zait musikari bezala nire burua definitzea, gaztaroan musika pixka bat ikasi nuen arren, gero dena modu autodidaktan egin dudalako. 

Baina agian hori ere beharrezkoa, da. Historiaurrean dena zegoen asmatzeko... 

Hori esaten didate musikologoek: "Gure mugengatik guk egin ezin duguna, baino gustuko izango genukeena egiten ari zara zu". Adituei antzinako musika ekartzen die gogora. Baina nik ez dakit ere zertan ari naizen.  

Estibalizen egon zara aurretik. Nola izan zen? 

Estibalizen bigarren diskoa grabatu nuen. Erdi Aroko Arabako lagunek aurrenekoz gonbidatu nindutenean konturatu nintzen bertan zegoen akustika ederraz. Orain arte hiru disko atera ditut, baina grabazio prozesuak matxakatzen nau. Egia esanda, diskoak ez zaizkit batere gustatzen. Gero haziko diren abestien zirriborroak baino ez direla iruditzen zait. Diskoetan zatika grabatzen duzu, baina abestiek garapen bat dute gero, hori disko batean ez da kabitzen. Horregatik, orain esku artean daukadan ideietako bat da bertsio hedatuak grabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago