Gazte langile bat hil da Gasteizen, makina batek harrapatuta

Erredakzioa 2023ko uzt. 21a, 16:00
Talleres Aratz enpresa, Betoñuko industrialdeko Barratxi kalean. Argazkia: Google Maps

Metalezko prentsa handi batek harrapatuta hil da 33 urteko langilea, Betoñuko industrialdeko Talleres Aratz lantegian.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, ostiral honetan, goizean, lan istripu hilgarri bat gertatu da Gasteizko Betoñu industrialdeko Barratxi kaleko Talleres Aratz enpresan, Gamarrako igerileku eta kirol instalazioen aparkalekuaren parean. 33 urteko gazte langile bat hil da, tamaina handiko metalezko prentsa batek harrapatuta.

Bertaratutako larrialdi zerbitzuek, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ezin izan dute ezer egin gaztearen bizia salbatzeko. Une honetan, lan istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

2023ko zazpigarren lan istripu hilgarria Araban

LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek lan istripua salatzeko elkarretaratzea antolatu dute ostegunerako, uztailaren 27rako, 11:00etan lantegiaren atarian, Barratxi kaleko 37. zenbakian. LAB sindikatuaren datuen arabera, 2023an Euskal Herrian gertatutako 32. lan istripu hilgarria da gaurkoa; eta Araban dagoeneko zazpi dira urtean zehar lan istripuz hildako langileak. 2008. urtetik, gainera, 1.000 langile inguru hil dira Euskal Herrian, lan istripu hilgarrietan.

"Istripuaren ezaugarriak aztertuta uler daiteke enpresak makinen araudia ez betetzeagatik hil dela langilea. Izan ere makina baten manipulazioan harrapatze bat gertatzen bada, segurtasun bitartekoen falta adierazten du", ohartarazi du LABek. "Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira. Makina guztiek bete behar dituzte printzipio horiek, euren ekoizpena zaharra izanik ere, egokitu egin behar dira. Hau enpresariaren ardura da eta horrela dago adierazita araudian".

"Hau gertatzearen arrazoia da inork ez duela patronala kontrolatzen. Lan osasunerako araudia ez dio inork betearazten eta nahiz eta Jaurlaritzak horren eskumena eta, beraz, betebeharra izan, ez du egiten", gaineratu du sindikatuak. "Errealitate horrek lanpostu arriskutsuak eta prekarioak sortzen ditu, patronalak kontrolik gabe jarduten duelako kapitalismoa muturreraino eramanaz, administrazioaren konplizitatearekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide