KAITIN ALLENDE

"Inoiz pentsatuko ez genukeen lekuetara iristen da umorea"

Juanma Gallego 2023ko uzt. 21a, 06:00
Kaitin Allende kazetaria. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kazetaritzari lotuta egon da beti Kaitin Allende, baina zenbait urtetik hona abentura berri bati ekin dio bakarrizketen alorrean. Egunerokotasunean gertatzen zaizkion komerietatik abiatzen dira horiek. Agerikoa denez, inspirazio iturriak ez ditu faltan.

Kazetaria izanda ere, bakarrizketen munduan murgildu da Kaitin Allende (Arrasate, 1972) irrati esataria. Gasteizko jai programaren barruan egongo da aurten Kilimaterioa jorratzen, Iratxe Ibarra, Oihane Perea eta Irati Anda bertsolariekin batera. Umoreari tiraka oso gauza serioen inguruan hitz egin daitekeela aldarrikatu du Allendek. 

Ibilbide luzeko kazetaria zara. Nola izan ziren lanbidean emandako lehen urratsak?

Arrasate Irratiko lehen bekaduna izan nintzen, eta telebistan ere ibili nintzen. Arrasate Press-en komertzial gisa ere urte asko eman nituen, kazetaritza ikasi nuenean publizitate espezialitatea hartu nuelako. Hor bitxikeria asko bizi izan nituen. Jakina da publizitatea saltzea zaila dela, eta, euskaraz, are gehiago. Oroitzen naiz ortopedia bateko jabeak nola begiratu ninduen bere iragarkian jarri nuenean eskalapoiak saltzen zituztela. "Esaiozu zure nagusiari hona etortzeko y que me pida eskalapoias", esan zidan, kar kar! Berak argi zuen zuekoak saltzen zituela.

"IRRATIAK BADU ESTRES PUNTU BAT, UNEORO ORDULARIARI ITSATSITA ZAUDELAKO"

Euskadi Irratian hainbat urte eman zenituen...

Bai, 2006ra arte hainbat saiotan ibili nintzen. Ainhara Zuazabeitiarekin udako saio batean hasi nintzen. Udan lan egitea ez da erraza, baina oso oroitzapen politak ditut. Erronka handia da udako saio bat ateratzea, euskaraz moldatzen diren pertsona asko ez direlako ausartzen euskaraz irratian hitz egitera. Tamalez, horregatik jende interesgarri asko galtzen da. Gero Ipurtargia egiten ibili nintzen ere, gauez. Lanik gabe geratu nintzenean, Hernani utzi eta Okondora etorri nintzen, eta aitaren baserriaren zatitxo batean nire etxe txikia eraiki nuen. Bizkaia Irratian eta ETBn ere ibili nintzen, eta urte batean Araba Euskaraz koordinatzen egon nintzen. Ondoren, Euskadi Irratian ordezkapenak kateatu ziren, 2021era arte. Orain egonkortze prozesu batean gaude, eta uda ostean jakingo dut kontua zertan geratzen den. Baina, badakizu, rockanrollak ez du dirurik ematen, ezta kazetaritzak ere. Tira, orain Radio Vitoriako Déjate llevar asteburuetako saioan nabil. Aratz Goikoetxearekin hasi nintzen, eta orain Pilar Ruiz de Larrea da aurkezle. Rosa Ortiz de Mendibil eta biok gaude saio horretan unitate mugikor gisa. 

Irrati mota hau oso desberdina da gaueko formatuaren aldean. Zeinetan zaude gusturago?

Bietan. Ipurtargia egiten nuenean, zailena zen nik neuk egin behar nuela guztia, teknikaririk gabe lan egiten nuelako. Gaueko saio bat ere erronka bat da: irratian inoiz ez dago ordu txarrik, beti daudelako irratiaren konpainia behar duten pertsonak, baina kazetariarentzat zailagoa da gauzez aritzea, are gehiago teknikaririk gabe. Unitate mugikorraren kasuan, unitate bat zara, bakarra, kar kar! Zu zeu, mikrofonoarekin eta gailu txiki batekin. Askotan jendeak galdetzen dizu ea non dagoen furgoneta. Bai zera, furgoneta! Baina oso polita da, toki pila bat eta jende pila bat ezagutzen dituzulako. Pertsona bati elkarrizketa egiteak eramaten zaitu beste baten kontaktu lortzera. Oso aberasgarria da. Baina irratiak badu estres puntu bat, ordulariari itsatsita zaudelako uneoro. Informatiboetan, adibidez, beti izan behar dituzu prest informazioa eta kortea. Beste saioen kasuan, hainbat aldiz sartu behar zara konexioetan. Gainean daramagun makinak estudioko kalitatea ematen du, baina lan egin nahi ez duenean, ez dago ezer egiterik. Gutxitan gertatzen bada ere, zure lan guztia pikutara doa. 

"BAKARRIZKETA BAT EGITEN DUDAN BAKOITZEAN AFASIA DUEN AMARI OMENALDIA EGITEN DIOT"

Honezkero, Araba osoa ezagutuko duzu!

Ez pentsa, asko geratzen zait. Egunero zerbait berria ikasten dut. Gainera, Gasteizen lanean hasi nintzenean oso sorpresa ona eraman nuen. Badakizu, Aiaraldekook kontaktu gehiena Bilborekin daukagula gehienetan. Baina Gasteiz hiri ederra dela konturatu nintzen. Konexio batean norbaitekin zaudenean konturatzen zara jende guztiak agurtzen duela; batzuetan ematen du herri batean zaudela, hiri batean baino. Eta euskararekin ere ikaragarrizko sorpresa hartu nuen. Esango nuke batzuetan Bilbon baino euskara gehiago entzun dudala Gasteizen. 

Elkarrizketa hau egiten ari garenean, bajan zaude. Zer gertatu zaizu ba?

Irratiko azken konexioa farmazia batean izan zen, esateko maskarek derrigor izateari utziko ziotela. Eta bezperan unitate mugikorrarekin lipotimia bat izan nuen. Bada, mikrofonotik kanpo botikariari esan nion edozein gauza gertatu ahal zitzaidala, baina ez lipotimia bat! Bisera, eguzki krema, Aquarius bat... prest nengoen. Baina bueltan nengoela taxian kolpe bat eman ziguten atzetik. Seinale argia zen unitate mugikorra tailerrera eramateko unea zela. 

Kontaguzu lipotimia horrena, faborez. 

Hauteskundeen ondorengo eraketa eguneko estres egun horietako batean gertatu zen. Laudion udalbatzaren eraketaren berri eman nuen, eta baita Aiarari buruzko ezustekoa, Aiaraldea.eus-ek primizian eman zuena. Gasteizera bueltatuz, Rocio Viterori elkarrizketatzeko eskatu zidaten, baina berak ez zituen jada elkarrizketa gehiago emango. Hiru minutu nituen lortzeko, eta azkenean lortu nuen. Matxeten egin zuten brindisa kubritu ostean, Andre Maria Zuriaren plazara abiatu nintzen, Azkena Rocken inguruko beste konexio bat egitera. Baina eskaileretan zorabiatu nintzen. Hor nengoen ni, botata. Batek hankak altxarazi zizkidan, EH Bilduko prentsa arduradunak tonika bat ekarri zidan, bestea abanikoarekin airea ematen... argi geratu zen unitate mugikorra kili-kolo zegoela.

Halakoez entzuleak ez dira jabetzen...

Bai. Irratia entzuten duenean, jendea ez da kontziente zenbaitetan gauza batzuk lortzeko zer egin behar duzun. Gure lana da hori, bai; baina, askotan, estres mordo bat pilatzen da. Irratsaioan asteburuan gaudenez, bederatzi orduz egiten dugu lan. Pentsa ezazu horren ostean bakarrizketa bat duzula. Estres hori bideratu behar da. Kazetaritza ederra da, baina tailerrean ez amaitzeko oreka mantendu behar da. Gure lanbidean baja asko dago, estresa eta antsietatea direla-eta. 

Taula gaineko mikrofonoari ere heldu dio Allendek. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Zuen kasuan, gainera, mikrofonoak ez du barkatzen, ezta?

Hala da. Horregatik, ahotsa maneiatzeko ikastaro bat egin nuen. Izan ere, askotan ez gara jabetzen ahotsarekin zenbat transmititzen den. Oroitzen naiz lankide batek esan zidala: "aizu, nekrologiko bat ematen entzun dizut, eta ez zaitut ezagutu". Noski, irratian beti ez gaude barrezka, beti ez gaude negarrez eta beti ez gaude serio. Une bakoitzak eskatzen dizu ahots bat. Zu jai giroan egon zaitezke; baina, demagun, ahaldun nagusiarekin baldin bazaude, agintari publiko horri errespetu bat zor diozu. Keinuek ere asko laguntzen dute, bakarrizketen kasuan. Zentzu honetan, noizbait Euskal Herriko Lina Morgan deitu izan naute. Behin bakarrizketa baten ostean ingeles batzuk etorri zitzaizkidan, "You are fantastic" esatera. Euskara ulertu gabe ere, argi zegoen zerbait iritsi zitzaiela. 

"UNE BAKOITZAK AHOTS BAT ESKATZEN DU. BETI EZ ZAUDE BARREZKA, SERIO EDO NEGARREZ"

Nola sartu zinen ba bakarrizketen erokeria honetan?

Erokeria da, bai! Kontua da jendeak askotan esaten zidala graziosoa nintzela. Baina nik beti errespetu handia izan diot lanbide bakoitzari. Aktoreen aurrean txapela kentzen dut. Horregatik animatu nintzen Gasteizko Baratza aretoan ikastaro bat egitera, Jorge Lozarekin. Gero interpretazio ikastaroa ere egin nuen Aitor Colladorekin. Eta kurtso amaieran, umeek bezala, entzunaldi bat egin behar genuen. Guraso txinparten ingurukoa egin nuen. Irakasleari esan nion euskaraz egingo nuela, eta esan zidan berak eman zituen ikastaro guztietan euskaraz egindako aurrena zela. Jendeak kristoren barreak bota zituen. Horrek esan nahi du mezua iristen dela, konplexu asko ditugula, eta jendeak guk uste baino gehiago ulertzen duela euskara. Orain, bertsolariekin ari naizela, konturatu naiz inoiz bertso saio batera joango ez zirenak ere etortzen direla. Umorearekin iristen gara guk inoiz pentsatuko ez genukeen leku batera. Madrilen badira politikariak umoregileak dituztenak beren diskurtsoak prestatzeko.

Gasteizen 2021ean sari bat irabazi zenuen. Pozik?

Oso pozik, bai. Klimaxetik Kilimateriora bakarrizketari esker irabazi nuen Komedialdiko saria. Eta, aizu, jendeak sarrera erosi zuen ni ikusteko, kar kar! Ez nuen inondik inora espero sari hori jasotzea. Euskaraz egin nuen bakarra izan nintzen, berria nintzen, eta, gainera, lehiaketa horretara ez nintzen lehiatzera joan, nire beldur eta ziurgabetasunak gainditzera baizik. Sari hirukoitza izan zen. Ez zara joaten, gainera, gidoi batekin mitin bat ematera, inprobisazioa egitera baizik. Eta, gainera, barrea eragitera. Negarra eragitea oso erraza da, informatibo bat ikustea baino ez dago, baldin eta, ni bezala, sentsibilitate handiko pertsona bazara. Bestetik, publikoarekin konexioa lortzen duzunean, hori benetako sari bat da. Dena dela, bakarrizketa bat egitera joaten naizen bakoitzean amari omenaldia egiten diot. Hamabi urte daramatza gurpildun aulki batean, afasiarekin. Beraz, nik hitz egiten dut nire partez eta amaren partez ere. Esaten diodanean bakarrizketa egitera noala, eskuarekin abanikoaren keinua egiten dit. 

Allende irrati kazetari modura aritu izan da gehienetan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Klimaterioari buruzko saio horretan zer jorratzen duzue? 

Berez oso serioa den gauza bati buruz ari gara, emakume bati hilerokoaren gorabeherekin hasten denetik, menopausia igaro eta hainbat urteetara ere. Ia-ia hiltzen zaren uneraino gertatzen dira aldaketa horiek. Bada, tabu den gai bat gainditu, euskaraz iritsi eta bertsozaletasuna ere bultzatzen dugu. Gauza asko daude atzean, haurdun ez geratzeaz gain. Konturatzen zara zu ez zarela zu, zerbait gertatzen dela zure bizitzan. Menopausikoa izan arte, eta ondoren ere. Terapeutikoa ere bada bakarrizketa hori, bai oholtza gainean gaudenentzat zein publikoarentzat ere. Publikoak eskerrak ematen dizkigu gero. Behin Osakidetzako emagin bat etorri zitzaigun esatera kontatzen genuen guztia hala bizitzen zuela berak ere pazienteekin. Hilerokoaz asko hitz egiten da, baina gutxi menopausiaz; are gutxiago, andropausiaz.

Jorratu dituzun beste gai batzuk kazetarien jardunari eta gurasoei buruzkoak dira. Egin spoiler pixka bat.

Ni katekista baten modukoa naiz; nire umorea oso zuria da, nolabait esateko. Beraz, nitaz barre egiten dut, eta niri gertatutako gauzetatik abiatzen naiz. Kazetariak eta artistak izeneko bakarrizketan irratiko nire ibilerak kontatzen ditut. Guk kazetariok mirariak egiten ditugu egunero erreportaje bat edo elkarrizketa bat aurrera ateratzeko. Goizalde Landabasoren Korte bat mesedez liburuak tamalez oraindik gaurkotasun handia du prentsa agerraldietan. Askotan, "eskerrik asko etortzeagatik" esaten dizute, eta, ondoren, "como iba diciendo en euskera..." Barkatu?  Bestea da Guraso txinpartak. Beraiek zoriontsu izateko seme-alaben ardura eta hezkuntza besteon esku uzten dituzten gurasoei buruzkoa. Tira, eskolan kimika, frantsesa eta matematika irakatsiko dizkiete umeei, baina ez zelan jesarri behar diren... gizabidea eta errespetua etxean irakatsi behar dira. Baina, tamalez, jarrera horren ondorioz monstruito pila bat ikusiko ditugu aurrerantzean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide