Duela hainbat hamarkada ohiko irudia zen Euskal Herrian: itsu bat semaforo baten aurrean gelditzen zen, kalea gurutzatzen laguntzeko norbaitek besotik heltzen zion arte. Irisgarritasunaren alorrean gauza asko eta asko egiteko dauden arren, irudi hori ez da horren ohikoa orain, kasu askotan semaforoek soinu bidezko seinaleak dituztelako, eta egiten diren espaloi berrietan itsuek makilarekin hauteman ditzaketen markak ere jartzen direlako.
Munduko hiri askotan, baina, oraindik ere itsuek segurtasun minimo batekin ibiltzeko arazo larriak dituzte, eta, askotan, ezezagunen beharra izaten dute segurtasunarekin kaleak gurutzatu edo bestelako toki konplikatuetan aurrera egin ahal izateko. Limaren (Peru) kasua da. Bertan egon zen ikasten duela hainbat urte Aitor Zerain mendi ingeniari aguraindarra, eta berehala konturatu zen arazoaren tamainaz. "Nahiko gazte iritsi nintzen bertara, eta bereziki lehen egunetan oso zaila egin zitzaidan trafiko kaotiko horretara ohitzea", azaldu du. Dioenez, Lima da, Bogotarekin batera, Hego Amerikako hiri konplikatuenetakoa trafikoari eta mugikortasunari dagokienez. "Gaizki diseinatuta dago, informalitate handia dago eta, oro har, jendeak ez du batere errespeturik", esan du.
"TEORIAN ITSUEK LEKU ERRESERBATUA DUTE, BAINA ASKOTAN HORI EZ DA ERRESPETATZEN". AITOR ZERAIN
Bertan zegoela, egun batean combi edo autobus txiki batetik itsu bat jaisten ikusi zuenean konturatu zen zer nolako erronka izan ahal zen pertsona horientzat.
Bada, egoera hori dokumental batean jasotzea bururatu zitzaion, eta orain interneten argitaratu du, Invisible izenburu esanguratsuarenpean.
Proiektua abiatzeko, batez ere kirolaren bitartez inklusioa sustatzen duen Yo soy tus ojos elkarteko Jose Manuel Juradorengana jo zuen, eta honek kontaktuan jarri zuen Brayan Vidalon itsuarekin. Vidalon da, hain justu, ordu erdi inguruko dokumentalaren protagonista. Harekin batera, ikusleak lehen eskutik bizi dezake Limako itsu baten egunerokotasuna, bai egiten dituen ibilbideen zein bere lehen eskuko testigantzen bidez.
Minimoak, bete gabe
"Hemen seinaletika minimo batzuk badaude eta jendeak gutxieneko errespetu bat badu; tira, badakizu bederen auto batek ez zaituela harrapatuko", azaldu du Zerainek. "Perun, ordea, minimo horiek ez daude. Baina itsuek gainerakook ditugun beharrak dituzte, eta bizitza soziala egiteko edo lan egiteko kalera atera behar dira, noski". Zerainek ohartarazi du Perun badirela etxetik ahalik eta gutxien ateratzen diren pertsona itsuak, jakitun direlako kanpoan zer aurkituko duten. "Brayan bezala, kalera abenturatzen den jendeak askotan gainerako hiritarren laguntza jaso behar du, bestela harrapatuak izateko edo kolpe gogor bat izateko arriskua dutelako".
Autobusetan sartzea beste abentura bat da, eta handiak dira teoriaren eta praktikaren artean dauden aldeak. "Liman legeak dio autobusetan sartzen diren itsuek ez dutela ordaindu behar, eta barruan esertzeko toki erreserbatuak dituzte; halere, askotan lege horiek ez dira betetzen", nabarmendu du Zeraianek
Ez ikusiarena
Ekuazio honetan sartu beharra dago bertan badirela modu informal batean jendea garraiatzen duten enpresak, eta horiek dira askotan itsuekin ez ikusiarena egiten dutenak. "Gidariek itsuak ikusten dituztenean, askotan ez dituzte hartzen, beraientzat eragozpen handiagoa delako; adibidez, denbora gehiago behar dutelako busean sartzeko. Tamalez ez da ezer egiten, eta gogorra da egoera hori ikustea".
Gaiaren bueltan egindako dokumentala arazoa ikusgarriago egiteko balioko duelako esperantza du Zerainek, baina aurreratu du ez dela bakarra izango, eta Hego Amerikan atentzioa eman dioten beste hainbat gairen inguruan dokumentalak eta kronikak egingo dituela hemendik aurrera. Besteak beste, https://www.youtube.com/@AitorZerain kanalean ikusi ahalko dira horiek.