Enara habien suntsiketa

Juanma Gallego 2023ko ira. 1a, 08:00

Zenbait hegazti espeziek eraikinetan egiten dituzte habiak; oraindik ere badira horiek suntsitzen dituzten pertsonak. Argazkia: S. KOOP / UNSPLASH.

Argomaizen eta Urarten enara arrunten eta enara ipurzurien habiak kendu dituztela salatu du Ekologistak Martxanek. Basozainek ukatu dute delitua ikertu ez dutenik, eta "gezurretan" ibiltzea leporatu diete. 

Udaberrian gure hiri eta herrietara iristen diren hegazti intsektiboroen artean, badira bereziki ezagunak diren hainbat espezie. Zalantza barik, gehien zabalduta dagoena enara ipurzuria (Delichon urbicum) da. Besteak beste, igerilekuetara hurbiltzen direnean aise ikusten dira hegazti horiek, daukaten lumadi zuri-beltz deigarriari esker.

Horiekin batera, baina azken hamarkadetan kopuru askoz txikiagoetan, enara arrunta (Hirundo rustica) eta sorbeltz arrunta (Apus apus) iristen dira ere. Horiek ere erraz ezberdintzen dira enara ipurzurietatik: enara arruntak buztan askoz luzeagoa du, eta sorbeltz arrunta, berriz, hegal handi eta luzeak. Hegazti horiek aspaldi egokitu ziren hiri eta herrietara eta, habiak labarretan egin beharrean, eraikinetan egin ohi dituzte orain.

ENARA ARRUNTAK ETA SORBELTZAK BEREZIKI GAINBEHERAN DAUDE AZKEN HAMARKADA HAUETAN

Zenbait lekutan, baina, beti ez dira ongietorriak izaten, batez ere txitaldian gorotzak pilatzen direlako habien beheko aldean. Hegazti horien inguruko kontzientzia asko handitu den arren, oraindik ere legeak babesten dituen espezie hauen kontrako erasoak gertatzen dira.

Hala gertatu bide da uda honetan Argomaizen eta Urarten, Ekologistak Martxan taldeak egin duen salaketa baten arabera. Ohar batean ezagutarazi dutenez, udan hainbat lagunek informatu diete habien suntsiketak egin direla herri horietan. Oharraren arabera, lagun horiek foru basozainengana jo zuten gertakariak salatzeko, baina hauek "ez zuten ezer egin: ezta ikerketa txikia edo hizketaldia eduki habiak zeuden etxeetako bizilagunekin". Erantsi dutenez, basozainek ez dute abiatu gaiaren bueltan "inolako zigor espedienterik".

Ekologisten arabera, hegazti hauen biziraupena bermatzeak "udal administrazio publikoen aldetik ahalegin irmoa" eskatzen du, bai eta "helburu horrekiko konpromiso argia ere". Ondorioz, talde ekologistak Arabako udalei eskatu die udal araudien bitartez hegazti hauen populazioen kontserbazioa ahalbidetuko duten "neurri urbanistikoak hartzeko", eta aldundiari ere galdegin diote "neurriak har ditzala espezie hauen habien suntsiketa berriro gertatu ez dadin".

Nabarmendu dutenez, batez ere enara arruntak eta sorbeltzak gainbeheran daude, eta Espainian urteko milioi bat ale desagertzen ari dira. Argudiatu dute hegazti hauek "laboreetarako mehatxu diren intsektu espezieen harrapakari naturalak" direla, eta, modu berean, babestu dute "gizakiari eragiten dioten gaixotasun infekziosoen bektore diren intsektuak" akabatzen laguntzen dutela.

Haserrea basozainen artean

Talde ekologistak egindako akusazioak Arabako Basozain Profesionalen Elkartearen erantzuna ekarri du. Basozainek salatu dute ekologisten oharra sinatu duen Andres Illana "gezurretan" ari dela. Babestu dute, "beti bezala" abisua jaso dutenean bertaratu direla, eta hitz egin dutela bai salaketa jarri duten pertsonekin zein ustez habia suntsitu dituztenekin ere. Diotenez, zigor salaketa bat abian jartzeko ezinbestean gertakariak frogatu behar dira, "legeak hala eskatzen duelako". Modu berean, gogoratu dute zigor espediente bat abian egotekotan, ez erakunde ekologistek ezta salatzaileek ez luketela horren berri izango, zigor prozesua bukatu arte.

Erakunde ekologistari eskatu diote edozein salaketa publiko egin aurretik gaiari buruzko informazioa eskatu dezan. "Askotan, nahikoa da galdetzearekin". Basozainek diotenez, halako salaketek "kontrako efektua" dute, eta legearen aurka doan portaera bat ikusten duten pertsonei "salaketa egiteko gogoa kentzen diete".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago