Ibilbide berdeen sare sendoa du Arabak, aberastasun natural aparta, eta bizikleta modu ezin hobea izan daiteke uda honetan bide horiek deskubritzeko. Natura eta pedalak uztartuta, hamasei ibilbide proposatu ditu Arabako Aldundiak Arabako Ibilbide Berdeen Saretik bizikleta txangoak egiteko gidan. Udal liburutegi eta ohiko liburu dendetan eskuratu daiteke, 5 euroan.
Hamasei proposamen dira, eta Arabako Aldundiaren webgunean ere deskargatu daitezke. "Gizakia eta lurraldearen bereizgarria den natura bateratzea bilatzen du gidak; hamasei ibilbide horien bidez, Araba, bere paisaiak, kultura eta natura balioak ezagutu daitezke; astiro dastatzeko hamabost gako", azaldu dute gidaren aurkezpenean. Norberak jarriko du helburua eta erritmoa. Aurten, gainera, ibilbide horiek erabiltzeak saria dauka. Aldundiak pasaporte bat eskaintzen du. Webgunean eskuratu daiteke, zenbait gunetan (turismo bulegoak, natura parkeetako bulegoak, BTT zentroak, etab.) osatutako ibilbideei zigilua jarri eta sariak lortu ahal izateko.
"Ibilbide proposamen bakoitzean, besteak beste, fitxa teknikoak eta mapak kontsulta daitezke"
Ibilbideek askotariko paisaiak ezagutzeko aukera ematen dute. Haietan zehar patxadaz ibilita baso ospeletan barna galtzeko aukera izango du bisitariak, urtegi eta urmaelen ertzetatik pasatuko da, amildegietara hurbilduko da, ilunabarrak gozatuko ditu, eta arranoak, miruak eta lertxun gorriak ikusi ahal izango ditu. "Araban denetariko sentsazioak daude: haranak eta ordokiak, zuhaiztiak eta larreak, mendiak, ibaiak eta ur jauziak. Bakoitzak badauzka bere berezitasunak".
Besteak beste, Izkiko parke naturalean egun-pasa egiteko txangoa proposatzen du gidak. 25 urte bete dira parkea babestutako eremu izendatu zutenetik, eta aukera ona izan daiteke oraindik ezagutzen ez dutenetzat. Alde batetik, Antoñana eta Korres arteko tartea proposatzen du, zortzi kilometro inguruko tartea, eta beste ibilbide teknikoago bat, beste lau kilometro inguru, bide malkartsu eta zailagotik. Azazetako Ega eta Izki ibaiak modelatutako ebakidura harritsu ikaragarrien artean zabaltzen diren ametz basoak dira protagonista zonalde honetan. "Gainera, ornodunen 150 espezie baino gehiago daude, erdia baino gehiago interes bereziko gisa katalogatuak", nabarmendu dute gidan. Eta paisaiaren eta naturaren aberastasunaz gain, halaber, interes historiko eta kulturala pizten duten herriak ere badaude: Antoñana hiribildu harresitua, monjeek Lañon zulatutako Gobak....
Izkiko parkearen inguruan antolatutako txangoarekin batera, Uribarri Ganboako urtegiaren inguruan egindako itzulia, Guardiako aintzirak, Vasco-Navarro trenbideko ibilbide berdea, Gasteizko Eraztun Berdearen itzulia edota Nerbioiko parke lineala aurki daitezke. Proposamen bakoitzean ibilbidearen deskribapena, fitxa tekniko bat, mapa bat eta ibilbide orria kontsulta daitezke.