Arrisku egoeratik atera dute Maturana Berastegi

Erredakzioa 2023ko abu. 1a, 11:56
Bisitaldi gidatua egin daiteke Maturana Berastegi jauregia ezagutzeko. Argazkia: ALEA

Datorren urtean hasiko dira eraikinaren birgaitze-lanak; 138.000 euroko inbertsioa izango da.

Maturana Berastegi jauregia Hispania Nostra elkartearen zerrenda gorritik atera eta zerrenda berdera igaro da barrualdean egindako leheneratze lanen ostean eraikinak zituen arriskuak desagertu direlako. Lan horiek dira 2024an erakina babestu eta egonkortzeko proiektua abian jarri aurretik egin beharreko pausoa, Gasteizko Udaletik azaldu dutenez. "Datorren urtean hasiko dira eraikinak behar dituen birgaitze-lanak eta horietarako 138.437 euroko inbertsioa egingo da", azaldu du Borja Rodriguez hirigintza zinegotziak. 

Hispania Nostra elkarteko batzorde zientifikoak Maturana Berastegiko esku-hartzearen dokumentazioa berrikusi du, eta uste du "eraikina erabat leheneratzeko hasiera bikaina" dela, eta ahalegin horri esker, zerrenda berdera igaro da. Elkartearen helburua kultur ondarea defendatu eta baloratzea da eta zerrenda gorrian abandonatuta eta arriskuan dagoen ondare historikoaren berri ematen du. Zerrenda berdea osatzen dute dagoeneko leheneratu diren ondasunek, eta Maturana Berastegi bertan sartu da azken lan horiei esker.

XVI. mendeko jauregian kontsolidazio-lanak egin dira. Batez ere, Hedegile kaleko fatxada egonkortzen eta altxatuta zeuden fatxadako hegalak eta oso hondatuta zeuden euskarriak leheneratu dituzte. Bestalde, 2021ean eraitsi zen estalki-zatia ere berreraiki dute, eta bi gune egokitu dituzte: ataria eta garai bateko kotxe-tokia. Bisitariei harrera egiteko prestatu dute kotxe-tokia eta jauregiaren historia eta eraikinaren jabe izan diren familiak ezagutzeko antolatu ohi diren bisita gidatuak egiteko abiapuntua da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide