"Gutxi batzuen arduragabekeriak beste heriotza bat eragin du Talleres Aratz lantegian"

Erredakzioa 2023ko uztailaren 27a

Elkarretaratzea egin dute gaur lantegiaren atarian. Argazkia: LAB

Joan den ostiralean, 33 urteko gazte bat hil zen Gasteizko Talleres Aratz enpresan, makina batek harrapatuta; azken hamarkadako bigarrena lantoki berean. LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute.

Iragan asteko lan istripu hilgarria ez zen azken hamarkadako lehenengoa izan Betoñu industrialdeko Talleres Aratz lantegian. Izan ere, 2014an antzeko lan heriotza bat gertatu zen Gamarrako kirol instalazioen goiko aparkalekuaren parean kokatutako lantoki horretan.

"Gutxi batzuen zikoizkeriak eta arduragabekeriak beste heriotza bat eragin du Talleres Aratz lantegian", salatu dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, ostegun honetan enpresaren atarian azken lan istripua salatzeko egindako elkarretaratzean. "Ezin da kasualitatea izan bi aldi horietan istripuaren elementu nagusiak hain antzekoak izatea: azpikontratazioa eta makinek harrapatzea", azpimarratu dute sindikatuek.

"Kontratek lanak egiten dituzten enpresetan, enpresa horien erantzukizuna oso argi dago jasota legerian. Enpresa jardueren koordinazioak ezartzen du instalazioetara sartzen diren langile guztien segurtasuna bermatu behar dutela, eta haien segurtasuna bermatzeko bitarteko eta neurri guztiak izan behar direla. Beraz, 2014an eta joan den ostiralean gertatutako istripuen erantzule zuzena Talleres Aratz da", gaineratu dute.

Makina-erremintaren sektorean gertatzen dira istripu hilgarrien %30 inguru. Sindikatu abertzalearen ustez, gehienak "argi eta garbi identifikatutako eta ezagututako arriskuak tarteko" gertatzen dira; hau da, "saihesgarriak" dira. "Zoritxarren, azken 9 urteetan bi pertsona hil dira Aratzen instalazioetan. Makina baten harrapaketa gertatzen denean, segurtasun arauak betetzen ez direlako da", ohartarazi dute.

2023ko zazpigarren lan istripu hilgarria Araban

LAB sindikatuaren datuen arabera, 2023an Euskal Herrian gertatutako 32. lan istripu hilgarria da ostiralekoa; eta Araban dagoeneko zazpi dira urtean zehar lan istripuz hildako langileak. 2008. urtetik, gainera, 1.000 langile inguru hil dira Euskal Herrian, lan istripu hilgarrietan.

"Azken 15 urteetan gertatutakoa guztiz onartezina da, inork ere ezin du izan bere lanpostuan bizia galtzeko arriskua, eta langileak beren etxera bizirik itzultzeko erantzukizuna enpresena eta erakundeena da. Izan ere, erakunde horiek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, arazo sozial eta laboral hain larriaren aurrean: lan istripu hilgarriak eta oso larriak", adierazi dute sindikatuek.

"Urkulluren gobernuak ditu lan osasunaren araudia betearazteko eskumenak", seinalatu dute. "Betearazpena kontrolatzeko baliabiderik ez jartzeak bidea libre uzten dio patronalari. Badakite ez dituztela zigortuko legea betetzen ez badute. Horren atzean erabaki politiko bat dago. Patronala ez dute ukitzen. Zer gertatu behar da behingoz neurriak hartzeko eta langileen bizitza arriskuan jartzen dutenak eraginkortasunez zigortzeko? Noiz arte jarraituko dugu ikusten nola gure lankideek bizia galtzen duten gutxi batzuen arduragabekeria eta zikoizkeriagatik?".

"Gertatutakoa inoiz baino indartsuago salatzeko unea da, eta zentroz zentro, kalean eta erakundeetan borrokatzekoa, beste inork bere lanpostuan bizitza gal ez dezan", adierazi dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, aho batez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago