Uda iritsita, zibilizaziotik aldenduta dagoen toki urrun eta exotiko baterako espedizio baten antolakuntza egitea zeharo konplikatua izan daitekeela eman dezake, baina esploratzaile batek aurrean izan ditzakeen ziurgabetasunak Barrio Sésamo baten parekoak dira txakur baten jabeak dituenekin alderatuta.
Izan ere, txakur batekin bidaiatzean zer egin daitekeen jakitea zeharo konplikatua da gehienetan. Ostatu hartzea izan ohi da ebazteko errazena, hotel, kanpin eta bestelako ostatuetan argi adierazi ohi dutelako txakurrak onartzen dituzten ala ez, eta, hala izatekotan, zein baldintzen arabera egiten duten. Baina behin ostatuaren atetik aterata, benetako abentura hasten da zorigaiztoko jabeentzat.
Horretan laguntzen saiatzeko, erakunde publikoek informazio pixka bat ematen dute. Kasurako, Jaurlaritzaren turismo.euskadi.eus webgune ofizialak Francis Drakeren hizkuntzari heltzen dio dog-friendly diren establezimenduei buruzko informazioa biltzeko, eta Doggy etorri! leloarekin ere ausartu dira. Bertan, hainbat proposamen biltzen dituzte, eta Euskadi Txakurrarekin edo eta Gasteiz Txakurrarekin bezalako esku-orriak ere eskuragarri daude. Arabari dagozkion proposamenen artean, Gasteizko Alde Zaharra eta Zabalgunea, Eraztun Berdea, Uribarri-Ganboako urtegia, Caicedo-Yuso, Delikako ur-jauzia eta Arabako Errioxan zeharreko ibilbideak daude; beti ere, aire zabaleko espazioetan. Indarrean dagoen araudiaren laburpena egiten dute esku-orrietan, argi utzita janaria biltegiratu eta manipulatzeko lokaletan ez dagoela animaliekin sartzerik. Gainerako kasuetan, enpresaren edo erakundearen araberakoa da erabakia, edo eta udal araudien araberakoa ere. Kasurako, EAEn legeak onartzen du animaliak tabernetara sartzea, lotuta, baina tabernariek sarbidea ukatu dezakete, sarreran hori adierazten baldin badute. Dena dela, gero eta gutxiago dira bezeroak galtzeko prest dauden merkatariak. Kasurako, Gasteizen, hiriko merkatalgune handienak duela hainbat hilabetetik hona txakurrak sartzea baimendu du.
TXAKURRAREKIN OPORRAK PRESTATZEA BENETAKO ABENTURA da: USU INFORMAZIO NAHIKORIK EZ DAGO
Museoen kasuan? Madrilek animalien ongizaterako onartu duen azken legearen arabera, berdin gertatzen da: animaliei onartzen zaie eraikin publikoetarako sarbidea, baina, modu berean, agintariek sarbide hori debekatu ahal dute, adierazte soilarekin. Beste behin ere, abentura hirugarren baten esku geratzen da.
Arrastorik gabe
Garraioan, antzeko nahasmena dago. Kasurako, Gasteizen animaliek ez dute sarbiderik busetan, kutxa garraiotzaile baten barruan ez bada. Tranbian, ordea, bai, Euskotrenek Arartekoaren gomendioa aintzat hartu zuenetik. Tren turistikoan? Gasteizko Turismo Bulegoan ere ez dute oso garbi kontua, eta trenaren arduradunari galdetzeko eskatu dute.
Aldundiaren turismo web ofizialean, berriz, gaiari buruzko arrastorik ez dago. Atariaren gaztelerazko bertsioa da txakurrei buruzko informazio gehien biltzen duena: bilatzailean perro jartzean, 11 emaitza ateratzen dira. Horietatik, batek ere ez du txakurrekin bidaiatzeari buruzko informaziorik ematen. Artzain txakurren gaineko informazioak edo eta eliza erromanikoetako harburuei buruzko aipamenak baino ez. Beste hizkuntzetan ere, agertokia antzekoa da, baina informazio urriagoarekin. Ingelesezko bertsioan, dog bilaketak sei emaitza ematen ditu. Frantsesezkoan, chien jarrita bost artikulu agertzen dira. Euskarazko bertsioa da emaitza gutxien ematen dituena: hiru baino ez. Hizkuntzaren gaiari erreparatuta ez du ematen egoerak hobera egingo duenik, aldundiak turismo ataria kudeatzeko egin duen azken lizitazioan enpresari eskatzen diotelako euskarazko eduki berrien kopurua ingelesaren eta frantsesaren parekoak izatea: gazteleraz idatzitakoen erdia. Baina hori beste egun baterako abentura izango da.