Udako ibilaldiak, Araba margotuan zehar

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko uzt. 14a, 08:00

Andetxako elizan, Xabier Egañak margotutako muralak. Argazkia: ZARATEMAN/WIKIMEDIA

Udako oporraldiari egiten diogun omenaldi berezia: bederatzi artelan, modu batera edo bestera Arabako esentzia transmititzen digutenak. Bisita patxadatsuetarako aproposak dira, eta eskualde bakoitzeko turismo bulegoetan informazioa erraz topa daiteke. Udako usaina margolanen artean gozatzeko.

Horma irudiak, paper margotuak, zuhaitz koloreztatuak, elizetako pinturak eta erretaulak, zeramika piezak… Margoek kolore ugariz tindatzen dituzte herrialdeko hamaika txoko; eta inor konturatu  gabe igarotzen dira artelanak eta artistak, oharkabean. Bada, udako oporrak une ezin hobea dira margolanen artea familian deskubritzeko. Arabako mugak zeharkatu gabe, bidaia haluzinagarria egin daiteke, Erdi Arotik XXI. mendera eramango gaituen ibilbide artistikoa Kexaa, Guardia, Elortza, Villanañe, Gazeo, Añua, Andetxa, Gasteiz, Elosu eta Mesantza herriek gordetzen dituzten harribitxiak ezagutzeko.

Bidaia artistikoarekin batera, tokian tokiko gastronomia eta natura ere disfrutatzeko dozenaka aukera daude; egun osoko txangoa borobiltzeko inguruko putzu, igerileku edo errekan oinak busti daitezke; eta gauean, ibilaldiari ginga jartzeko, argi kutsaduratik urrun dauden txokoak aukeratu eta izarrak behatzeko plana egin daiteke. Abuztuaren 11 eta 13a bitartean, gainera, Pertseideak izaten dira, gaueko hamarrak eta goizaldeko ordu biak artean.

Ibilaldi hauen ostean, margolanetara gehiago hurbildu nahi dutenentzat, edo ikusle izatetik margolaria izatera doan urratsa egin nahi dutenentzat, Arabako Arte Ederren Museoak helduentzako lantegi didaktikoak eskaintzen ditu urte osoan, eta uda partean bereziki haurrentzat zuzendutako programa dute. Artium museoak ere udako lantegi irekiak antolatu ditu, bost eta hamabi urte bitarteko haurrentzat, ekainaren 27tik irailaren 1era. Etorkizuneko landareak gaia ardatz hartuta, lorategiko landareak eta barazkiak behatuko dituzte haurrek, eta bildutako ideia horiekin, sorkuntza lanari ekingo diote. 

Baso margotuaren itzalpean

Arcos de Quejana jatetxeak sustatutako proiektua da La Robleda de los sueños (Ametsen hariztia), eta 26 artistak margotutako 26 haritzek osatzen dute. 2021ean inauguratu zuten, eta margotutako zuhaitz bakoitza gobernuz kanpoko erakunde edota fundazio batekin lotu dute, hauen lana bultzatzeko. Magiaz eta kolorez beteriko aire libreko museo hau bisitagarria da, erreserba bidez (945-39 93 20); urtero, proiektuak zuhaitz berri bati ematen dio bizia, margolari berri bati esker. La Robleda de los Sueños ezagutzera hurbiltzen direnek hotel-jatetxearen kanpoaldean dauden bi artelanez ere goza dezakete. Biak Xabier Santxotena eskultorearen lanak dira: Flor de Vida eta Homenaje a Japonia.

Guido Van Helten, ardoaren errainetan

Arteak eta ardoak bat egiten dute Solar de Samaniego upategian, Guardian. Guido Van Helten muralista australiarrak esku-hartze artistikoa egin zuen, 2016an, eta hormigoizko andel zaharrak eraldatu zituen. Zazpi upel handi dira, hamar metroko altuerakoak, eta Van Heltenek zazpi pertsonaia margotu ditu horietan. Inguruko biztanleak dira guztiak  –enologoa, mahastizaina, sommelierra–, ardoaren kulturarekin modu batera edo bestera lotuta. Upategi zaharrak gune monumental eta Arabako Errioxako turismorako ikono berriak bihurtu ziren modu horretan. Solar de Samaniego upategiaren instalazioak bisitatzeko ibilbidean sartzen da Van Helten-en muralen bisita gidatua. 

Trenbidearen tunelean, arte galeria

Orotara, 45 interbentzio artistiko ikus daitezke Elortza eta Zikuiano lotzen dituen antzinako Vasco Navarro trenbidearen tunelean, Arabako Mendialdean. Irantzu Lekue artista gasteiztarraren esku-hartze artistikoak dira, eta herritarren parte hartzearekin egin dira. Besteak beste, Mendialdeko pertsonaia historikoak, gertaerak eta animaliak ageri dira tunelean. Isaac Puente mediku anarkista dago, adibidez. Sorginkeriaz akusatu zituzten eskualdeko emakumeak ere ageri dira margoetan, zonaldeko animaliak –basurdea edo amuarrainak, kasu–, eta trenarekin zerikusi estua duten gertaera historikoak. Bidearen Aztarnak proiektuaren parte dira margoak, Vasco-Navarro ibilbidearen garrantzia nabarmentzeko egindakoak.

XIX. mendeko paper margotuen magia

Villanañeko Varonatarren dorretxeko gela nagusien hormetan, XIX. mendeko paper margotu panoramikoak daude. Harribitxia. Garaiko moda, tradizioa eta industriaren lekuko biziak dira. Bi areto nagusietan, gainera, paper margotuen izarrak itsatsirik daude: Parisko multzo panoramikoak. 25 oihalez osatua dagoen Compiègneko ehiza erakusten dute Kixoteren aretoaren paretek. Jauntxoen kabinetean, berriz, 1818ko Espainiako bistak paper panoramikoa ikus daiteke. Margolariak, marrazkilariak, ornamentu-egileak eta grabatzaileak jardun ziren lanean, eta bere ezagutza teknikoak eta artistikoak islatu zituzten. Bisitak Gaubeako turismo bulegoak antolatzen ditu (945-35 30 40).

Erdi Aroko aztarnak, eliza gorrietan

Oso ezaguna da Erdi Aroan eliza askok beren hormak monokromiaz eta polikromiaz estaltzen zituztela, benetako artelanak paretetan sortzen. Gaurdaino, kare-geruzek ezkutatutako edo, besterik gabe, desagertutako pintura asko iritsi zaizkigu. Araban polikromia horien lau adibide ditugu: Añua, Arbulu Alaitza eta Gazeo. Kasurik ikusgarriena Alaitzako Jasokundeko Andre Mariaren elizako margoak dira. Gerra eta eguneroko eszenak dituzten pintura gorrixkek istorio bat kontatzen digute. Historia hori oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zein den, eta galdera asko uzten ditu airean, halere. Arabako Lautadako Turismo Bulegoak antolatzen ditu bisitaldiak (945-30 29 31).

Andetxako eliza pintzelatuari bira

Gasteiztik hamar kilometrora, Andetxan, Arabako landa eremua biziberritzeko programarik garrantzitsuenetako eta berezienetako batez goza daiteke. Herriko bizilagunek bultzatutako Pinturas para la vida (Bizitzarako margoak) izeneko muralen proiektuak nazioarteko erreferentzia bihurtu du San Miguel Goiangeruari eskainitako eliza, bere dimentsio, gai eta egitura artistikoagatik. Xabier Egaña artista plastiko ezagunaren lana da, eta horma irudiek erlijio eszenak batzen dituzte eguneroko gaiekin eta gai sozialekin, estilo espresionista eta koloretsuaren bidez, Picassori, Münchi edo Günter Grassi erreferentzia eginez. Bisitak egin daitezke: www.pinturasparalavida.com -en erreserba eginez.

Hiriburuko horma irudien xarma

"Emozioak eta aldarrikapenak kolorearekin hiriko fatxadetan: ezagutu ezazu aire zabaleko arte galeria bat, lankidetzan sortutako horma-irudiz eratutakoa". Gasteizko turismo bulegoak urte osoan eskaintzen du hiriko horma irudiak ezagutzeko ibilaldi gidatua (945-16 15 98). Christina Werckmeisterrek, Veronica Werckmeisterrek eta Brenan Duartek sortu zuten, 2007an, Gasteizko Muralen Ibilbidea; hasieran, 13 horma apaindu zituzten, Alde Zaharrean, bizilagunekin eta gizarte eragileekin kolaborazioan. 2013an, berriz, esperientzia Zaramagara zabaldu zuten, eta bertan, 1976ko martxoaren 3ko gertaeretan oinarritutako lehen mural erraldoia egin zuten. Egun, guztira, 19 mural bisitatu daitezke hiri osoan.

Urdina, berdea eta marroia, zeramikan

Kobaltoa urdina egiteko, kobrea berdearentzat eta burdina edo manganesoa marroiarentzat. Horiek dira euskal zeramikaren kolore tradizionalak. Izan ere, euskal zeramika oso gutxi apaintzen da, Blanka Gomez de Segura Euskal Buztigintza Museoaren sortzaile eta kudeatzaileak bisitariei ondo azaltzen dien moduan: "Dekorazioa hegoaldeko herriena da, arabiarrek apaingarriei lotutako kultura dute, gehiago gustatzen zaie piezak apaintzea. Izan ere, eztainu opakuzko esmalte zuri bat egiten zuten, eta hori da hemengo zeramikan erabiltzen dena XV. mendetik". Elosuko Ollerieta auzoan dagoen Euskal Buztigintzaren museoan (945 455145) piezak nola egiten diren eta ontzien dekorazioa ikus daitezke.

Erretaula bitxienak, eliza txikietan

Trebiñuko Konderria Errioxarekin lotzen zuen bide zaharrean kokatuta, Mesantza herriak, XVI. mendetik, ez du inoiz izan sei edo zortzi familia baino gehiago. Gaur egun, pertsona bakar bat bizi da bertan modu iraunkorrean. Horregatik deigarria da herriak bere elizako erretaula platereskoa bezalako bitxi bat izatea. XVI. mendeko erretaula nagusia zazpi pintura errenazentistez osatuta dago, plateresko estiloko multzo arkitektoniko batean bilduta; zutabeak eta panelak gruteskoz apaindutako dekorazio fin batez beteta daude, garai errenazentistako oso lan tipikoa. Azken urteetan, hainbat diru laguntza jaso ditu Arabako Apezpikutzak Mesantzako Jasokundearen elizaren erretaula berreskuratzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago