NEXT FUNTSAK

Birgaitze asko, bertan behera

Juanma Gallego 2023ko uzt. 21a, 06:30

Energia aurrezteko obretarako diru laguntzek etxebizitza bakoitzeko 18.000 eurorainoko laguntza aurreikusten dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Jaurlaritzak ezagutarazi du eraikinen birgaitze energetikoa bultzatzeko martxan ziren Europako diru laguntzak bukatu direla. Ustekabeko iragarpenak jabeen elkargoen eta arkitektoen haserrea piztu du.

Amaitu da dirua. Next Generation Funtsen kontura etxebizitzen birgaitze energetikoa egiteko diru laguntzetara aurkeztu diren 15.600 etxebizitza inguruk dirua jasoko bide dute, baina lan horiek hastekotan direnek eta oraindik eskaria aurkeztu ez dutenek, berriz, beren kabuz aurre egin beharko diete gastu guztiei, ala bertan behera utzi orain arte egindakoa.

Jaurlaritzak ezagutarazi du Europako funtsen konturako laguntza lerro horretarako zeuden 130 milioi euroren langara iritsi dela, eta, ondorioz, espediente berrien tramitazioari utziko diola. Erabakiak birgaitze horien inguruan aritu diren profesional eta herritarren haserrea piztu du. Hala, EHAEO Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak "harridura handia" azaldu du "ustekabeko" erabaki horregatik. "Administrazioak ez du aldez aurretik abisurik eman, ezta funtsen egoeraren berri partzialik eman ere", azaldu dute EHAEOko Birgaitzeak Laguntzeko Bulegotik. Kritikatu dute Jaurlaritzak "behin eta berriz sustatu" duela birgaitze prozesuak hastea, erabakiaren egunaren bezperara arte. Elkargoaren ustez, administrazioak ez du egoera behar bezala kudeatu, "itxaropen faltsuak sortu dira", eta  prozesu asko amaitu gabe geratu dira, "tartean dauden eragileei eragindako kalteekin".

BAI ARKITEKTOEK ZEIN JABEEN ERKIDEGOEN ADMINISTRATZAILEEK DIOTE KONFIANTZA URRATU DELA

Antzeko ezinegona azaldu du Gipuzkoa eta Arabako Finka Administratzaileen Elkargoak. Bertako presidente Javier Monteroren hitzetan, "jabeen erkidego asko inplikatu dira halako birgaitzeetan, Jaurlaritzak esana zuelako dirua egongo zela". Izan ere, eraikinen energia portaera hobetzeko pizgarri handiak zituzten jabeek. "Obren ostean %30eko energia aurrezpena lortuz gero, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko diru laguntza lortu ahal zen. %40 lortuta, 12.000 euro; eta %60 eskuratuta, 18.000 euro". Horregatik, Monteroren arabera, arkitekto askok hobekuntza handiagoak proposatu dizkiete jabeen erkidegoei. "Adibidez, eraikinaren leiho guztiak aldatzea edo eguzki plakak jartzea". Azken ezusteko honekin, berriz, Monterok uste du jabeen erkidego asko hemendik aurrera mugatuko direla Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak eskatzen dituen betekizun minimoak betetzera.  "Arazo handiena izango dute proiektu bat abiatzeko azterketa bat egin dutenek, ezerezean geratu daitekeelako. Obra asko gelditzen ari dira".

Egoera ebaluatuz

Arkitektoek berretsi dute Next Funtsen baldintzen arabera hasitako proiektu batzuek ezin izan dutela laguntza eskaera formalizatu, prozesua "hain berehala"  ixtegatik. "Elkargokideei egindako inkesta baten bidez informazioa biltzen ari gara, bat-bateko geldiarazte horren irismena ebaluatzeko", aurreratu dute EHAEOk Araban duen ordezkaritzaren Birgaitze Bulegotik.

Jaurlaritzak esan du beste autonomia erkidegoetatik bete gabe geratu diren deialdien dirua hona ekartzen ahaleginduko dela. Gauzak "hala izatea" espero dute arkitektoek, baina ohartarazi dute "ziurgabetasun handia" dagoela aukera horri dagokionez, beste erkidegoek dituzten helburuak bete gabe izan behar dituztelako. Montero ere zuhurtziaz azaldu da aukera horri buruz, eta argudiatu du askotan halako kontuak "Espainiako Estatuan dagoen egoera politikoaren menpekoak" direla. Dioenez, Europako funtsetatik harago, Jaurlaritzak birgaitze energetikorako diru laguntza lerro propioa du, baina hori tamaina txikiko jabeen erkidegoetarako baino ez da baliagarria izango. 

Bai administratzaileak zein arkitektoak bat datoz herritarren konfiantza urratu dela ezusteko erabaki honekin. "Administrazioarekiko eta, oro har, laguntza publikoekiko gogorik eza eta mesfidantza eragiten du honek", ohartarazi dute arkitektoek. Administratzaileen elkargoko presidenteak ere uste du kaltea egina dagoela eta zuhurtzia zabalduko dela. "Orain telekomunikazioak hobetzeko beste laguntza deialdi baten berri eman du Jaurlaritzak, baina ez dio zabalpen askorik eman. Gainera, urtea bukatu baino lehen egin beharko litzateke".

EHAEOk aurreratu du beste hainbat elkarterekin batera ekimen bat abiatu duela Jaurlaritzaren aurrekontuetan diru partida bat gaitzeko eskatuz. Baliabide ekonomiko publiko horiek diru kutxa publikoetara "oso itzulkin garrantzitsuak sortuko dituztela" uste dute. Beste eskari bat da Next Generation funtsen banaketa "birformulatzeko aukera aztertzea". Diotenez, EAEk 1.657 milioi euro jaso ditu, baina horietatik 130 baino ez dira bideratu birgaitze energetikora.

Euskaldunentzako zerrendarik ez

Behin baino gehiagotan errepikatzen den ohitura bati jarraiki, herritar euskaldunek ez dute aurkituko informazio berdina zerbitzari publikoen aldetik, beren aukerako hizkuntza euskara baldin bada. Hala, Jaurlaritzaren webgunean —hilaren 18an egindako kontsultan— euskaraz informazio bila doanak abisu bat aurkituko du: "Euskadik dagoeneko bete ditu eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsen helburuak". Helburuak betetze horrek esan nahi du Europako dirua bukatu dela, ondoren azaltzen denez. Jarraian Etxebizitza Sailak argitzen du laguntzak eskatzen jarrai daitekeela, baina Jaurlaritzak berak dituen ohiko deialdien bidez. Gaztelerazko bertsioan, ordea, bestelako funtsezko informazioa ematen du Jaurlaritzak. Horretan, berariaz eskatzen zaie Next Funtsetatik kanpo geratu direnei kontaktuan jar daitezela udalerri bakoitzeko Hiri Elkartearekin, edo, udalerrian halakorik ez egotekotan, VISESA sozietate publikoarekin. Modu horretan, eskatzaileek aukera izango dute itxaron zerrenda batean sartzeko, "Next Funtsen balizko zabaltze bat" egotekotan. Baina, esan bezala, funtsezko informazio hori gazteleraz egiten duten herritarrek baino ez dute jasoko.

OHARRA: hilaren 21ean egindako kontsultan, Jaurlaritzak honezkero eguneratu du euskarazko informazioa.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago